Euskal Herriaren Lagunak (Argentina) elkartearen aurkezpen ekitaldi ofiziala egin dute Buenos Airesen
Mundu osoan Odriozola deitura daukatenek familia bilkura egingo uztailaren 4ean Azpeitiko Loiolan
Odriozola deitura baduzu berria interesatuko zaizu: Uztailaren 4ean munduko Odriozolatar guztiak gonbidatuta daude familia zabal honek --Ameriketako hainbat euskal etxetan kideak ditu-- Azpeitian egingo duen bilerara. Aitzakia edo zergatia, familiak Loiolako San Inazioren zaindaritzapean daramatzan lau mendeak. Izan ere, duela laurehun urte, 1610ean, Odriozola etxeko burua zen Juan Odriozolak San Inazioren beatifikazio festan parte hartu zuen, santu euskalduna auzokoa zuenez. Ekitaldi hartan, Juan Odriozolak Loiolako San Inazio, familiaren patroi, babesle eta abokatu berezi izendatu zuen, Felipe II.a erregearen eskribauak agirian jaso zuenez. Geroztik, zenbaitetan egin dira familia bilkurak San Inaziori lotutako urteurrenen karietara.
Nafarroako Gobernuak domina eman dio Rosa Mary Ibañez Espainiako Nafar Etxeen Federazio presidenteari
Nafarroako Gobernuak, joan den maiatzaren 3ko bileran erabaki zuen, besteak beste, 'Karlos III.a Prestuaren Gurutzea' izeneko domina ematea Rosa Mary Ibañez Zapatero Espainiako Nafar Etxeen Federazioko Nazionaleko presidenteari. Berarekin batera beste bost pertsona eta elkartek jasoko dute ohore bera, hala nola Tuterako Orden del Volatín delakoak; Arkupeak erretirodunen elkarteak; Juan Antonio Sagardoy Bengoechea Lan Zuzenbideko katedradunak; María Ángeles Mezquíriz Irujo arkeologoak; eta Donibane Garaziko “Les Amis de la Vieille Navarre” (Nafarroa Zaharraren Lagunak) elkarte baxenabartarrak.
Txileko Santiagoko Euzko Etxeak alkartasun kanpaina bati ekin dio, dardarak kaltetutako Pintue herriskan
Txileko Santiagoko Euzko Etxeak otsaileko lurrikara azkarrak kaltetutako Pintue herriskako biztanleei laguntzeko alkartasun kanpaina bati ekin dio, Aculeo laku ondoan, Paineko udalean kokatzen den auzo honetako eliza berreraiki edo konpontzeko, "berau baita bertakoek komunitate bizitza egiten duten lekua". Hiriburu txiletarreko euskal etxekoen esanetan, "ekimen hau eta leku hau hautatu ditugu geure hondar alea ipintzeko, dardarak gogor kaltetutako aldea izan arren, epizentroko tokietatik urrun delako egunkariak ez baitira hona iritsi eta ohargabean pasatu zaizkio komunitateari bertakoek jasan dituzten kalte eta galera handiak". Laguntza helburu honekin, Euskal Abesbatza eta EEko Dantza Taldekoek emanaldia eskainiko dute Maiatzaren 21an Pintueko Eskolan. Bertaratzeko gonbidapena luzatu diote publiko euskaldun eta ez-euskaldunari, eta baliabideak biltzeko asmo berarekin zabaldu dituzten kontu korronteetara diru emaitzak egiteko.
Zorionak Leire eta Lara Irina jaioberri argentinarrei; eta Begoñari, joan den asteartean Mexikon munduratutakoari
Askoz gehiago izango ziren, baina azken orduotan, Diasporan jaiotako hiru haur hauen berri heldu zaigu: Leire txikia, Graciana Goicoechandia eta Alejandroren lehenengo alaba, Las Flores-en jaio zen, Buenos Aires probintzian, 3.820 gramoko pisua zuela; bere aldetik, Lara Irina, Federico Borrás eta Maria Fernandaren bigarren alaba Paranán jaio zen, Entre Ríos probintzian, 3.275 gramo pisatzen zituela; eta joan den asteartean bertan, Mexiko Hiriburuan, Begoña ttipia munduratzen zen, Goyo Blasco Jr. eta May-ren alaba, 3.640 gramorekin. Hiru neskatoei, euren ama eta aitei, eta oro har familia eta lagunei, zorionik beroenak.
Ohorezko Doktoregoa emango dio Caraboboko Unibertsitateak Laurentzi Odriozola oposizioko kazetariari
Ekitaldia datorren asteko asteartean egingo da eta Laurentzi Odriozola Venezuelako Valencia hiriko Notitarde egunkariko zuzendaria dauka protagonista. Caraboboko Unibertsitateak, "profesionalki zein pertsona gisa" dituen ezaugarri eta tasunak azpimarratuz, Zuzenbideko Honoris Causa Doktoregoa emango dio Laurentzi Odriozola Echegaray-ri, omendua "gizon kuraiadun, objektibo, orekatu eta justu" legez definituz, egungoa bezalako testuinguruan, "Venezuelan, zailtasun, gatazka eta egoerak larriak bizi ditugunean, non zoritxarrez, ados ez gauden gauzak salatu eta esateko oso kuraiatsua behar den izan", adierazi du eskola nagusi horretako buruak. Laurentzi Odriozola 1939an Euskal Herritik Venezuelara erbesteratua iritsi zen belaunaldiko gazteenetakoa da, hilabeteak zituela heldu baitzen, gurasoekin, gerora bere egin duen herrialdera.
