Dni Baskijskie!: Poloniako Poznango Unibertsitateak 2012ko Euskal Egunei bukaera emango die gaur
Urtero egiten da Euskal Astea Poloniako Poznan hirian, Adam Mickiewicsz Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoko ikasle eta irakasleek antolatuta. Aurtean asteak "Dni Baskijskie" edo "Euskal Egunak" izenburua izan du eta zinea, musika eta poesia uztartu ditu. Apirilaren 12an hasi zen euskal astea eta atzo, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi izan ziren bertan, poesia irakurraldia eskaintzen. Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariak izan zituzten taulagainean lagun. Gaur Hana-Bi tabernan euskal jaia egingo da, aurtengo ekitaldiei bukaera ipiniz.
Juan de Garay Fundazioa eta FEVA euskal standeko arduradun, gaur hasiko da B. Airesko Liburu Azoka
Gaur bertan inauguratuko da Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azoka eta 23. urtez jarraian euskal instituzio batzuek euren indarrak batu dituzte ekitaldi honetan euskal partaidetza bermatzeko. Euskal standean genero anitzeko euskal liburu, musika eta bideoak erosi eta kontsultatu ahal izango dira. Azoka Buenos Aireseko Nekazaritza Elkartean burutuko da eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Juan de Garay Fundazioak eta FEVAk antolatutako standa pabilioi horian egongo da, 2420 zenbakian. Azokaren programaren baitan, Fundazioak argitaratutako 'Vascos en Argentina, familias y protagonismo' (Euskaldunak Argentinan, familiak eta protagonismoa) liburuaren 4. edizioa aurkeztuko da apirilaren 26an.
XIII. mendetik XX. mendera bitarteko sei milioi agiri eskuragarri jarri dituzte Dokuklik webgunean
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Dokuklik aurkeztu du, Euskadiko artxibo publiko eta pribatuetako agiri historikoak biltzen dituen ataria. Bertan XIII. mendetik XX. mendera bitarteko sei milioi agiri eta, horiekin lotuta, bi milioi eta erdi irudi digital daude; ekainean hiru milioi irudi izango dira. Gainera, Kultura Sailak iragarri duenez, musika-artxiboena ere abian dago eta ikus-entzunezko funtsena diseinatzen ari dira.
Segitzen du Madrilgo Beti-Jai frontoi historikoaren hondamendi-egoerak, Udalak espropiazioa iragarri arren
"Salvemos el frontón Beti-Jai" izeneko madrildar herritar plataformak jo eta su darrai munduko neomudejar estiloko frontoi bakarra salbatzeko ahaleginean. Joakin Rucoba arkitektoak 1893an eraiki zuen frontoia Kultura-ondasuna da eta iragan martxoan Madrilgo Udalak desjabetu egingo zuela iragarri zuen, eraikina eta bere ondarea zaintzeko. Hala ere, prozesuak luze joko du, eta plataformatik salatu dute egungo jabeak ez direla ari zaintzen behar den moduan eta gero eta larriagoa dela instalazioen hondamendi-egoera.
Bihartik landa euskal zinea, musika eta poesia ekarriko ditu Poloniara Etxepare Euskal Institutuak
Varsovia, Poznan eta eta Gniezno hiri poloniarrak "euskal udaberri" baten gune izango dira, Etxepare Euskal Institutuak bertako unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoek antolatu dituzten ekitaldiei esker. Etxeparek jakinarazi duenez bihar bertan hasi eta datorren apirilaren 20a arte luzatuko dira jarduerak. Egitarauak bi arlo ditu: batetik, Kimuak laburmetraiak izango dira ikusgai hiru hirietan eta, bestetik, poesia eta musika ikuskizuna eskainiko dute Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek, Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariekin batera.
Boiseko Euskal Museoak milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu erronka eta egitasmo berriei aurre egiteko
Boiseko Basque Museum & Cultural Center-ek 'Expanding Horizons' izeneko kanpaina aurkeztu zuen atzo Idaho estatuko hiriburuan. Kanpaina honekin milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu egitasmo berriei ekin ahal izateko. Kanpainaren aurkezpen publikoaren aurretik museoak erakundeko lagun eta kideen artean 750.000 dolar bildu ditu jada. Aurkezpenean izan zen Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, EAEko gobernuaren babesa erakusteko. Echeniquek museoak euskal kultura zabaltzen egiten duen lana goraipatu zuen.
Ruper Ordorikaren kontzertua, jendetsua eta "Mugaritz BSO" dokumentalari, txaloak Berlinen
Euskal kulturak tarte berezia izan du egunotan Berlinen: batetik, Ruper Ordorika kantariak eman zuen kontzertua dela-eta eta, bestetik, Berlinale zinemaldiaren barruan antolatu zen 'Basque Day' ekitaldiarengatik. Lagun asko bildu ziren larunbatean musikari oñatiarrak MedienGalerie-n eman zuen kontzertura, Euskal Etxeak eta Etxepare Institutuak antolatu zuen ekitaldian. Jendetza eta txalo asko ere izan ziren Berlinalen astelehenean, "Mugaritz BSO" euskal dokumentalaren aurkezpenean. Ondoren, 200 lagunek Andoni Luis Aduriz sukaldari ospetsuak prestatutako afaria dastatzeko aukera izan zuen.
Euskara, zinea eta literatura hizpide Oxfordeko Unibertsitatearen XV. Ikasketa Iberiarren Foroan
Datorren ekainean, 20tik 22ra, Oxfordeko Unibertsitate ospetsuak Ikasketa Iberiarren XV. Foroa egingo du, eta bertan zinea, literatura eta Iberiar penintsulako nortasun nazionalen arteko harremana aztertuko da. Euskarak, beraz, tartea izango du foroan eta, are gehiago, txostenak euskaraz aurkeztu ahal izango dira. Unibertsitateak txosten-proposamenak bidaltzeko epea ireki du jada eta otsailaren 3a arte egongo da zabalik. Mintegi honetan parte hartu nahi duten ikerlari eta adituek euren lanaren laburpen bat aurkeztu beharko dute epe horren barruan.
Idaztea gustuko duzu? Aurkeztu zure ipuina X. Otxarkoagako Mugarik Gabeko Umeentzako Ipuin Lehiaketan
Otxarkoagako XXXI. Umeen Jardunaldiak 2012ko maiatzaren 5 eta 6an burutuko dira. Jardunaldiei begira eta haurrentzako literaturgintza bultzatzeko asmoarekin, Mugarik Gabeko Umeentzako Ipuin Lehiaketa antolatu du Txirula Kultur Taldeak. 2011ko edizioan irabazleen artean Bahia Blancako Rosana Entizne euskal argentinarra izan zuen lehiaketa honetara euskarazko zein gaztelaniazko testuak aurkez daitezke, gai librez. Lanak bidaltzeko epea urtarrilaren 31an bukatuko da.
'Euskara kultura da' lemapean aurkeztu zen Madrilen Euskal Liburutegiaren bilduma elebiduna
Madrilgo Atenea argitaletxeak urteak daramatza erdal hiztunei euskal literatura ezagutzeko bidea ematen, Euskal Liburutegia bilduma elebidunaren bitartez. Bildumak 25 izenburu biltzen ditu jada, eta hori ospatzeko eta ezagutzera emateko aurkezpena egin zen iragan asteazkenean Madrilgo Círculo de Bellas Artes aretoan. Bertan izan zen ere Juan Kruz Igerabide poeta, bilduman argitaratutako bere poema liburuei buruz hitzegiteko. Hurrengo egunean bigarren aurkezpen bat egin zen Madrilgo Euskal Etxean, eta abenduaren 15a arte ikusgai izango den erakusketa inauguratu zen.
