Basque Culinary Center-ek bira hasiko du bihar Sao Paulora, Elena Arzak sukaldari donostiarra partaide
Elena Arzak sukaldariak eta Basque Culinary Center (BCC) zentroko ordezkari talde batek bidaia abiatuko dute bihar Brasilera, 2013an zehar garatuko duten "World Tour Culinary Connection" deitu duten biraren baitan lehena. Arzakek eta Rodrigo de la Calle eta Andres Conde sukaldariek zenbait jarduera egingo dituzte igande-astelehenean Sao Paulon. BCCko zuzendari Jose Mari Aizega ere bertan izango da. Alex Atala, Sao Pauloko Dom Restaurant jatetxekoa (munduko laugarren onena, Restaurant aldizkariaren zerrendan) arituko zaie anfitrioi.
Elena Arzak sukaldari donostiarrak Ametsa izeneko jatetxea zabalduko du Londres erdigunean
Euskal Goi Sukaldaritza Londresera iritsiko da Elena Arzaken eskutik. Aurten bertan "Munduko emakume sukaldaririk onena" titulua, Restaurant aldizkari espezializatu britainiarrak emanik, jaso duen chef-ak jatetxea zabalduko du bost izarreko Halkin hotelean, hiri erdiguneko luxuzko Belgravia auzoan. Juan Mari Arzak sukaldari ospetsuaren alaba den Elena Arzak-ek “Ametsa” ipini dio izena Londresko bere aldaxkari.
Kalitatezko euskal produktu gastronomikoz osatutako Gabonetako saski itzela eskuratu nahi duzu?
Aurrera darrai EuskalKultura.com-ek eta Dastatu.es-ek elkarlanean prestatutako zozketak. Sari bikaina dugu zuentzat: Euskal produktuz osatutako Gabonetako saski oparoa! Saria eskuratzeko Dastaturen Facebookeko orrian euskal errezeta bat argitaratu beharko duzu. Eragin irudimenari eta jarri mantala!
Etengabe eta arrakastaz segitzen du behartsuekiko euskal elkartasunak Itziar Aguirreren 'pilpil'arekin
Argentinan herririk herri dabil Itziar Aguirre sukaldari rosariotarra, euskal sukaldaritza erakustaldiak eginez eta etekinak oro elkartasun proiektuei emanez, 'Keinu txikiak lorpen handiak' Fundazioa medio. Argentina osoko hainbat euskal etxe eta egoitza ibili ditu dagoeneko Aguirrek euskal sukaldaritza hedatzearekin batera lagungarri izanik beharrean dauden familia eta jendeentzat. Izan berria da Buenos Aires probintziako Saladillon, bertako Itxaropen Euskal Etxea tarteko, eta gaur arratsaldean bertan, bere herrian, Rosarion, arituko da, 2012ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren egitarauaren baitan.
Pringlesko Eusko Biltzar-ek bisita eskertu dio Itziar Aguirreri eta komunitateari bere laguntasuna
Argentina ari da ibiltzen Itziar Aguirre chef rosariotarra bere 'Pilpileando Argentina' programarekin, beti ere euskal sukaldaritza zabaltzeko eta aldi berean gabezian dauden pertsonei laguntza emateko. Eskaintzen dituen gastronomia klaseetako azkena Coronel Pringlesen eman du, Buenos Aires probintzia hegoaldean, arrakasta handiz. Pringlesko Eusko Biltzar Euskal Etxetik eskerrak eman nahi dizkiote "bere apaltasun, jendetasun eta atsegintasunarengatik" eta baita Pringlesko herritarrei ere, euren partaidetza eta laguntza solidarioarengatik.
'Basque Culinary Center' Mexikon aurkeztu da, bertan lankidetzak bildu eta kolaborazioak moldatzeko
Donostian egoitza duen 'Basque Culinary Center' Sukaldaritza Fakultutateko arduradunak Mexikon izan dira eta mexikar hiriburuan aurkeztu dituzte gastronomia alorreko ekimen berritzaile eta innobatzaile honen errealitatea, planak eta asmoak, hain zuzen ere munduan gastronomia alorrean lehen mailako sukaldaritzaren ospea daukan herrialde honetako sukaldaritza eremuko profesional, sukaldari eta adituen aurrean. Izan ere, ekarpen eta lankidetza mexikar zabalagoa nahiko luke BCCek bere baitan eta halaxe esan zuten azteken hiriburuko Biko jatetxe euskaldunean joan den ostiralean egindako ekitaldian Jose Mari Aizega BCCko zuzendariak, jatetxeko Bruno Oteiza eta Mikel Alonso chef euskaldunak anfitrioi egindako aurkezpenean.
Euskonews albistegi digitalak Rosarioko Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarra elkarrizketatu du
Eusko Ikaskuntzaren eskutik astean behin sareratzen den Euskonews albistari digitalaren azkeneko zenbakiak Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarra elkarrizketatu du. Rosarion jaioa, Itziarrek txikitandik bizi izan du euskal sukaldaritzaren arnasa, ama --Arantza Soraluce-- eta baita amona ere sukaldari onak izan baititu. Aurten ehun urte ospatzen ari den Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxearen ardura du Itziarrek, baina bere jardun profesionalak telebista ere harrapatzen du, sukaldaritzaren hainbat dibulgazio saiotan partaide izan delarik. Ofizioa eta jatorria uztartuz, chef rosariotarrak 'Pilpileando Argentina' izeneko ekimena darama gaur egun, euskal sukalde-moldeen zabalkundea eta beharrean daudenekiko elkartasuna sustatuz FEVArekin lankide.
"Goierri" Euskal Elkarte Gastronomikoa sortu du euskaldun talde batek Argentinako La Plata hirian
Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platatik datorkigu berria, izan ere joan den ostegunean bertan sortu baitzen Goierri izena hartu duen euskal elkarte gastronomikoa, euskaldun multzo bat bildurik euskal gastronomia landu, sustatu eta hedatzeko, modu teorikoan eta baita praktikoan ere, euskal sukaldaritza dastagai eta mintzagai finkatuta. Helburu horietan ados egon daitekeen nornahi kide hartzeko prest agertu dira elkarte berriko kideak.
'Eusko Gudariak' Jateko Etxea, jatetxe "euskaldun eta abertzale bat" Buenos Airesen bihotz-bihotzean
Abenduaren 1ean ireki zituen bere ateak Argentinako hiriburuan 'Eusko Gudariak' Jateko Etxeak. Montserrat auzoan kokaturik, 'Eusko Gudariak'-ek Euskal Herriko plater tipikoak eskaintzen dizkie bere bezeroei, tartean, txipiroiak tintan, marmitakoa, saltsa berdeak eta Pirinioetako hainbat mokadu. Jatetxea astelehenetik larunbatera dago irekita, iluntzeko 8etatik 12ak arte. Euskal Herriko sukaldaritza dastatu eta giro euskalduna gozatu nahi baduzu, Buenos Aireseko Hipolito Yrigoyen kaleko 1400. zenbakian oso aukera polita izango duzu, diote jatetxeko nagusiek.
Rosarioko Itziar Aguirre sukaldariak euskal gastronomia zabaltzen du Argentinako telebistan eta sarean
Odolean darama. Rosarioko Itziar Aguirre sukaldaria Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxearen buru da, Ainhoa ahizparekin eta Arantza amarekin batera; Mikel eta Xabier nebak Buenos Aireseko Laurak Bateko jatetxean aritu ziren. Ama familiako antzindaria izan zen bai gastronomia eta baita telebista kontuetan ere. Itziarrek biziki maite du euskal sukaldaritza eta Argentinako euskal etxeetan tailerrak emandakoa da. Telebistan ere aritzen da sarri eta bere errezeta asko sarean aurki daitezke: bere webgunean, eta telebistako 'R20 Informativo Gastronómico' eta 'Justo a tiempo' saioen bideo hauetan.
