euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uztailaren 26an ospatuko dute 2014 Arrantzale Eguna New England-eko euskaldunek, AEB ekialde kostaldean

2014/07/22

Lagunarte ederra batu zen iazko Arrantzale Egunean, hamaika urte jaialdia ospatu barik egon eta gero. Aurten, seguru, askoz gehiago (Naiara Azpiri)
Lagunarte ederra batu zen iazko Arrantzale Egunean, hamaika urte jaialdia ospatu barik egon eta gero. Aurten, seguru, askoz gehiago (Naiara Azpiri)

PUBLIZITATEA

Ondarroa aldean abuztuaren 17an ospatu ohi bada ere, aurten, uztailaren 26an antolatuko dute Arrantzale Eguneko bazkari eta elkarretaratzea New Englandeko euskaldunek (AEB). Connecticut-en, Bridgeport herriko Dolphin’s Cove Marina jatetxean izango da eta 50 lagunetik gora batzea espero dute, “80 igual be”, Naiara Azpirik, Euskal Etxeko delegatuak, Euskalkultura.com-i esan dionez.

Bridgeport, AEB. Irailaren 6an urteroko Euskal Etxeko bazkaria izango dutelako, ekitaldiak elkarrengadik segituegi ez egitearren, aurreratu dute aurtengo Arrantzale Eguna New Englandeko euskaldunek. Arrain zopa eta paella izango dute larunbatean jateko, Naiararen aita Luis Azpirik egina lehena eta Francisco Martijak, Jose Ramon Ajak eta Juan Urkidik bigarrena. “Restaurante portugesa da Dolphin’s Cove baina (jabeak) ezagutzeosku eta guk sukaldetan dogu eta ez dogu ezer pagau behar”, esan digu Naiara Azpirik. Edariak, ordea, bai pagatu beharko dituzte hara doazenek.

Arratsaldeko ordu batean dira jatetxean batzekoak eta, sukaldariek zopa eta paella egin bitartean, aperitiboaz gozatu ahalko dute hara doazenek. 10 dolar ordaindu beharko ditu bakoitzak bai eta etxetik janaurreko edo postreren bat eraman. Aita ondarroarra eta New Porteko ama duen Mikel Arambarri musikaria ere bertan egotea espero du Azpirik, “Mikel Laboaren kantak edo Boga-Boga eta holakuk kantetako”. Abesti ezagunen hitzak inprimatu nahi ditu delegatuak, denen artean abestu ahal izateko, “batzuk 40 urte daroelako hemen eta ez diralako akordetan”. Iluntze aldera arte iraungo du jaiak.

Itsasaldean dago Dolphin’s Cove Marina. “Uretan zagoz. Pixkat bertako girue eukiteko moduen”, azpimarratu digu Azpirik, Ondarroako giroa gogora ekarriz. Aspaldiko erlazioa daukate jatetxeko jabeek bertako euskaldunekin, horra joaten baitziren pilotariak frontoitik atera ostean. 2002an zarratu zuten frontoia.

1988. urtean antolatu zuen Arrantzale Eguneko bazkaria, lehen aldiz, Luis Azpirik. Ondarroatik Ameriketara etorritako pilotari orain erretiratuak marmitakoa prestatu zuen eta bere horretan mantendu zuen menua, urteroko bazkarian, 2002.era arte. Ordutik iaz arte ez zuten berriro Arrantzale Eguna ospatu.

Jai Alaia zarratu zenetik “gitxitan batu gara euskaldunak”, aitortzen du Naiara Azpirik. Horregatik eta bere aitak hasitako tradizioa berreskuratu nahian, jatetxe berean antolatu zuen bazkaria iaz. 52 lagun batu ziren eta aurten “80 igual be” joatea espero du. Euskaldunak izango dira gehienak baina, tartean, lagun estatubatuar batzuk ere bai agertuko dira.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia