Zein da euskararen hitzik ederrena? Bidali zeurea Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko
Amatxi, Altxalilia, Xirimiri, Askatasuna, Ura, Txantxurtxue, Aloso, Laztana... Zein izango ote da? Eusko Ikaskuntzak sarean euskararen hitzik ederrena aukeratzeko kanpaina jarri du abian, 2010eko Euskararen Nazioarteko Egunaren (ENE) ospakizuna dela eta. Bidal ezazu zure hitzik kuttunena, azalduz zergatik, ENEren webgunera azaroaren 29a baino lehen eta Kukuxumusuk Euskararen Egunerako diseinatutako elastiko bat lortu ahal izango duzu.
Donostia-San Sebastian. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da datorren abenduaren 3an, eta urtero legez Eusko Ikaskuntza internet bidez ekimen honen aldeko ekarpenak biltzen ari da. Aurtengo deialdia Eusko Ikaskuntzako Ei Gazte! Sariaren irabazleak, Blanca Lopez de Juan Abad gasteiztarrak, proposatutako ideia da: euskararen hitzik ederrena aukeratzea.
Dagoeneko sarean dira proposamen batzuk jada, tartean Bernardo Atxagak, Benito Lertxundik edo Pedro Miguel Etxenikek, adibidez, aukeratutakoak. Eta zer esanahi ote dute Altxalilia, Txantxurtxue, Aloso edo Martxirdil hitzek? Jakin nahi duenak webgunera jo beharko du.
Diasporatik ere egin dituzte batzuk ekarpenak jada: Elaine Mendina euskal-uruguaitarrak adibidez, Txaparra aukeratu du, gazteleraz utzitako iruzkinean.
Bota zuk zeurea! Bidal ezazu zure proposamena hona.
Orain arteko proposamen batzuk:
Bernardo Atxaga
BABES
“Nik Babes hitza aukeratu dut bere soinuagatik, “B” hotsa lehenengoa delako gure bizitzan, oinarrizkoa. Bere esanahiagatik beragatik ere. Aldi berean, denok ezagutzen eta ulertzen dugun hitz bat delako.”
Benito Lertxundi
ARGIÑABARRA
“Ikaragarri gustatzen zaidan hitz bat da eta hitzetik-hortzera erabiltzen dudana.
Erdi piktorikoa da, kromatikoa, argi-koloreekin jolasten duena eta kutsu poetiko baita misteriotsu bat daukana."
Pedro Miguel Etxenike
AMATXI
“Hitzak ez du azalpenik behar.”

tximeleta
Amalur