Idazle oiartzuarra gogoan eginiko 'Juan Mari Lekuonari Omenaldia' liburua sareratu du Euskaltzaindiak
Euskaltzaindiaren Herri Literatura Batzordeko buru izan zenaren omenezko liburua argitaratu eta ipini du Euskaltzaindiak sarean, interesa izan dezaketen guztien eskura. Juan Mari Lekuonak ahozko euskal literaturaren inguruko lan ugari argitaratu zituen; oraingoan, ikertzaile adiskide eta ikasle izan zituen hainbat egilek, apaiz oiartzuarra gogoan harturik, harek hain gogoko izan zuen gaiari buruzko artikuluak idatziz osatu dute liburu hau, paperean zein pantailan irakur daitekeena.
Bernardo Atxaga gaur New Yorken hasiko den 'PEN World Voices Festival' literatur elkarretaratzean partaide
Bernardo Atxaga, gaur New Yorken hasi eta astebururaino luzatuko den 'PEN World Voices Festival' Nazioarteko literatur elkarretaratzean partaide izango da. Aurretik ere urteroko bilera honetan parte hartua den idazle euskaldunak egunero izango ditu mahai inguru eta solasaldiak gaur, bihar eta etzi, leku, gai eta solaskide desberdinekin. Izan ere, gaur goizean 'Idaztea, mintzatzea, amets egitea: autoreak euren hizkuntzez hizketan' gaiaz arituko da, bihar 'Incognito: idazleak eta erabiltzen dituzten ezizenak' gaiaz, eta etzi, berriz, 'Gerla eta eleberria' gaitzat harturik. Sarrera doan da, baina kasuren batean aldez aurretik behar da deitu, azken orduko espazio arazorik izan ez dadin.
Lehenengoa kaleratu eta hilabetera, 2. edizioa atera du gaztelaniaz Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaok
Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao'ren gaztelaniazko lehenengo edizioa, 30.000 alerekin, plazaratu eta hilabetera, bigarrena atera du kioskoetara Seix Barral argitaletxe bartzelonatarrak. Estatu mailan salduenen zerrendan dagoen eleberriak bilduak ditu orain arte Espainiako 2009ko Narratiba Sari Nazionala eta euskarazko Kritika Sari Nazionala. Ibilbide arrakastatsu hau ospatzeko, festa ekitaldi bat antolatu da bihar asteazkena Bilboko Campos Eliseos Antzokian, aldi berean Liburuaren Nazioarteko Eguna aurre-ospatu eta liburua Bilboko publikoaren aurrean aurkezteko. Bihar arratsaldeko zortzietan, Bertendona kalean.
Datorren ostegunean abiatuko da 2010.eko Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena
Datorren ostegunean abiatuko da Bartzelonan Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena. Bartzelonako Euskal Etxeak eta UAB (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), UB (Bartzelonako Unibertsitatea) eta HEOko (Hizkuntza Eskola Ofiziala) euskara sailek euskal literatura Katalunian ezagutzera emateko antolatzen duten VI. Literaldia iritsi da. Hilabete batez errezitaldiak, irakurketak, musika emanaldiak, lehiaketak eta abarrak publiko katalana euskal literaturzaletzen ahaleginduko dira. Aurtengoan gainera Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sorturiko “Batekmila, euskal munduak” erakusketarekin biribilduko da jaialdia. Literaldia’10, martxoaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunarekin. Hortxe gonbidapena zabalik!
Bernardo Atxagak bi euskal kultura ikastaro emango ditu Stanford Unibertsitatean datozen asteetan
Martxoaren 29tik hasita, Bernardo Atxagak euskal kultura ikastaro bi emango ditu Estatu Batuetako Stanford Unibertsitate ospetsuan, "Visiting Professor of Basque Culture" gisa, Eusko Ikaskuntzak unibertsitate kaliforniar horrekin karia horretara, euskal kultura landu eta hedatzeko sinatutako hitzarmeneko lehenengo irakaslea izango delarik. Hauek izango dira euskal idazleak emango dituen ikastaroen izenburuak: 'The Hedgedog's Awakening: Euskal Kulturaren itzulera' eta 'Kultura eta Politika aldaketa Euskal Herrian'.
II. 'Kontaketa Harrigarriak' lehiaketa Corpusko Eusko Etxea eta Atahualpa Yupanqui Liburutegiaren eskutik
Argentinako Corpus Christi-tik, Misiones probintzian, oroitarazten dute zabalik dagoela bertako Eusko Etxeak eta haren barneko Atahualpa Yupanqui Liburutegiak antolatutako 'Kontaketa Harrigarriak' literatur lehiaketaren bigarren edizioa, 15 urtetik goragokoentzat. Lanak posta elektronikoz, posta arruntez edo eskuz-esku aurkez daitezke, azken kasun honetan Corpusen bertan, Posadasen edo San Ignacion, beti ere martxoaren 30aren aurretik. Gaiak norberari edo ingurukoei gertatu edo entzundako gai harrigarri edo bitxiren bat beharko du izan, edo herri edo inguru guztietan dauden pertsona bitxi, pasadizotsu edo berezi bat. Gehienez hiru orrialdekoak izan dira. Sariak: bi gai hauetako bakoitzeko lehen eta bigarren saria eta diploma, eta aipamen berezi bat gai bakoitzeko.
Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberria gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz irakur daiteke jada
Aste honetan plazaratu dira Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren gaztelaniazko, katalanezko eta galizierazko itzulpenak, Seix Barral, Edicions 62 eta Xerais argitaletxeen eskutik, hurrenez hurren. Idazle ondarroarraren lehenengo eleberria den hau 2008ko neguan argitaratu zuen Elkar argitaletxeak, eta lan honekin Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen iaz Uribek. Liburuak 200 bat orrialde dauzka eta 19 bat eurotan eros daiteke liburutegietan ala, Diasporatik, internetez.
Irakurraldi bira egingo dute Unai Elorriaga idazleak eta bere itzultzaile Amaia Gabantxok Estatu Batuetan
Unai Elorriaga idazle getxoztarrak eta bere ingeleseratzaile Amaia Gabantxok New Yorken hasiko dute bihar datorren urtarrilaren 28ra arte Estatu Batuetako zenbait hiritan egingo duten irakurraldi bira. "Plants Don't Drink Coffee" da Elorriagak idatzirik ingelesez argitaratu den lehenengo liburu honen izena, izan ere Brooklyn-New Yorkeko Archipelago Books argitaldariaren eskutik. Bira honek New York, Washington Hiria, Menphis, Reno eta Bostoneraino ekarriko dute bikote idazle-itzultzailea.
'Two Basque Stories', Atxagaren bi klasikoren itzulpena ingelesera AEBetatik Nere Letek egina
Bernardo Atxagaren bi kontaketa klasiko, euskal publikoarentzat aspaldidanik ezagunak direnak, ingeleseratu eta elkarrekin eman ditu argitara Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) 'Two Basque Stories' izenburupean. 'Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian' eta 'Sugeak txoriari begiratzen dionean' dira testuok, Nere Leteren itzulpena medio oraingoan hurrenez hurren 'Two Letters All at Once' eta 'When a Snake Stares at a Bird' gisa kaleratuak. Liburua, gomendagarria lagun ingelesdunei oparitzeko, ingelesa praktikatzeko edo gustua berritzeko oraingoan ingelesez irakurriz, aise eros daiteke CBSren webgunean edota liburutegirik garrantzitsuenenetan.
Abian da Bilboko Otxarkoagan Mugarik Gabeko Haur Ipuinen VIII Lehiaketa: aurkezteko prest?
Haurra bazara, nagusia edo, egia esan, edozein adinekoa, eta munduko edozein lekuan bizi bazara, euskaraz ala gaztelaniaz idatz dezakezu ipuina, zeuk hauta. Testuak gutxienez orrialde bat eta gehienez lau izan beharko ditu eta originalak otsailaren 10era arte bidal daitezke emailez. Gaia, libre, baina epaimahaiak balio berezia emango dien haurrentzako ipuinei, eta bakea, tolerantzia, genero berdintasuna, giza eskubideak eta natura zaintzea sustatu edo baloretzat jotzen dutenei. Lan saridunak liburu batera bilduko dira, txuri-beltzezko irudiak onartuko direlarik. Iazko edizioan lehiaketak 392 obra jaso zituen, horietarik 54 euskaraz; 58 Argentinatik iritsi ziren, 23 Mexikotik, 14 Kolonbiatik, beste 14 Kubatik, 9 Txiletik... Idaztea gustukoa baduzu, zergatik ez zeu animatu?


