250 bat gazte bildu ziren Tandilen FEVAk eta Gure Etxeak proposatutako ekimenetan parte hartzeko
Gazteei zuzendutako bi ekintza gauzatu dira maiatz honetan Buenos Aires probintzia argentinarreko Tandil hirian. Batetik FEVA federazioak urteko bere lehenengo Dantza Tailerra eskaini zien Argentinako euskal etxeetako dantzariei. Beste alde batetik, Gure Etxea euskal etxeak, Dantzari Topaketa gauzatu zuen. Bi erakunde hauen eskutik, Arrecifes, Bahia Blanca, Chascomus, Cnel. Pringles, Buenos Aires -- Eusko Kultur Etxea--, Gral. Rodriguez, Las Flores, Lomas de Zamora, Maipu, Mar del Plata, Necochea, Saladillo, Trenque Lauquen, La Plata, Ayacucho eta Tandil bertako neska eta mutilek dantza eta musikaz betetako asteburua partekatu zuten.
'Aiara' Dantza Talde arabarreko 16 dantzarik Argentina bisitatuko dute martxoaren 27tik apirilaren 10era arte
Aiara Dantza Taldea 1984ean jaio zen Amurrion, Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek sortuta. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak egiten dituzte jarduera handiko dantzari hauek, kasu gehienetan haiek euren ikuskizunak sortuz. Joan den urtean, taldea Aiarako 24 herrietan aurkeztu zen konpainiaren 25. urtemuga ospatzeko. Aurten, berriz, urrunagora joatea erabaki dute eta datorren martxoaren 27an lurreratuko dira Argentinan. Hemen Aberri Eguneko hainbat ekitaldietan arituko dira, baita Llavallolgo Euskal Echea Institutuan, Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin erakundeen egoitzan eta Iparraldeko Euskal Etxean ere. Euskal Echea Institutukoa izan ezik, beste aurkezpen guztiak Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearekin batera egingo dituzte gazte arabarrek.
Aitor Alava gidaritzapean, otsailaren 12an berrekingo zaie Buenos Airesen Ekin Dantzari Taldearen entseguei
Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak (Eusketxe) eta Euskaltzaleak Euskaltegiak euskal dantza talde berria sortu zuten 2008an. Aitor Alava irakasle, taldea sendotuz joan da eta gaur egun Buenos Airesko eta baita Buenos Airestik kanpoko ekintza garrantzitsuetan hartzen du parte. 'Ekin' izena Andres de Irujoren eta Ekin Argitaletxearen omenez daramatzan talde honek datorren otsailaren 12an ekingo dio aurtengo ibilbideari. Entseguak –otsailean eta martxoan– ostiralero izango dira, arratsaldeko 7:30etatik 9:30etara. Apirilean, berriz, larunbatetan. Klaseetan parte hartzeko, ez da aldez aurretik ezer jakin beharrik. Inguruan bizi bazara, 'anima zaitez' diote Ekin-go lagunek.
