Hemen zaude: Hasiera Albisteak Veronica Domingo argentinarrak jaso du Mintza Eguneko saria, berbalagun bezala egin duen lanagatik

Veronica Domingo argentinarrak jaso du Mintza Eguneko saria, berbalagun bezala egin duen lanagatik

2012/05/30

Argentinan jaio eta hazitako euskalduna da Veronica Domingo gaztea, eltze askotako burruntzalia. Euskarari dion maitasun sendoak bultzatuta, Euskal Herrian bizi denez geroztik Mintzalaguna izeneko egitasmoan hizkuntza praktikatzen lagundu dio makina bat bertako euskara ikasleri. Hori dela eta, aurtengo Mintza Egunean saria jaso du Veronicak. Atzera begira, harriduraz gogoratzen du Argentinan euskara ikasteko egin zuen ahalegina eta militantzia; horregatik ezin du ulertu Euskal Herrian hizkuntza eskura izan eta ikasten ez saiatzea. Izan ere, Veronicarentzat euskara "familia da". Berarekin mintzatu da EuskalKultura.com.

Vitoria-Gasteiz. Veronica Domingo argentinarra abokatua eta Nazioarteko Harremanetan aditua da. Gasteizen bizi da egun eta iaz Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarraren antolakuntzan ibili zen buru-belarri. Diasporako euskalduna da bera, eta euskarak beti izan du berebiziko garrantzia bere bizitzan. Argentinan hazitako euskaltzale hau, jasotakoa bueltatzen eta partekatzen saiatu da Euskal Herrira etorri denez geroztik. Ekarpen ederra egin du eta Mintzalaguna saria da horren seinale.

"Euskara familia da"; horrela laburbiltzen du Veronicak bere pasioa. Veronicaren aita errenteriarra da, Argentinan hazia, eta bere amak, argentinarra izanik, jatorri euskalduna dauka --"birraitona nafar bat", baiesten du Veronicak--. Gogoan du euskara entzun zuen lehen aldia: amonaren sukaldean izan zen eta amonak lagun batekin "kantuan bezala" hitz egiten zuela pentsatu zuen bost urteko neskatilak. "Barre asko egiten zuten biek eta zertaz ari ote ziren jakin nahi nuen nik", dio.

Argentinan euskaraz bizi

Koskortzean, agian jakinmin hori asetzeko, Mar del Platako euskal etxean hasi zen euskara ikasten eta Tandileko barnetegira joan zen, HABEren 'Argentina Euskaraz' egitasmoaren barruan. Hasieran ikasle bezala; bigarren urtetik aitzina euskara ikasle eta irakasle lana uztartuz. Mar del Platan Artaburu Euskaltzale Taldearen sortzaileetako bat izan zen eta Argentinako hiri honetan euskal ekimen asko sustatu zituen. Ikastaroetan ikasten, irakasle lanetan, Artaburu taldean... euskarari ordu asko eskaini zizkion Veronicak. "Lan piloa egiten genuen, baina pozik, Argentinan euskaraz bizitzea lortu bainuen", aitortzen dio EuskalKultura.com-i.

"Gauza polit asko egin genituen Mar del Platako euskara ikasle, dantzari eta Artaburuko jendearekin, denetaz harro nago, baina bateonbat aipatzekotan bi azpimarratuko nituzke; alde batetik “Ikastolen jaiak” (Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats); bestalde, Pello Mari Otaño bertsolaria protagonista izan zuten zenbait ekitaldi", dio Veronicak. "Otaño izan zen Argentinako 'lehenengo euskara irakaslea', orain 100 urte baino gehiago, baina azken urteetan ahaztuta egon da, geuk 2004ean omenaldia antolatu genion arte".

Euskal Herrian euskalgintzan

Orain beste sari bat jasoko du Veronicak, Euskal Herrian euskara ikasten ari direnei laguntzeagatik, Mintzalaguna egitasmoaren barruan. 2007an hasi zen berbalagun lanetan, Algortara bizitzera etorri zenean. "Jendea ezagutzeko bide bat izan zen niretzat", azaltzen du. 2009an Gasteizera bizitzera etorri eta handik gutxira hiriko berbalagun taldean izena eman zuen.

Batzuek argentinar bat euskaraz entzutean harritu egiten direla onartzen du, baina ez dio garrantziarik eman nahi, egitasmoan istorio berezi eta interesgarridun lagun asko daudela esanez bezala. "Bereziki Euskal Herrian euskalgintzan lan egiten duten honako Diasporako kideak aipatu nahi nituzke, neu bezala Argentinan Euskaraz programaren bitartez euskaldunduta:

-Juan Abasolo, Buenos Aireskoa, Zornotzako Barnetegian aritzen da euskara eskolak ematen
-Maite Bilbao, Necocheakoa, Hernaniko AEK euskaltegian aritzen da irakasle
-Rozio Luces, Montevideokoa, Egizu Getxo Euskaldun elkartean lan egiten du, Algortako Berbalagunen arduraduna da, eta Topaguneko Batzordean ere badabil. 2005ean Mintza Eguneko saria eman zioten
-Marina Paglialunga, Buenos Aireskoa, Euskara Teknikaria Elhuyar Aholkularitzan
-Maite Iturre, karrera egin zuen EHUn euskaraz, klaseak ematen ditu unibertsitatean eta politikan dabil

Horiek guztiek, eta orain gogora etorri ez zaizkidan beste batzuk ere, merezi dute Mintza Eguneko saria, Euskal Herritik kanpo euskaldunduak, baina Euskal Herrian euskararen alde lanean", amaitzen du Veronicak.

Zorionak Veronica

Mikel — 2012/06/06 19:30
Zorion bero-beroenak, Veronica, eta oraindik ere, lan handia egiten, baina enplegu edo lanposturik gabe segitzen baduzu, zorterik handiena izan dezazula eta lana lehenbailehen topa dezazula.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Veronica Domingo argentinarrak jaso du Mintza Eguneko saria, berbalagun bezala egin duen lanagatik

Veronica 2008ko Algortako Mintza Egunean, Patxi Perez dantzariarekin. "2001ean Mar del Platako Euskal Astean ezagutu nuen, eta berriro topo egin nuen berarekin Algortan", dio Veronicak. Euskalgintzak makina bat lagun ekarri dizkio argentinarrari

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita