Eusko Ikaskuntzak ENE 2012 sariaren emate-ekintza gauzatu du Bahia Blancako Union Vasca EEarekin
Urtero eman izan du azken urteotan Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egunean (ENE) --abenduaren 3an-- ENE Saria izena daraman errekonozimendua, Diasporarekin lotuta euskararen alde egindako lan ona aitortu eta saritzearren. 2012ko edizioan, Bahia Blancako (Argentina) Union Vasca euskal etxeari eman zion, eta erabaki horren gauzapena, Basterretxearen diseinuko ENE irudia fisikoki ematea, hilabete honen hasieran obratu dute Euskal Herrian erakunde emaile eta hartzaileak.
Euskara zinean, musika, abesti eta liburuetan, argentinar Cordobako Gerora elkartearen eskutik
Hirugarren urtez jarraian, Cordoba hiriburuko Gerora elkarteak astebeteko ospakizunen programa batekin ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna. Egitarauaren baitan eta ekintza askoren bidez, Euskal Herriko hizkuntza nola gara daitekeen hainbat arlotan erakutsi zuten elkarteko ikasle eta irakasleek. Zinean, literaturan eta baita festetan ere euskara bera izan zen sei egunetan zehar cordobatar askoren bilgunea. Baietz Musika Taldea eta Txotx! Dantzarien Taldea ere izan ziren Euskararen Asteko protagonistak.
Euskararen Egunak kolorez jantzi zituen Londresko Trafalgar Square, Boise, Sydney, Bordele, Montevideo...
Apurka apurka ari dira geurera heltzen munduan zehar euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egin zituzten ekitaldien berriak eta argazkiak. Londresen, adibidez, London Basque Society elkarteak National Gallery museo ospetsuaren eskaileretan grabatu zuen euskararen aldeko bideoa, Sydney-en Gure Txoko elkarteak bazkari jendetsua egin zuen -tiketak agortu egin ziren- eta Boiseko euskaldunak herriko tabernetan kantuan ibili ziren. Jarraian, ekitaldi hauetako eta beste batzuetako bideo eta argazki kronika.
Limako Euskal Etxeko bazkide ugari bildu ziren Euskararen Eguna eta San Frantzisko Xabier ospatzeko
Perun, Limako Euskal Etxea bete egin zen bazkide eta lagunekin joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna eta San Frantzisko Xabierren jaia zela eta. Elkarteko presidente Raul Noblecillak gogora ekarri zuenez, Euskararen Eguna historian izan den euskaldun ospetsuenetariko baten jaiarekin batera ospatzea ez da kasualitatea, santuak euskara munduan zehar eraman baitzuen bere misioetan; India, Malaisia, Japonia eta Txinara, kasu. Limako ekitaldia Euskal Etxeko abesbatzaren kantaldi batekin eta lagunarteko afari batekin osatu zen.
Ikasle eta irakasleek, lagun eta zaleek, denek batera ospatu zuten Argentinan Euskararen Nazioarteko Eguna
Teknologia berrien garaian, abiadura handiz zabaldu dira aste honetan sare sozialetan euskararen aldeko mezuak. Baina euskaldunen hizkuntzak lortzen duena fenomeno birtual bat baino askoz gehiago da eta Argentinako euskal etxe askotan topaketak eta jaiak tarteko ospatu zuten euskaltzaleek Euskararen Nazioarteko Eguna. Zenbat dakigun ez da koska ezta kezka ere. Abenduaren 3aren helburua euskara eta euskaraz disfrutatzea izan da. Hori argi geratzen da hainbat euskal etxetan burututako ekitaldiei erreparatzen badiegu. Hona argazki laburpena.
Euskara praktikatu nahi duzu? Sar zaitez Mintzanet webgunean eta hasi kalakan munduko euskaldunekin
Donostiako Udalak eta Mara Mara Hizkuntza Zerbitzuak enpresak euskara praktikatzen laguntzeko webgunea jarri dute abian eta atzo aurkeztu zuten, Euskararen Nazioarteko Egunaren karira. Webguneak Mintzanet.net du izena eta bertan euskaraz egiten duten hiztunak eta euskara praktikatu nahi duten ikasleak jarriko dituzte harremanetan. Sistema oso erraza da: izena eman eta Skype plataformari esker solasaldia hasi ahalko dute erabiltzaileek. Mintzanet mundu osoko euskara hiztun eta ikasleei zuzendua da.
Edorta Jimenezek "Baleen berbaroa" aurkeztu zuen Berlinen; gaur, Euskararen Eguneko afaria
Munduko beste euskal elkarte askok bezala, Berlingo Euskal Etxeak Euskararen Eguna ospatuko du gaur, eta bazkideak urtea itxiko duen afari batean bilduko dira. Horrez gain, iragan azaroaren 29an elkarteak gonbidatu berezia izan zuen: Edorta Jimenez idazle mundakarra. Jimenezek Berlinen aurkeztu zuen "Baleen berbaroa" eleberriaren alemanierazko itzulpena: "Die Stimmer der Wale". Hans Joachim Wilke izan da itzultzalea eta Mohland argitaletxeak plazaratu zuen lana Alemanian iragan udaberrian.
Badator Euskararen Eguna! Diasporan hasi dira hainbat ekitaldirekin astelehenerako giroa berotzen
Datorren astelehenean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute munduan zehar euskaldunek. Diasporan eta Euskal Herrian hasiak dira jada ekitaldiak, egun handirako giroa berotzen hasteko asmoz. Hala, Gasteizen Mintzodromo bat egin zen Artium museoan azaroaren 28an, ia 500 lagunekin, eta Madrilen Euskal Etxeko Euskaltegia Euskararen Eguna dela eta bertso-afaria egin zuen Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Eta datozen eguneratako zer? Hemen dira Euskal Herrian eta Diasporan egingo diren hitzordu batzuk.
Argentinako euskaltzaleek 2012ko Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatzen dute
Ezer gutxi falta da urte bukaerara iristeko baina dudarik gabe mugimendu handiko egunak dira oraindik geratzen direnak. Izan ere, abenduaren 3an San Frantzisko Xabier eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da munduan zehar eta Argentinako euskal etxeek bat egingo dute Euskal Herriko eta Diasporako beste erakunde askoren ospakizunekin. Proposamenak ugariak dira; helburua, ordea, bat bera: euskal hizkuntzarekiko engaiamendua adierazi eta aldarrikatzea. Segidako artikulu honetan, Argentinako Buenos Airesen, General Rodriguezen, Bahia Blancan, San Nicolasen, Arrecifesen, Chascomusen, La Platan, Rio Cuarton eta Cordoban egingo diren elkarretaratzeen egitarauak.
Euskararen Eguna egunero ospatzeko apustuarekin egin zuten jaia Boisen, New Yorken eta Montrealen
AEBetako eta Quebec-eko euskal komunitateek gogo biziz ospatu dute aurten ere Euskararen Eguna, Boisen, New Yorken eta Montrealen egindako ekitaldiekin. Gero eta gehiago dira herrialde hauetako euskal etxeetan euskara ikastean ari direnak eta, euskal etxeetako gainerako bazkideekin batera, euskara egun bakarrean ez ezik, egunero ospatzeko eta zaintzeko apustua egina dute. Jaia oso alaia izan zen hiru hiri hauetan: Boisen euskal karaokea egin zuten; New Yorken poesia irakurraldia eta euskal gabon kanta tailerra; eta Montrealen bertsolaritza lantegia.
