Euskal gaiek tarte zabala izan zuten Kaliforniako UCSB Unibertsitateko Iberiar Ikasketen Mintegian
Kaliforniako Santa Barbara unibertsitateak (UCSB) Iberiar Ikasketen Mintegi bat egin zuen iragan astean eta euskal gaiek tartea izan zuten bertan. Batetik, Etxepare Euskal Institutuko Mari Jose Olaziregik iberiar ikasketen egoerari buruzko hitzaldia eman zuen eta, bestetik, Unai Nafarrate, UCSBko ikaslea, eta Diana Palenzuela euskara irakurlea euskal komukibideei buruz eta Euskal Herriko hezkuntza elebidunari buruz aritu ziren.
X. urteurrena ospatu du Lapridako Arturo Campion Ikasguneak, Guregandik-en 8. edizioa aurkeztuz
Bere X. urteurrena bete du Argentinako Lapridan, bertako euskal etxearen baitan lanean ari den Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneak. Testuinguru horretan egin du otsailaren 11an bere bazkideen urteroko bilkura nagusia eta aurkeztu du Argentinan ‘Guregandik’ urtekariaren ale berria, zortzigarrena, aurretik Txile eta Euskal Herriko hainbat kultur erakundetan banatu ostean. Ekitaldi berean, eta urtemugaren egitarauaren barne, kide duen Aitor Pescador Medrano irakasleak hitzaldia eskaini zuen, elkarretaratzea senidetasun afari batekin bururatzeko.
Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak online ikastaroak eskaintzen ditu euskal kulturaz
Ingelesez euskal ikasketak egin nahi dituzten irakurleek aukera berri aparta dute orain Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateari esker. Diana Palenzuela irakurleak irakasten dituen bi ikasgai -- Basque Studies eta Basque Language and Culture-- online ikas daitezke aurten, unibertsitateko beste hainbat ikasgairekin batera. Palenzuelak EuskalKultura.com-azaldu dionez, ikastaroak kredituen truke burutu nahi badira matrikula 1200 dolar ingurukoa da, baina bada beste aukera ekonomikoago bat: kredituak lortu nahi ez badira, matrikulak 210 dolar balio du. Zabalik dago matrikula.
La Platako Unibertsitateak abendura arte luzatuko den euskal kulturari buruzko mintegia abiatu zuen atzo
La Platako Unibertsitate Nazionalak (UNPL) Euskal Historia, Kultura eta Hizkuntza Mintegia abiatu zuen atzo, Etxepare Euskal Institutua laguntzaile. Klaseak astean behin --astelehenero-- izango dira eta ikastaroa abenduaren 17a arte luzatuko da. Irakasleak Cesar Arrondo historialaria eta Idurre Lekuona UNPLko euskara irakurlea dira. Lekuonak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, mintegian Euskal Herriko kultura eta historia jorratuko dituzte batez ere, eta euskaren ikuspegi orokorra emango dute. Mintegia doakoa da.
Euskal Ikasgaien Mintegi bat egingo da bihar Bakersfield-en; ostegunean, Noka taldeak joko du Santa Barbaran
Euskal gaiek leku nabarmena izango dute datozen egunetan Kaliforniako unibertsitateetan, estatu honetako zenbait gunetan ematen diren Euskara eta Euskal Kultura ikastaroek sortutako interesari esker. Batetik, bihar bertan euskal literatura eta irudiak izango dituzte hizpide Bakersfield-eko Unibertsitatean. Bestetik, datorren ostegunean euskal kulturak tartetxoa izango du Santa Barbara Unibertsitatean, Noka talde euskal amerikarrak kontzertua emango baitu eta Diana Palenzuela Euskara irakurleak hitzaldia emango.
Euskal Ikasketen 'Buenos Aires 2012' Jardunaldiak abuztuan, Buenos Airesen, Palermoko Unibertsitatean
Bi elkarte euskal-argentinar, esan nahi baita Arturo Campion Ikasketa Gunea eta Udako Euskal Unibertsitatea, ari dira prestatzen Buenos Aires hiriko Palermoko Unibertsitatean abuztuaren 24 eta 25ean egingo diren 'Buenos Aires 2012' Euskal Ikasketa Jardunaldiak. Ekimenaren helburua, euskal ikasketen arloan zenbait arlotan garatzen ari diren azterketa eta ikerlanak mahaigaineratu eta jendaurretzea da. Bertan lanik agertu nahi duten ikerlari eta ikaslariek uztailaren 6 daukate laburpen eta proposamenak aurkezteko azken epea.
'Koldo Mitxelena' katedra inauguratu ostean, euskal zine emanaldiak bihar eta etzi Chicagon
"Koldo Mitxelena ez zen sekula Estatu Batuetan izan, baina orain merezimendu osoz lekua du unibertsitate honetan", esan zuen Blanca Urgell Kultura sailburuak Chicagoko Unibertsitatean asteartean, euskal hizkuntzalariaren izena duen katedraren inaugurazioan. Etxepare Institutuak sortu duen katedrak euskal ikasketak sustatuko ditu AEBetako unibertsitateetan. Asteartean egin zen inaugurazio ofiziala eta, ekitaldiei bukaera emanez, asteburuan euskal zinea izango da ikusgai Chicagoko Latino Film Festivalen jaialdian.
Etxepare Institutuak Koldo Mitxelena Katedra inauguratuko du apirilaren 11ean Chicagoko Unibertsitatean
Etxepare Euskal Institutuak bi katedra berri inauguratuko ditu aurten AEBetako eta Alemaniako unibertsitateetan, erakundeko zuzendari Aizpea Goenagak atzo Donostian jakinarazi zuenez. Lehena Chicagoko Unibertsitatean arituko den Koldo Mitxelena Katedra da, eta apirilaren 11n bertan izango du inaugurazio ofiziala. Lourdes Oñederra izango du aurreneko irakaslea. Udazkenean, berriz, Frankfurteko Goethe Unibertsitatean abian jarriko da Euskal Artearen inguruko Eduardo Chillida Katedra, hain zuzen ere artista donostiarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Bestalde, New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedraren aurtengo egitaraua euskal zinemaren ingurukoa izango dela iragarri du Institutuak eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria izango du irakaslea.
Iban Zaldua eta Mari Jose Olaziregi euskal hizkuntzaz eta literaturaz ariko dira gaur eta bihar Bolonian
Boloniako Unibertsitateak "España plural" izeneko mintegia egingo du gaur eta bertan, gaztelania, katalana eta galegoarekin batera, bere lekua izango du euskarak ere. Unibertsitateko Atzerriko Hizkuntza eta Literatura Sailak antolatu du mintegia espainiar estatuko hizkuntz aniztasuna aztertzeko helburuarekin, Artea, Historia eta Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik. Topaketan euskal ordezkari izango dira Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregi eta Iban Zaldua idazlea.
Boise State University-k Ingeniaritza Elektronikoan doktoretza egiteko bi beka eskaintzen dizkie euskal ikasleei
Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko bi doktoretza beka sortu ditu, unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren eta Idahoko euskal komunitatearen babesarekin. Bekek urtebeteko iraupena izango dute eta ikasleek doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Ingeniaritza eta Elektronika sail ospetsuan. Bekek matrikula osotasunean ordainduko dute eta, horrez gain, ikasleek 18.000 eta 24.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko dute ostatu eta gastuetarako. Eskabideak apirilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
