Anne Etchegoyen kantariak tangoa eta euskal musika uztartzen dituen bira egingo du bi kantari argentinarrekin
Diasporan sorturiko bira da asteartean Anne Etchegoyen kantariak hasiko duena; izan ere, orain urte batzuk Argentinako euskal etxeetan eman zituen kontzertuen bidez ezagutu zituen Annek herrialde hartako musikari eta kantari asko. Harreman horretatik sortu da orain argentinar musikaren bi ikonoekin -María Volonté eta Mavi Díaz-- bira egiteko aukera. Hiru emanaldi egingo dituzte, tangoa, rocka, folklore argentinarra eta euskal musika uztartuz: asteartean Baionan, urriaren 6ean Bordelen eta 8an Burgosen.
Esan Ozenki diskoetxe historikoaren katalogoa sarean entzungai; Muguruza Donostia eta Mexikoko zinemaldietan
Egun desagertua den Esan Ozenkik Negu Gorriak talde famatuaren lanak plazaratu zituen, besteak beste. Orain, bere sorreraren 20 urteurrena dela eta, sarearen bidez zabalduko da diskoetxearen katalogoa eta musikazaleek streaming bidez doan entzun ahal izango dute. Diasporako euskaldunen artean zale asko ditu Negu Gorriak taldeak, batez ere Argentinan eta Mexikon. Eta azken herrialde honetan, hain zuzen, izango da hil honen hondarrean Fermin Muguruza musikaria, Mexiko Hiriko Dokumental jaialdian 'Next Music Station' saila aurkezten. Eta aste honetan Donostiako Zinemaldian.
Beñat Fuentes musikari euskaldunaren 'The tree' diskoa astebetez izan da lehenengoa Asian
Berez Mungian (Bizkaia) jaioa eta duela hiru urtedanik Txinan bizi dena, Beñat Fuentesek Xujun bere lagun ekialdetarrarekin sortu zuen 'The tree' taldea, eta orain, taldearen izena bera daraman piezarekin astebetez izan da lehenengo postuan Txinako musika-ataririk handiena den Xiami.com-en. Horren eraginez, asiar erraldoiko zenbait hiri bisitatu ditu egin ahal izan duen kontzertu-bira batean. Bere kantu gehienak ingelesez dira, eta batzuetan tarteren bat txineraz edo euskaraz sartu izan du. Arantza Rodriguezen artikulua Deian.
Urtero egiten da AEBetan 'Euskal Kantari Eguna'; bertako kronika Mattin Etxamendiren eskutik
Urtero ospatzen da Estatu Batuetan 'Euskal Kantari Eguna'. Hastapenean, beti Nevadako Gardnerville herrian, eta azkeneko urteotan 'every other year', alegia, urte batean Gardnervillen, hurrengoan beste nonbait eta ondoko urtean berriro ere Gardnervillen. Aurten, dena den, Nevadako hiriburu den Carson City-tik hurbil den herri txiki honetan egin da. Ekitaldiko aurkezlea, edo hemen 'MC' edo Master of Ceremonies deitzen dutena, Mattin Etxamendi izan da, eta berak idatzi dizkigu honako lerroak Baionako Herria astekarian, gertatutakoaren kronika eginez.
Sao Pauloko 'Semana Basca'n aritu ostean, Joseba Gotzonek Txilen eta Argentinan segituko du bere bira
Joan den asteburuan Itapeviko Euskal Etxeak antolatutako 'Semana Basca'n aritu ostean, Joseba Gotzon kantari portugaletetarrak aurrera darrai Hego Ameriketan gaindi hasitako birarekin eta aste honetan bertan Txilen arituko da kantari: ostegunean, irailaren 9an, Viña del Mar-en arituko da, bertako Eusko Etxearen eskutik, eta larunbatean, berriz, Santiagon, hiriburuko Estadio Español-en, bertan egoitza duen 'Colectividad Vasca de Chile' euskal etxearen eskutik. Datorren astean Argentinara pasatuko da, hiru emanaldi eskaintzeko izan ere aurkezgai dakarren 'Lau hormen artean' diskoa grabatu zuen herrialdean berean.
Aste honetako New York eta Rhode Island-eko kontzertuekin bukatu du Urko Menaiak AEBetan egin duen bira
Arrakastatsu ari da, eta leku gehienetan aurretik erreferentziaz baino ez bazuten ezagutzen, lagun eta zale ilara uzten ari da Urko Menaia kantari donostiarra Ipar Ameriketan barrena, bost euskal etxeren eskutik, egiten ari den kontzertu-biran. NABO antolatzaile eta Eusko Jaurlaritza laguntzaile, hiru kontzertu eman ditu jadanik, Kanadako Vancouverren abuztuaren 6an bira abiatu zuenetik. Atzo, Coloradoko Littleton-en kantatu zuen eta datorren aste honetan, azkeneko bi emanaldiak gelditzen zaizkio: ostegunean New Yorken eta larunbatean Portsmouth-en, Rhode Island estatuan.
Ibaimusic.com atarian euskal musika ia guztia eros daiteke: 17.000 kantu biltzen ditu diskodenda digitalak
Ibaizabal argitaletxeak sustatzen duen ekimena da www.ibaimusic.com ataria eta bertan internet erabiltzaileek Euskal Herrian egiten den musika ia guztia eskura dezakete: 17.000 euskal kantu eta 1.300 disko eskaintzen ditu webguneak. Atariak estilo desberdinetako lanak biltzen ditu eta kantu deskatalogatu eta zaharrak ere jarri ditu eskuragarri. Horrez gain, atariak diskoetxerik ez duten euskal talde eta kantariei euren lanak sarean jarri eta saltzeko aukera emango die.
Etxepare Institutuak Euskal Herritik kanpo musika eta dantza birak egiteko dirulaguntza deialdia egin du
Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura nazioartean sustatzen dihardu, eta aste honetan euskal musikari eta dantzariei zuzenduriko bi dirulagunza deialdi berri argitaratu ditu. Lehena, musika bira profesionalak egiteko eta musika azoketan parte hartzeko laguntza da, eta bigarrena, dantza birak egiteko. Biak ala biak Euskal Herritik kanpo eta aurten egingo diren ekitaldiak sustatzea dute helburu. Eskabideak abuztuaren 22a arte aurkez daitezke.
Berri Txarrak taldeak 'Independent Music Award' sarietako bat irabazi du 'Folklore' kantuarekin
Independent Music Awards lehiaketan Vox Populi saria jaso du Berri Txarrak taldeak, punk abesti onenaren atalean. Vox Populi sailean mundu osoko musikazaleak dira epaile eta eurek internet bidez emandako botoei esker jaso du 'Folklore' kantuak sari hau. Orotara, mundu osoko 57.000 bat zalek eman dute botoa lehiaketan, Berri Txarrak-ekoek euren webgunean azaldu dutenaren arabera. 'Folklore' kantua taldeak 2009an argitaratu zuen 'Payola' diskoan agertzen da.
Siroka talde euskalduna 'Eurovision alternatiboa' gisa ezagutua den jaialdiko finalisten artean aukeratua
Eurovision alternatiboa esaten diote Liet International jaialdiari; izan ere, hizkuntza gutxitu edo minorizatuetan abesten duten europar taldeek parte hartzen dute bertan. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango du, eta momentuz aukeratu dituzten finalisten artean Siroka talde bizkaitarra dago. Datorren azaroaren 19an egingo da jaialdia, Italiako Udine hirian, eta finalistek euskaraz, udmurteraz, vepsiaeraz, eskoziar gaeleraz eta irlandar gaeleraz ariko dira, besteak beste.
