76. urtemugan ‘Guernica Gernikara’ kanpainarekin bategitea bidali dute Buenos Airesko Villa Crespo-tik
Gernikako Bonbardaketaren 76. urteurren egunean Buenos Aires hiriburuko Villa Crespo auzoko Batzorde Historikoak atxikimendu gutuna zuzendu zion Gernikako alkate Jose Maria Gorroño-ri. Bonbardaketaren biktimengatik doluminak agertzeaz gain, Villa Crespok euskal gizataldearekin duen lotura estua ere azaldu zuten Batzordeko kideek, Picassoren Guernica gernikaratzea eskatuz eta gutunaren kopia Argentinako Espainiako Enbaxadari bidaliz. Villa Crespo auzoan, Picassoren Guernica-ren erreprodukzio mural bat ikus daiteke, Repetto kaleko 1569.ean.
Alain Urrutia artista bilbotarrak "Gazing again" erakusketa inauguratuko du ostiralean Beijing-en
Beijingo MA Studiok, Etxepare Institutuaren babesarekin, sustatutako "Goazen Txinara!" arte bekari esker, Alain Urrutia margolari bilbotarra Txinan izan da lanean bi hilabetez. Orain, bertan eginiko lanekin bakarkako erakusketa eskainiko du Beijing-en, ekaina bitartean. Programa honetako bekadun batek Txinan bakarkako erakusketa egiten duen lehen aldia da. Inaugurazio ekitaldia ostiralean egingo da.
Euskal zapore eta soinuak bateginik Rosarion Itziar Aguirre chef-a eta Anne Etchegoyen kantaria medio
Bata Rosario bertako euskalduna (Aguirre) eta bestea Donapaleutik etorria, Nafarroa Beherean (Etchegoyen). Sukaldaritza eta musika izango dira Rosarioko Ros Tower hotelean burutuko den ikuskizuneko protagonistak. Euskal kulturaren omenezko gauean, Itziar Aguirre chefak eta Anne Etchegoyen abeslariak euren artea zuzenean eskainiko diete bildutako lagunei. Hitzordua apirilaren 19an, Rosarioko Ros Tower hotelean. Baina Etchegoyenen beste bi emanaldi ekainiko ditu Argentinan datorren astean: apirilaren 18an Buenos Airesen, eta apirilaren 20an Zazpirak Bat euskal etxe rosariotarrean, Aberri Eguneko ospakizunaren baitan.
Sandra Estarrona artista gasteiztarra da Valparaisoko Eusko Etxea edertzen duen muralaren egilea
Sandra Estarrona gasteiztarra Arte Ederretako ikaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, baina aurten Txilen ari da ikasten, nazioarteko truke bati esker. Viña del Mar-en Sandra Valparaisoko Euskal Etxearekin harremanetan jarri zen eta, elkarteko presidente Archibaldo Uriartek gonbidatuta, mural bat margotu du egoitzako horma batean. Rubila Araya kazetariak euskal artista gaztea elkarrizketatu du, Txilen bizitzen ari den esperientzia eta artea hizpide, besteak beste.
Kale antzerkia: Iñaki Mata aktoreak 'Oztopoak' ikuskizuna ipintzen du Argentinako euskal etxeen eskura
Gurpil-aulkia eta txotxongilo bat dira 'Oztopoak' izeneko ikuskizuneko protagonistak. Bi objektu hauek besterik ez ditu behar Iñaki Mata aktore, egile eta titiritero euskaldunak jendearengan eragin sakona sorrarazteko. ‘Aulkia metafora bat baino ez da, aitzakia bat, begiratu eta nork bere burua aurkitzeko balio diguna’, azaltzen dio EuskalKultura.com-i ikuskizuna Europa eta Ameriketako herrialde ugaritan aurkeztua duen artista gipuzkoarrak. Orain, Argentinako bere egonaldiaren baitan, 'Oztopoak' ikuskizuna euskal etxeen esparruan eskaini nahi du Matak. Interesa duten erakundeentzat, hona emanaldiak antolatzeko xehetasun eta baldintzak.
EKEk gaurko musika eta irudiari buruzko proiektu bat diruz lagunduko du; Diasporak ere parte har dezake
Euskal Kultur Erakundeak sorkuntza sustatzeko Hogei'ta egitasmoaren barruan deialdi berria egin du: kasu honetan, musika eta irudia erabiliz euskal kultura eta euskara berrintepretatzen duen proiektu batlagunduko du elkarteak, gehienez 13.000 euroz. Deialdian EKEk Iparraldeko zein Hegoaldeko kultur erakunde ezagunen sostengua du. Euskal Herriko, Diasporako zein nazioarteko artistek parte har dezakete, EKEk EuskalKultura.com-i baieztatu dionez. Proposamenak euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz edo ingelesez bidal daitezke. Hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.
"Zortzi" ikuskizunak euskal inauteriak eramango ditu Quebec-era martxoaren 7an, Euskaldunak elkartea partaide
Christophe Pavia artista hendaiarrak eta Adelaide Daraspe urruñarrak sortua da "Zortzi" ikuskizuna, eta datorren martxoaren 7an aurkeztuko da lehen aldiz Montrealen, Quebec-en. Aurkezpena bertan egitearen arrazoia zera da, Daraspe, Euskaldunak elkarte quebectarreko presidentea dela eta euskal etxea ere ikuskizunaren sorkuntza prozesuan eta aurkezpenean partaide dela. "Zortzi"k euskal inauterien irakurketa artistikoa proposatzen du, Paviak joaldunen kapeletan oinarritutako piezak eta orrazkerak aurkeztuko dituelarik. Ondoren, Daraspek aratusteei buruzko solasaldia eskainiko du. Montrealeko Rialto antzokian aurkeztuko da ikuskizuna.
Euskal Herriko paisaiak eta ondarea argazkitan ikusi nahi? Sartu 3digitala.com webgunean!
Euskomedia Fundazioaren 3digitala.com webguneak Euskal Herriko argazki bilduma zabala eskaintzen du: zehazki, 43.783 irudi, une honetan. Artxibo zabal honetan ikusmiratzeak euskal paisaietan, historian eta kultur ondarean barrena bidaia birtuala egiteko aukera eskaintzen du, mundu osoko erabiltzaileen eskura. Horrez gain, argazki bat bereziki atsegin dutenentzako irudia erosi eta inprimatzeko aukera ere ematen du webguneak.
Lapridako Lagunen Etxea euskal etxeko euskal bitxigintza tailerreko partaideen lanak erakusgai ipiniz
Lapridako Lagunen Etxea euskal etxe argentinarrak euskal bitxigintza tailer kontzeptuala antolatu eta garatu zuen 2012an zehar. Silvia Azpiazu irakaslearen gidaritzapean, ikasleek beren sentipenak bitxigintzaren bidez adieraztea lortzea zen helburua eta urteari eta ikastaroari amaiera emateko, tailerrean egindako bitxiekin erakusketa antolatu zuten, euskal ikutua eta ikasleen irudimena osagai dituzten hainbat emaitza eder lortuz.
Urtarrilaren 30a bitartean irekia dago "Goazen Txinara!" arte sorkuntza beka eskatzeko epea
Pekinen bi hilabeteko arte erresidentzia egin nahi duten euskal artistek "Goazen Txinara!" 2013 beka eskatzeko aukera dute, urtarrilaren 30a bitartean. Hiriburu txinatarrean bizi den Judas Arrieta artista hondarribiarrak sustatuta, programa honek bosgarren edizioa du aurten eta Etxepare Euskal Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.
