"Hi Kantari" kantutegiko abestien letrak eta doinuak sarean jarri dituzte Ipar Amerikako euskal etxeek
"Aberriaren mugak" kantutik hasi eta "Xarmangarria zira" abestiraino; ia 80 kantu igo ditu bere webgunera NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak. Abestiak duela zenbait urte bildu zituen federazioak "Hi Kantari" izeneko bilduman, euskal-amerikar komunitateko kideen artean kantatzeko ohitura mantentzeko eta suspertzeko asmoz. Orain eguneratu egin dute kantutegia eta teknologia berriei esker eskuragarri jarri dute interneten: NABOren webgunean daude abestien letrak eta doinuak, mundu osoko kantazaleek balia ditzaten. Gainera, smartphone edo mugikorren bitartez ere kontsulta daiteke webgunea.
Felipe Gorritiren 'Meza Re-n', estreinaldia Euskal Herritik kanpo datorren larunbatean Buenos Airesen
Larunbat honetan Buenos Aireseko Todos los Santos abesbatzak eta Denak Bat Camerata taldeak Felipe Gorriti musikagile nafarraren 'Meza Re-n' estreinatuko dute, lehen aldiz Euskal Herritik kanpo, Xabier Iñaki de Arza Blanco maixuaren zuzendaritzapean. Felipe Gorriti (1839-1896) uharte-arakildarraren lan honen partitura Eresbil Euskal Musika Artxibategiaren bitartez eskuratu dute bi taldeek, eta estreinaldirako digitalizatu egin behar izan dute. Kontzertuaren programa Mozarten 'Vesperae Solennes de Confessore' lanarekin osatuko da.
