Juan Inazio Mutiloa, Shanghaiko Euskal Etxearen sortzaile izan zena, Industria eta Energia sailburuorde
Juan Inazio Garcia de Mutiloa gasteiztarra, Shanghaiko Euskal Etxeko sortzaile eta lehenengo presidente izan zena, Industria eta Energia sailburuorde da Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzan. SPRIrekin heldu zen Txinara eta argi ikusi zuen bertara zihoazen euskaldunek --berak tarteko-- euskal etxe bat behar zutela. Bilboko Deia egunkariak horretaz eta beste hainbat gauzez elkarrizketa argitaratu zion atzo. Mutiloarentzat baliotsuak izan ziren oso, pertsona zein profesional gisa, Txinan pasatutako urteak. Gazteei "mundua jatera atera behar dute"la esaten die.
EmpreBask Mexico elkarteak euskal internazionalizazio prozesuari buruzko ikastaroa abiatu du UNAM-en
Harrera ona izan du Mexikon UNAM unibertsitatean abiatu berri den euskal internazionalizazio prozesuari buruzko ikastaroak eta Administrazio eta Kontabilitate Fakultateko 24 ikaslek izena eman dute bertan. Ikastaroaren antolatzaile dira Emprebask Mexiko euskal enpresarien elkartea eta Euskadiko Ordezkaritza. Ikastaroaren ezaugarri berritzaileetako bat da elkarteko enpresariak izango direla irakasle, eta horrela ikasleek enpresa munduko adibide errealekin ikasi ahalko dutela.
Euskal enpresari talde batek Mexiko bisitatuko du aste honetan negozio aukerak aztertzeko
Gipuzkoako Tolosaldeko zazpi enpresa dira Mexikon barrena ekarri dituen bidaia honetan ari direnak, atzotik hasita datorren ostiralera arte, 'Tolosaldea Garatzen' erakundeak antolaturik eta Euskadiren Mexikorako Bulegoa lankide. Bisitariak Mexiko Hiriburuan eta Monterreyn izango dira batez ere, baina enpresetako batzuk Guanajuato eta Hidalgora ere joango dira. Espediziokideak Mexikoko euskal enpresariak batzen dituen Emprebask elkarteko ordezkariekin ere bilduko dira eta baita Espainiako Enbaxadako Bulego Ekonomiko eta Komentzialeko kideekin ere.
Euskadiko Ordezkariak Ekuador-ko Cuenca bisitatu du; hiriak 2,8 milioiko kontratua egingo Euskal Trenbiderekin
Egoitza Bogotan duen Euskadiren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkaritzatik adierazi duetenez, Iñaki Martinez Ordezkariak Ekuadorko Cuenca hiria bisitatu du, bertako alkate Paul Granda-rekin solastuz. Egun batzuk geroago Martinez bera hirira itzuli da, oraingoan Euskal Trenbide Sarea eta Idom euskal enpresetako buruzagiekin. Astelehen honetan jakinarazi da eurak irabazi dutela Cuencako tranbia eraikitzeko proiektuaren esleipena. 400.000 biztanletik goiti dituen Cuencako alkateak aste honetan bisitatuko du Euskadi.
Jaurlaritzaren Txile eta Perurako Ordezkaritzak eta Emprebask-Txilek harremanak berreskuratu dituzte
Lehen aldiz bildu dira Ana Urchueguía Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Emprebask-Txileko egungo presidente Alejandro Sanderekin eta elkarteko idazkari orokor Marcela Aguirrerekin. Elkarretaratzea Euskadiren Txile eta Perurako Ordezkaritzaren egoitza txiletarrean egin da, Las Condesen, Santiago hiriburuan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurralde honetako enpresariek misioa antolatu dute Brasilera
Gipuzkoako 30 enpresa inguruk parte hartzen duten Brasilerako enpresa misioa ari dira gauzatzen aste honetan bertako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak lankidetzan. Brasilgo ekonomia handituz doan garrantzia ari da hartzen eta hori ezin dakieke oharkabean pasa Gipuzkoako enpresei. Karia horretara, Gipuzkoako Bazkundeak eta Foru Aldundiak errealitate horretara gerturatu ahal izatea ahalbidetu eta erraztu nahi diete lurraldeko enpresei.
Bazkari eta harrera ekitaldi beroa Mexikoko Celaya Hiriak, alkatea buru, euskal enpresari talde bati
Mexikoko Guanajuato estatuko Celaya hiriak harrera bazkari eta ekitaldi beroa eskaini zien joan den ostiralean, ekainaren 4ean, udalerri mexikar honetan kokatu diren, kokatzen ari diren edo, kasuetako batean, bertan kokatzea aztertzen ari den lau euskal industriariei. Automozio alorreko enpresak dira edota alor horrekin lotutakoak (tratamentu termikoak). Eibar, Amurrio-Laudio, Gasteiz eta Tolosaldetik datozen enpresak dira. Etxetik kanpo sentitzeko aukera handirik ez dute izan, Celayako Garapen Ekonomikorako zuzendaria, euskal mexikarra baita, euskara ondo menperatzen duen Yon de Luisa Saseta, bertako alkate Rubi Laura Lopez Silva anderearekin batera, enpresariei Udalaren izenean ongietorria eman ziena.
Euskadin da Texas-ko Rafael Anchia euskal jatorriko hautetsia eta hitzaldia eskainiko du gaur eguerdian Bilbon
Aurretik ere aipatua dugu EuskalKultura.com-eko orrialdeotan, 41 urteko abokatu eta politikari demokrata hau, aitama euskaldunen semea, etorkizun oparoa izan dezakeen hautetsia baita. 2004tik Texas Estatuko Ordezkarien Ganberako (Kongresua) kide da, bi alabaren aita (Sofia eta Maia) eta iaz bertan, 'Urteko legelaria' hautatu zuten estatuan, Ordezkari Ganberan egindako bere legegile lana goraipatzearren. Obamazale handia, energia berriztagarrien aldeko apustua partekatzen du presidentearekin. Eta izan ere horri buruz, eneria berriztagarriez eta arlo horren Estatu Batuetan egun eskaintzen dituen garapen eta negozio aukerez mintzatuko da gaur eguerdi t'erdietan Bilbon, Euskadiko Energia Klusterrak antolatutako ekitaldian.
Bilera batera deitu du ostegunean Boisen Emprebask-USA elkartea sortu nahi duen talde eragileak
Emprebask-USA --Estatu Batuetako euskal jatorriko enpresari, exekutibo eta profesionalak bildu nahi dituen elkarteak-- bilera batera deitu du datorren ostegunerako Boisen, elkartekide izateko interesa izan dezaketen guztiei zabalik. Ekimen berriak, aurretik Txile eta Mexiko bezalako beste herrialde batzuetan egin den bezala, euskal jatorriko pertsona eta eragileak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu, euren kezkak, ahaleginak, arazoak, soluzioak eta informazioa partekatzeko, ekonomia alorreko AEBetako euskal sare bat sortuz. Boiseko bilera datorren ostegunean, ekainaren 25ean, izango da, arratsaldeko zazpietan Euskal Etxean, eta aurretik Miamin, San Frantziskon eta Salt Laken eginikoen ondotik dator.
Kaiku euskal esne-enpresak faktoria zabaldu du joan den igandean Argentinako Santa Fe probintzian
Kaiku taldeko lehenengo faktoria argentinarra zabaldu du euskal esne-enpresak joan den igandean Santa Fe probintziako San Marín de las Escobas herrian. Tinas del Sur S.A. izenarekin ari da ekoizten eta merkaturatzen esnekiak euskal enpresa eta urte osoan 4.200 tona gazta ekoiztuko dituela aurreikusten du aurten, orotara 13,2 milioi dolarreko fakturarekin. Kaikuk 64 langile dauzka Argentinan, horietarik 58 inauguratu berria den Santa Feko lantegian.
