Zuzendaritza berritu du La Platako Goierri euskal gastronomia elkarteak; Cesar Arrondo, lehendakari
Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburu La Platan egoitza duen Goierri Euskal Gastronomia Elkarteak bere zuzendaritza berritu du, estatutuen arabera, batzorde berrituan daudela, besteak beste, Cesar Arrondo, lehendakari; Vilma Sanz, lehendakariorde; Carolina Echeverria, idazkari; eta Pedro Mauregui Larranda, diruzain. Elkartea euskal etxe gisa onartu zuen Eusko Jaurlaritzak iragan urtarrilean. Goierrik, bestalde, gertu dagoen Gernikako Bonbardaketaren urteurren berria, 76.a, gogoan hartzera deitu du, ahal dela oroitzapen eta gomuta hori publikoki eta aktiboki agertuz.
Fractal gogoeta aldizkari mexikarrak ETA ondoko Euskadiri buruzko monografikoa plazaratu du
Ekitaldi berezia egingo da bihar Mexiko DFko Euskal Etxean; izan ere, bertan aurkeztuko da Fractal aldizkariaren azken zenbakia. Gogoeta hiruhilabetekari mexikar honek ETAren ondoko Euskal Herriari buruzko ale monografikoa plazaratu du eta euskal elkartea aukeratu du berau ezagutzera emateko gune aproposena bezala. Aurkezpenean aldizkariaren zuzendari Ilan Semo eta ale honen koordinatzaile Joseba Buj izango dira, besteak beste.
FEVAk euskal dantza tailerra antolatu du Pergaminoko Lagun Onak EEarekin batera, apirilaren 27 eta 28an
Euskal Argentinar Erakundeen federazioak (FEVA) Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxearekin batera Buenos Aires probintziako herri horretan apirilaren 27 eta 28an antolatu duen euskal dantza tailerrean parte hartzera deitu die "dantza zuzendariei edo euskal etxeetan irakastera prest dauden dantzari aurreratuei". Izen-emateak apirilaren 19aren aurretik behar dira egin. Bestalde, federazioak buruzagientzako formakuntza ikastaro berri bat egingo du maiatzaren 11ean Rio Cuarton, Cordoban, xehetasunak aurki adieraziko dituela, esan du.
Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak BOGA online euskara ikastaroa abiatu du
Martxa polita hartu du azkenaldian Valladolideko Gure Txoko elkarteak eta, apurka apurka, azaleratzen ari dira urteetako lan isilaren emaitzak. Horien artean aipagarriak dira elkartearen euskara klaseak, Sonia Hernandez irakaslea buru delarik, eta baita iragan astean abian jarri zen ikastaro berria ere: BOGA online metodoa, euskara etxetik ikasteko aukera ematen duena. Eskaintza berri honekin batera, elkarteak nagusientzako klase presentzialak eta haurrentzako euskara taldea ere sustatzen ditu.
La Platako ikasleek irabazi dute Etxepare Institutuak antolatutako Korrika 18ko bideo lehiaketa
Etxepare Euskal Institutuak Korrika 18 kari lehiaketa batean parte hartzeko gonbitea luzatu zien munduko hainbat unibertsitatetan euskara irakurletzetako ikasle direnei, eta erantzun aparta izan du proposamenak. Munduko makina bat bazterretatik jasotako hamaika bideoen artean, La Platako Unibertsitate Nazionaleko ikasleek bidalitakoa izan da lehiaketaren irabazlea, Idurre Lekuona irakasle. Sari honi esker irakurletzako kide batek Euskal Herrian AEKko barnetegi batean ikastaroa egin ahalko du. Zorionak!
Toki Eder Euskal Etxeak Zuzendaritza berritu du 2013-2015 agintaldirako, Lidia Lucía Lechardoy buru
José C. Paz hiriko Toki Eder euskal etxeko Zuzendaritza Batzordea berritu zuten martxoaren 24an egindako Batzar Orokorrean, datozen bi urteetarako agintari berriak hautatuz. Toki Ederreko presidente berria Lidia Lucía Lechardoy izango da; presidenteordea, Óscar Ausejo; idazkaria, María Ángeles Oñederra; idazkariordea, Joxe Erostarbe Aranburu; diruzaina, Darío Guillermo Rodríguez eta diruzainordea, Alfredo José Ormazabal.
Javier Oteiza da Santa Fe probintziako Zazpirak Bat Euskal Etxe rosariotarreko presidente berria
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak, Santa Fe probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu du pasa den martxoaren 16ko Ohiko Biltzar Orokorrean. Agintealdi berria hasiko duen Zuzendaritza Batzordeak Javier Oteiza hautatu du presidente, eta harekin batera arituko dira Fernanda Fignioni Múgica, lehendakariorde, eta Alicia Igarazabal, idazkari, besteak beste.
Chascomuseko EEak Urteko Biltzar Nagusia egingo du bihar, 2011 eta 2012ko kontu eta txostenak zabalduz
Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzian, bihar larunbaterako, martxoaren 23rako, egin du Urteko Biltzar Nagusirako deia, bere lehendakari Pedro Mauregui Larranda eta idazkari Martin Larralderen eskutik. Horrekin batera, 2011ko eta 2012ko kontu txostenak zabaldu ditu internetez (ikus linkak artikuluan) eta deia luzatu du baita ere, EEren hileroko buletina jaso nahi dutenek euren emailak eman ditzaten. Biltzarrak 2013-2015 eperako buruzagitza hautatuko du eta Aberri Eguneko topa ere egingo du.
Lagun bat doanean... Norma Rios Buenos Airestik idazle Beñat Minondoren ustekabeko heriotzaz
"Lagun bat doanean hutsunea geratzen da, beste lagun baten iristeak bete ezin duena... dio Alberto Cortes kantautore argentinarraren kantuak. Igande arratsaldean telefonoak deitu zuen eta ahots triste batek nire lagun Beñat hila zela esan zidan. Tristezia handik batek hartu ninduen eta buruan irudi-sail bat hasi zitzaidan itzulika, film emanaldi bat izango bailitzan. Ezin nuen entzun berria nuena sinetsi eta aurpegitik behera malkoak kontrolik gabe hasi zitzaizkidan isurtzen". Buenos Airestik, bertako CVF-Iparraldeko Euskal Etxeko idazkari den Norma Riosek bidali dizkigu lerro hauek.
Euskal Argentina elkarteko diruzain Beñat Minondo hil da, tupustean, Euskal Herrian, 57 urte zituela
Beñat Minondo, pertsona ezagutua Diasporan, bereziki Argentina eta Uruguaiko euskal etxe giroetan, joan den igandean, martxoaren 17an zendu da, etxean topatu baitute hilik, seguruenik bihotzekoak jota. Beñat Minondok 57 urte zeuzkan eta Euskal Argentina elkarteko diruzaina zen. Hamarretik gora bidaia eginak zituen Argentina eta Uruguaira, eta urtero entseatzen zen Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartzen, Euskal Argentina elkarteko kide gisa. Iragan urri-azaroan Rosarion zen eta aurten ere Villa Mariakora joateko xedea agertu zuen. Elizkizunak eta ehorzketa asteazken honetan egingo dira Eiheralarren. Gogoan bego.
