euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu lehendakariak Euzko Etxearen Mendeurrenean parte hartuko du, gaur hasiko duen AEBetarako bidaiaren baitan

2013/10/08

Iragan irailean, Iñigo Urkullu lehendakariak Gaztemundu programako gazteei harrera egin zien Gasteizen Lehendakaritzaren egoitzan (argazkia Irekia)
Iragan irailean, Iñigo Urkullu lehendakariak Gaztemundu programako gazteei harrera egin zien Gasteizen Lehendakaritzaren egoitzan (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur abiatuko da AEBetara, bertan astebeteko bidaia ofiziala egiteko. Bidaiaren helburua Euskadiren garapen-arlo guztiak ezagutaraztea da: politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia AEBetan da dagoeneko, ekonomia-arloko zereginetan. Asteburuan New Yorken izango da Urkullu, Euzko Etxea elkartearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartzeko, AEBetako euskal komunitatearekin batera.

Vitoria-Gasteiz. Iñigo Urkullu lehendakariak AEBetara lehendabiziko bidaia ofiziala hasiko du gaur eta, horren baitan, hainbat bilera egingo ditu herrialde horretako ekonomia- eta enpresa-eragileekin, Senatu eta Kongresuko ordezkariekin, akademia-munduko pertsona ospetsuekin eta Solomon R. Guggenheim Foundation-eko ordezkariekin.

Euskal Diasporari ere tarte zabala eskainiko dio Lehendakariak bisita honetan; izan ere, asteburuan New Yorken izango da hiri honetako Euzko Etxea elkartearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartzeko, AEBetako euskal komunitateko ordezkaritza zabal batekin batera. 

Garamendi kongresistarekin

Bihar hasiko dira Iñigo Urkullu lehendakariaren ekitaldi ofizialak, Washington hirian. Han, AEBetan dauden euskal enpresen ordezkariekin bilduko da. Ondoren, AEBetako Senatuan Risch senatariarekin bilera egingo du eta jarraian Kongresuan John Garamendi kongresista euskal-kaliforniarrarekin izango da. Arratsaldez, Estatu Departamentuko Europako Gaien arduradun Julieta Valls Noyes-ekin bilduko da, eta, eguna amaitzeko, Washingtongo Euskal Etxeko arduradunekin topaketa egingo du. 

Ostegunean, Urkullu Milwaukee hirian izango da, Ingeteam enpresak bertan duen planta bisitatzeko. Hiriko alkatearekin bilera egingo du ondoren Lehendakariak.

New Yorken

Ostiralean, Lehendakaria New Yorkeko Columbia Unibertsitatean akademia munduko pertsona ospatsuekin bilduko da eta euskal garapen-ereduari buruzko aditu-mahai batean parte hartuko du.  Arratsaldean Salomon R. Guggenheim Foundation & Museum New York erakundearekin bilera egingo du. Han izango da ere Jose Luis Bilbao, Bizkaiko Aldun Nagusia. Bileraren helburua Bilboko Guggenheim Museoaren hitzarmena berritzea da, 2014ko abenduan amaitzen baita egun indarrean dagoena. 

Larunbatean Lehendakariak Dorre Bikien atentatueko biktimen omenezko Memorial 9/11 gunea bisitatuko du eta ondoren AEBetako Euskal Etxeen federazioaren bileran parte hartuko du Euzko Etxean. Arratsaldean New Yorkeko euskal elkartearen Mendeurreneko ekitaldietara bilduko da Urkullu eta Brooklyngo East River State Park-en egingo den dantza erakustaldian izango da.

Mendeurreneko Gala

Igandean, Euzko Etxearen Mendeurreneko ekitaldiekin jarraituz, Urkullu Saint Patrick Katedralean egingo den euskal mezan izango da. New Yorkeko artxibarrutiko gotzain laguntzaileak, Josu Iriondo legazpiarrak, emango du elizkizuna. Arratsaldean, Lehendakariak Euzko Etxearen Mendeurreneko Galan parte hartuko du eta AEBetako euskal komun¡tateari hitz batzuk zuzenduko dizkio.

Bidaia astelehenean amaituko da, Lehendakariak New Yorkeko Euskadiren ordezkaritzara egingo duen bisitarekin.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia