Euskal Gizataldeen 36. Mundu Txapelketaren programa aurkeztu du Santiagoko Euzko Etxeak
Txileko Santiago hiriko Euzko Etxea da aurtengo Euskal Gizataldeen Mus Txapelketaren antolatzailea eta, ekitaldia oraindik urrun dagoen arren, elkarteak ezagutzera eman du, jada, ekitaldiaren behin-behineko egitaraua. Urriaren 26tik azaroaren 2a bitartean jokatuko da, Puerto Varas hirian. Gune turistikoa da, Los Lagos eskualde ezagunean; hori dela eta, muslariek eta eurekin datozen ordezkariek hainbat bisita eta txango egiteko aukera izango dute.
Giro bikaina eta lehia handiko partidak Limako Mercomus 2013 txapelketan: Txileko muslariak garaile
Iragan larunbatean amaitu zen Mercomus 2013 mus txapelketa, Limako Euskal Etxeak antolatuta. Lehia handia izan da edizio honetako partidetan, eta azkenean, Txileko ordezkariak, Jorge eta Lukas Oyarzun aita-semeak, izan dira garaile. Bigarren postuan sailkatu zen Argentinako bikotea, Jose Luis Macchik eta Rolando Biascok osatua. Hirugarren postua, berriz, etxean gelditu zen, Peruko ordezkari Jose Luis Lopezek eta Carlos Lombardik eskuratu baitzuten (bikote hau izan zen iaz Txileko Santiagon egin zen Mercomuseko irabazlea).
Luis Moreno eta Juan Mutuberria chascomustarrak Macachingo euskal etxeko Mus Txapelketako irabazleak
Rosario, Chascomus, Balcarce, Mar del Plata, Junin eta Macachingo bertako muslariek hartu zuten parte aurten Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak antolatutako San Migel Mus Txapelketan. Irabazlea, ordea, bikote bakarra izan behar eta lehiaketaren 2012ko edizio honetan Luis Moreno eta Juan Mutuberria chascomustarrak geratu ziren lehenengo postuarekin. Iaz bezala, kartetan aritu ziren kideek Euzko Alkartasuna Hotelean hartu zuten ostatua. Txapelketa irailaren azken asteburuan izan zen eta elkarretaratzearen baitan erakundeko lehenengo dantza irakasle izandako Mikel Menayari eta Maria Julia Ercorecari omenaldia egin zitzaien.
Munduko XXXVI. Mus Txapelketa Txilen egingo da 2013an, 2014koa Mexikon eta 2015ekoa Uruguain
Euskal Gizataldeen arteko Mundu Txapelketaren XXXV. edizioa bukatu berria delarik, Vancouver-ko (Kanada) Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzaile, hartuak dira dagoeneko erabakiak datozen urteetako planei begira, tartean zein herrialdeetan gauzatuko diren heldu diren laupabost urteetako txapelketak. Datorren urteko XXXVI. Txapelketari dagokionez, Txileri egotzi zaio norgehiagoka antolatzeko ardura eta hurrengokoei dagokienez, honela deliberatu da: 2014ean, Mexiko; 2015ean, Uruguai; 2016an Donostia, Euskal Herrian; eta 2017an Las Vegas, Estatu Batuetan.
Regis Lavie eta Rodolphe Bidart hazpandarrek irabazi zuten Alaskan XXXV. Munduko Mus Txapelketa
Frantziako ordezkari Regis Lavie eta Rodolphe Bidart muslariek irabazi zuten irailaren ondarrean jokatu zen Euskal Gizataldeen XXXV. Munduko Mus Txapelketa. Vancouverreko Zazpiak Bat Euskal Etxea izan zen aurtengo edizioaren antolatzailea eta txapelketa Vancouver-tik Alaskarako itsasbidaia egin zuen kruzero batean jokatu zen, irailaren 21etik 29ra. Argentina eta AEBko bikoteek eskuratu zituzten bigarren eta hirugarren postua, hurrenez hurren.
Larunbatean itsasoratuko da Alaskara bidean Euskal Etxeen 35. Munduko Mus Txapelketa
Vancouver-eko Zazpirak Bat euskal etxe kanadiarreko bazkideak ilusio handiz bizi dituzte Euskal Etxeen 35. Mus Txapelketa hasi aurreko egunak. Ilusioz eta urduritasun puntu batekin; izan ere, txapelketa oso originala prestatu dute: mus partidak Vancouver-etik Alaskara bidea egingo duen kruzero batean egingo dira. Larunbatean itsasoratuko dira muslariak Sapphire Princess izeneko ontzian. Orotara 135 bidaiari izango dira txapelketan: 11 herrialdetako 24 muslari, 13 ordezkari eta euren lagun eta senitartekoak.
Limako Euskal Etxeak omenaldi ederra egin zion Mercomus 2012an txapeldu geratutako Lopez-Lombardi bikoteari
EuskalKultura.com-ek garaiz eman zuen joan den martxoan Txileko Santiagon egindako Mercomus 2012 txapelketaren berri, bertan txapela irabazi zuen Limako Euskal Etxeko Lopez-Lombardiren garaipena barne. Aste eta hilabete batzuk joan dira eta, posible izan denean, Limako Euskal Etxeak, ongi-etorri eta omenaldi ekitaldi polita egin die Santiagoko mus norgehiagokan bere izenean parte hartu zuten bi bikote perutarrei. López-Lombardi eta Olalla-López bikoteek zinez eskertu dituzte bazkide eta lagunen txaloak, eta hiriburu txiletarrean egin zuten ibilbidea kontatu zieten xehetasunez euskal etxearen egoitzara bildutakoei. Elkarte euskal-perutarrak, bestalde, irailerako iragarri du euskal etxe barruko mus txapelketa irekia; eta aldi berean 2013an Mercomus-eko txapela bertan antolatzeko asmoa iragarri du, horretarako batzorde antolatzailea berehala sortuko duelarik.
Ohar berria Juninen maiatzaren 25etik 27ra egingo den Argentinako Mus Txapelketako partaidetza prezioez
Atzoko edizioan jakinarazi genuen bezala, Buenos Aires probintziako Junin herria izango da 2012ko Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza. Hala ere, eta antolatzaileek plazaratu duten ohar berri baten haritik, bertaratu nahi dutenentzako prezioak errepikatuko ditugu, gaizki-ulerturik ekiditzeko. Partaidetzaren prezioa, lehiaketan parte hartuko duten euskal etxeen kasuan 800 dolarrekoa izango da, voucherra. Laguntzaileen voucherraren prezioa, berriz, 800 pesokoa. Gogoratu, erreserbak maiatzaren 10aren aurretik behar direla egin, data horretarako jende-kopurua behintzat adieraziz.
Argentinako Mus Txapelketa Junin-en burutuko da maiatzaren 25etik 27ra, Arbola Bat euskal etxea antolatzaile
Buenos Aires probintziako Junin herria izango da 2012ko Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza. Maiatzaren 25etik 27ra bilduko dira euskal etxeetako muslaririk onenak eta lehiaketatik aterako den bikote irabazlea Argentinako ordezkaria izango da irailean Kanadako Vancouver-en eta kruzero batean egingo den Mundu Txapelketan. Juningo saioak maiatzaren 25ean hasiko dira, ostiralez, ordezkaritzen ongi etorriarekin. Txapelketan parte hartzeko erreserbak maiatzaren 10era arte egin daitezke, eta Arbola Bat euskal etxetik jakinarazi dute muslarien nahiz laguntzaileen voucherren prezioa 800 pesokoa izango dela, baina ez dela beharrezkoa otordu eta ostatuaren pakete osoa erostea eta txartelak bereiz eros daitezkeela.
Argentina, Uruguai, Peru eta Txileko muslariak partaide, Mercomus 2012 txapelketak aurrera darrai Santiagon
Erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan, Hego Ameriketako Mercomus Mus Txapelketa 2012 delako muslari elkarretaratze eta norgehiagoka antolatu du Txileko Santiagoko Euzko Etxeak, Argentina, Uruguai, Peru eta Txile bertako jokalariak bildurik. Asteazken gauean eginiko protokolozko ekitaldi baten ondotik, egitaraua bihar larunbatera arte luzatuko da, Euzko Etxean egingo den gala-afarian sariak banatu eta euskal eta txiletar folklore emaitzak aurkeztuta. Txapelketa hiriburu txiletarreko Euzko Etxeak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren Txile eta Perurako Ordezkaritza babesle.