Argentinako 'Arturo Campion' Euskal Ikasketa Etxeak urteroko bilera eta elkarretaratzea egin du asteburuan
Joan den larunbat eta igandez bildu da Argentinako Buenos Aires probintziako Laprida herrian, bertako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak babesturik euskal kultura, politika eta oro har euskal izaera eta ekarpenak ikertu, ezagutu eta sustatzeko helburuz lanean ari den 'Arturo Campion' Euskal Abertzaletasuna eta Kultura Ikertzeko Gunea. Bilkura egitearekin batera, euskaltzale nafarraren izena daraman elkarteko kideek urtero argitara ematen duten 'Guregandik' urtekaria aurkeztu zuten, Lapridako Euskal Etxeak deituriko euskal galdera ekimeneko irabazleen izen eta sariak ematearekin batera.
Juantxo Viguria musikari baztandarra hil zen atzo Mexikon; elizkizunak gaur arratsaldean egingo zaizkio
Atzo arratsaldez hil zen Mexiko Hirian Juantxo Viguria musikari eta baztandar ezaguna. Albistea Jaione Arrietak saretatu zuen VascosMexico zerrendaren bidez eta ondotik bata bestearen atzetik etorri ziren hainbat lagunen dolumin mezuak, Eva haren emazteari eta familiakoei, eta oro har baztandar familia osoari besarkada emanez, horietarik lehenetakoa Mexikoko Euskal Etxeko lehendakari den Miguel Larreguiren eskutik, Juantxo Euskal Etxearekin harreman sakona zeukan pertsona baitzen. Euskal Etxetik baita ere, Maricarmen Arrecheak idatzi du, hunkiturik, "Izar berri baten dizdira sartu de(la) zeruan, baina erraz identifika daiteke, Juantxok barnean daraman musikaren erritmoen pean egin baitu". Bere aldeko elizkizunak gaur osteguna egingo dira arratsaldeko seietan, Polancoko Liolako San Ignazio elizan, Mexiko Hirian.
Segitzen du hildakoen zenbaketak Txilen; euskaldunik oraingoz ez; Viñako Eusko Etxearen egoitza, galdua
Segitzen du Txilen --eta luze hartuko du-- joan den larunbatean herrialdeko zati handi bat eraso zuen lurrikarak eragindako kalteen eta hildakoen zenbaketak. Bosgarren Erregiotik Zortzigarreneraino doan zerrenda da kaltetuena, baina Santiagon, Valparaison eta beste leku batzuetan komunikazioak, ura, argindarra eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk atzera etortzen ari diren bitartean, egoera oso bestelakoa da Hegoaldean kaltetuen gertatu diren lekuetan. Euskal komunitateko lagunekin hizketan, hildakorik ez omen da ezagutzen. Santiagoko Euzko Etxeak ez du kalte esanguratsurik jaso, eta Nafarroako Euskal Etxekoek ere ez dute hildakorik adierazi. Aldiz, Viña-Valparaisoko Eusko Etxeari dagokionez, euren egoitzak kalte ugari jasan omen ditu, egitura aldetik, eta bertako lehendakari Archivaldo Uriartek esan digunez, galdutzat jo behar da, hormak arraildu eta mugituta, eta batere segurtasunik eskaintzen ez duela.
Soilik Constitucion herriak, lehenago Nueva Bilbao de Gardoqui izena zuenak, 350 hildako biltzen ditu
Aitzeki edo arrazoi estra bat izan daiteke laguntzak areagotzeko, baina Txile Richter eskalako 8.8 neurriz erasotu duen lurrikarak Constitucion izeneko kostaldeko herri txikia jipoitu du gehien, fundazio izenez Nueva Bilbao de Gardoqui izan zuen herria, Santiago Oñederra Alvizu kapitainak 1794an fundatua, orain olatu erraldoi batzuek jota 350 hildako eragin eta herrigunea txikituta eta deseginda geratu den herria. Ahizpa nagusia duen Euskadiko Bilborekin armarri beretsua ere partekatzen duen herri honek 1828ra arte eutsi zion bere euskal izenari, urte horretan Valparaison Txileko Konstituzioa onartu zenez, euskal jatorriko Jose Francisco Gana kongresalak izen berria proposatu zuen arte. Behin-behineko zenbakien arabera, lurrikara eta honek eragindako olatu erraldoiak bereziki astindu dute Constitucion, Bachellet presidenteak goizaldean aipatu dituen 711 hildakoen artean ia erdia bertan izan direlarik. Euskal Etxe argentinar batzuk, hala nola Villa Mercedesko Euskal Etxeak neurriak hartzen eta proposamenak egiten hasi dira kaltetuak laguntzeko. Baita Eusko Jaurlaritzatik ere.


