Premiaz eta ETBko saio berri batean berehala hasteko Diasporako gazte baten bila ari dira
ETBn uztailean hasiko den saio batean aurkezleari sostengua emanez parte hartzaile aritzeko Diasporako gazte gizonezko baten bila ari da Euskal Telebista. Estatu Batuetakoa edo beste herrialde batekoa izan daiteke eta eskatzen zaion bakarra euskara maila onargarria eta kameraren aurrean natural agertzea da, uztail-abuztua Euskal Herrian pasatzeko prest egotearekin batera. Hautatutakoa, baldintza beretan dauden biko talde batekin hasiko da, horietako bat Rocio Basterra euskaldun argentinarra. Bai, gure irakurleek dagoeneko ezagutzen duten Rocio irakasle, euskaltzale eta pilotaria, uda honetako ETBko izarra bilakatzekotan da.
Asunciongo EEa partaide omenaldia egingo zaio Paraguain Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari
Asunciongo Jasone Euskal Etxea partaide gonbidatu, omenaldia egingo zaio datorren larunbatean Misiones departamentu paraguaitarreko San Juan Bautista hiriburuan Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari. Gipuzkoako Leintz Gatzagan jaiotako gipuzkoar honi eta bere emazte Brigida Zubia Erostarbe-ri egozten zaie San Juan eta Misiones-en herrikoiena, ezagunena eta bertakoena den plateraren sorrera, batiburrillo-a. Euskal Etxeak autobusa antolatu du, Asunciondik bertara joan nahi duten guztiek hala egin ahal izan dezaten.
Euskal Herriko hirietako kale eta txokoak ezagutzeko mugikorretarako aplikazioa egin du Euskomediak
KulturMapp izena du aplikazioak, doakoa da, eta momentuz Android sistemarako bertsioa bakarrik badago ere, aurki aurkeztuko da iPhone mugikorretarako bertsioa. Aplikazio honen bitartez telefono erabiltzaileek Euskal Herriko hiri eta kaleen mapa izateaz gain, bertan agertzen diren txokoetako historia eta kultur ondareari buruzko informazioa izango dute. KulturMapp-ek Euskal Herri osoko 175 interes gune baino gehiago biltzen ditu, eta 400 irudi inguru eskaintzen ditu.
Leonat Egiazabal: "Desezagutza handia dago Euskal Herrian Diasporari buruz, salbuespenak salbuespen"
Pertsona ezaguna da Leonat Egiazabal uruguaitarra Rio de la Platako herrialdeetan. Baita Euskal Herrian ere; Iparraldean bereziki, Diasporan sortua izanik gutxi baitira munduan euskara ikasteaz gain bere amatxiren amatxi jaio zen herria bisitatu eta izpirituz bertakotuta, euskara batuarekin batera, bertako baxenabarrera ikasi eta itsasoz bestalde mintzatzen dutenak. Graziana arra-arra-amatxi ortzaiztarra, bistan da, ez zuen ezagutu, baina Uruguaira pasatu ziren aitaren aldeko aitatxi-amatxik bai eman zioten ume zela euskal erreferentzia bat, Leonat-ek bere kontura landu, aberastu, edukiz eta ezagutzaz hornitu eta egun bere inguruan sustatu, zabaldu eta barreiatzen saiatzen dena. Duela gutxi Saltoko El Pueblo egunkariak elkarrizketa egin zion, eta EuskalKultura.com-ek, aitzaki edo estakuru hori baliatuta, orrialdeotara ekarri eta partekatu nahi izan du Diasporako lagun honen berri.
Urtero Bizkaiko Oletan egiten den euskal-australiar bazkariak bere 24. aldia bete zuen joan den larunbatean
Australian bizi izandakoen eta euskal-australiar emigrazioari lotutako urteroko elkarretaratze hau 1988an hasi zen Oletan, Amoroto herri bizkaitarreko Ugaran auzoan eta 24 edizio bildu ditu geroztik urteen buruan, datorren urtean ospatuko dituen zilarrezko ezteien atarira iritsi arte. Berrogei bat lagun batu ziren larunbatean bileraren egoitza den Oletako Epermendi jatetxera, euskaldunek XX. mendean zehar Australiara, bereziki North Queensland eskualdera, bizi izan zuten emigrazioaren lekuko, batez ere azukre-kainabera moztera joanak, gaur egun Townsville hirian euskal etxe baten sorrera ekarri duen fenomenoko parte. Aurtengo bilerak bi gonbidatu berezi izan zituen, Deustuko Unibertsitateko Pedro Oiarzabal eta Ainara Puerta Larrañaga historialariak, emigrazioan, itzuleran eta diaspora kontuetan espezialduak. Eskerrak ematen dizkiegu artikulu hau argitaratzeko eskaini diguten laguntzagatik.
Hector Izaguirre-k lekukoa hartu dio Galo Egüez-i Paraguaiko Asunciongo Euskal Etxeko lehendakari gisa
Paraguaiko hiriburuko 'Jasone' Euskal Etxeak Urteko Batzar Orokorra egin du joan den asteartean, maiatzaren 29an, bilera horretako gai nagusia Zuzendaritza Batzordea zelarik. Agintealdi berrian, Hector Izaguirre da lehendakari, orain arteko buru zen Galo Egüez idazkari izatera pasatzen delarik. Eurekin batera batzordekide izango dira, besteak beste, Arturo Sasiain, lehendakariorde gisa; Alvaro de Aguirre, idazkariorde; Ramón Cueto, diruzain; eta Alberto Urrutia, diruzainorde. Legatza saltsa berdean izan zen, bestalde, euskaldunen ordezkari, Asunciongo Udaletxe aurrean maiatzaren 15ean egin zen Janarien Azokan.
Cospus Christiko Eusko Etxeak igandean banatuko ditu Literatura Lehiaketako sariak, helduen arloan
Literatura, euskal giroa, umore ona eta turismoa eta kultura/historia osagai izango dituen egunpasa antolatu du datorren iganderako Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christin bertako Eusko Etxeak, izan ere aurten laugarren aldiz antolatu duen 'Kontaketa Harrigarriak' Literatura Lehiaketako lan irabazleak adierazi eta emateko, helduen sailari dagokionez bederen. Sarien ekitaldiaz gain, bilduko direnek elkarrekin bazkaldu eta ondoko San Ignacio herriko leku turistikoen bisita gidatua eginen dute, besteak beste jesuiten misioa eta Argi eta Soinu ikuskizuna barne. Eusko Etxeak gogora ekartzen du, bestalde, Lehiaketako gazteen sailean originak aurkezteko epeak ekainaren 30era arte segitzen duela zabalik; eta uztailaren 27-29an San Ignacion egingo duten Euskal-Argentinar Festa Handirako gonbidapena berretsi du.
Veronica Domingo argentinarrak jaso du Mintza Eguneko saria, berbalagun bezala egin duen lanagatik
Argentinan jaio eta hazitako euskalduna da Veronica Domingo gaztea, eltze askotako burruntzalia. Euskarari dion maitasun sendoak bultzatuta, Euskal Herrian bizi denez geroztik Mintzalaguna izeneko egitasmoan hizkuntza praktikatzen lagundu dio makina bat bertako euskara ikasleri. Hori dela eta, aurtengo Mintza Egunean saria jaso du Veronicak. Atzera begira, harriduraz gogoratzen du Argentinan euskara ikasteko egin zuen ahalegina eta militantzia; horregatik ezin du ulertu Euskal Herrian hizkuntza eskura izan eta ikasten ez saiatzea. Izan ere, Veronicarentzat euskara "familia da". Berarekin mintzatu da EuskalKultura.com.
Omenaldia euskaldunei Uruguaiko Kongresuan, 'Euskal Erria' Euskal Etxearen Mendeurrena ospatzeko
Uruguaiko Ordezkarien Ganberak ezohiko saio bat egingo du gaur, aurten Mendeurrena ospatzen ari den Montevideoko 'Euskal Erria' Euskal Etxearen gorazarre. Ekitaldi horretan, Jose Andres Arocena diputatu nazionalak eskatuko du hitza, euskaldunek Uruguaiko historian zehar utzi duten arrastoa eta gaur egun ere egiten duten ekarpena aipatuz, ekarpen horren adierazle Euskal Erria Euskal Etxea bera. Uruguaira XIX. mendearen lehenengo erdian iritsi ziren Goizuetako nafarren ondorengo den Arocenak euskal emigranteek bertan ereindako baloreak aipatuko ditu, EuskalKultura.com-i adierazi dionez, beste hainbat uruguaitar bezala harro baitago arbasoengandik jasotako oinordetzaz. Bestalde, Uruguaiko Posta Zerbitzu Nazionalak euskal mendeurren honi eskainitako seilua aurkeztuko du ostiral honetan Montevideon, Euskal Erriaren San Jose 1168ko egoitzan egingo den beste ekitaldi batean.
Bertan bizi diren euskal gazteen lekukotasuna biltzen du Maite Frailek 'Euskaldunak Londresen' bideoan
Hogeita hiru urteko gazte aretxabaletarra da Maite Fraile eta, beste gazte askok egin ohi duten bezala, Euskal Herria utzi eta kanpora abiatu da, bere kasuan Londresera, menturaz esperientzia berrien bila, beste hizkuntza bat ikasi eta kultura eta giro eta molde berriak ezagutzeko, seguruenik ekonomikoki Euskal Herrian bizi dugun langabezia eta krisi ekonomikoa ere sustatzaile. Maitek bideo bat egin du egun Londresen bizi diren gazte euskaldun batzuk elkarrizketatuta, eta interneten ezarri du.
