Euskara, artea, dantza, musa, kirola, zinea, sukaldaritza... Uruguaiko Saltoko euskaldunen 2013ko eskaintza
Saltoko Euskaldunen Taldea du izena Saltoko (Uruguai) euskal etxeak eta aurten apiril honen hasierarekin bat zabaldu eta jakinarazi dute urteko, 2013ko, ekitaldien eskaintza. Ohi bezala ilusioz ekin diote eta euskaran, esaterako, Montevideotik datorkien Leonat Egiazabal izango dute aurrez-aurreko eta urrutizko irakasle. Horrekin batera jorratuko dituzte pintura, euskal dantzak, musa, sukaldaritza, zinema, kirolak, egingo dituzte ohiko festak...
Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak Aberri Eguna ospatu zuten Peruko zazpi hiritan
Aberri Eguneko ospakizunak Peruko zazpi hiritara zabaldu dira aurten, Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak sustatu duten ekimenari esker. Kofradiak jakitera eman duenez, euskaldunek eta euskaldunen ondorengoek bat egin zuten ekitaldiotan eta meza eta afariekin ospatu zuten egun hau Limako egoitzan, eta Puno, Arequipa, Trujillo, Cajamarca, Jauja eta Ica hirietan.
Alain Urrutia artista bilbotarrak "Gazing again" erakusketa inauguratuko du ostiralean Beijing-en
Beijingo MA Studiok, Etxepare Institutuaren babesarekin, sustatutako "Goazen Txinara!" arte bekari esker, Alain Urrutia margolari bilbotarra Txinan izan da lanean bi hilabetez. Orain, bertan eginiko lanekin bakarkako erakusketa eskainiko du Beijing-en, ekaina bitartean. Programa honetako bekadun batek Txinan bakarkako erakusketa egiten duen lehen aldia da. Inaugurazio ekitaldia ostiralean egingo da.
Munduko euskaldunen Aberri Eguneko ospakizun gehiago: Las Vegas, San Salvador, Montevideo...
Diasporan zehar euskal etxe eta euskaldun talde askok Euskal Herrian baino geroago egin ohi dituzte Aberri Eguneko ospakizunak eta beraz oraindik ere zenbaiten berri ari da heltzen geurera. Estatu Batuetan, esaterako, Las Vegas hiriko Lagun Onak euskal etxeak hilaren 14ean egin zuen Aberri Eguneko jaia, Red Rock Canyon Parkean antolatu zuten piknik batekin. Aldiz, El Salvadorren, euskaldun talde batek Aberri Egunaren ospakizunaren baitan omenaldia eskaini zion euskaldun bati, Marta Gonzalez internazionalistari. Montevideon, Euskal Erria Euskal Etxekoek 101. urteurrena ospatu zuten Aberri Egunarekin batera.
Gaur azken eguna izena emateko La Platako Euskara eta Euskal Kultura Mintegian; eskolak etzi hasiko dira
La Platako Unibertsitate Nazionaletik gogora ekartzen dute UNLPn aurtengoarekin seigarren ikasturtez segidan emango diren Euskal Historia, Hizkuntza eta Kultura Mintegian izena emateko epea gaur amaituko dela, izan ere eskolak etzi asteazkena hasiko baitira unibertsitateko Zientzia Ekonomikoen Fakultateko Graduondoko Ikasgelan. Eskolak astean behin dira, asteazkenetan, Idurre Lekuona errenteriarra lektore.
Antso Jakituna Fundazioaren bekak euskal unibertsitarientzat euskal gaiak landuz
Euskal Herriari buruzko ikerketak egiteko Antso Jakituna Fundazioak urtero ematen dituen bekak eskuratzeko deialdia zabalik da. Bekak Euskal Herriko edozein unibertsitatean matrikulatutako ikasleei zuzenduta daude eta euskal gaiei buruzko ikerketa bultzatzea dute helburu. Fundazioak 600 euroko bi beka banatuko ditu eta lanak uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira. 25 orrialdeko luzera beharko dute izan gehienez. Aurreko edizioetako saritutakoen artean izan da euskal diasporari lotutako gai irabazlerik.
Juan Inazio Mutiloa, Shanghaiko Euskal Etxearen sortzaile izan zena, Industria eta Energia sailburuorde
Juan Inazio Garcia de Mutiloa gasteiztarra, Shanghaiko Euskal Etxeko sortzaile eta lehenengo presidente izan zena, Industria eta Energia sailburuorde da Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzan. SPRIrekin heldu zen Txinara eta argi ikusi zuen bertara zihoazen euskaldunek --berak tarteko-- euskal etxe bat behar zutela. Bilboko Deia egunkariak horretaz eta beste hainbat gauzez elkarrizketa argitaratu zion atzo. Mutiloarentzat baliotsuak izan ziren oso, pertsona zein profesional gisa, Txinan pasatutako urteak. Gazteei "mundua jatera atera behar dute"la esaten die.
Zuzendaritza berritu du La Platako Goierri euskal gastronomia elkarteak; Cesar Arrondo, lehendakari
Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburu La Platan egoitza duen Goierri Euskal Gastronomia Elkarteak bere zuzendaritza berritu du, estatutuen arabera, batzorde berrituan daudela, besteak beste, Cesar Arrondo, lehendakari; Vilma Sanz, lehendakariorde; Carolina Echeverria, idazkari; eta Pedro Mauregui Larranda, diruzain. Elkartea euskal etxe gisa onartu zuen Eusko Jaurlaritzak iragan urtarrilean. Goierrik, bestalde, gertu dagoen Gernikako Bonbardaketaren urteurren berria, 76.a, gogoan hartzera deitu du, ahal dela oroitzapen eta gomuta hori publikoki eta aktiboki agertuz.
Fractal gogoeta aldizkari mexikarrak ETA ondoko Euskadiri buruzko monografikoa plazaratu du
Ekitaldi berezia egingo da bihar Mexiko DFko Euskal Etxean; izan ere, bertan aurkeztuko da Fractal aldizkariaren azken zenbakia. Gogoeta hiruhilabetekari mexikar honek ETAren ondoko Euskal Herriari buruzko ale monografikoa plazaratu du eta euskal elkartea aukeratu du berau ezagutzera emateko gune aproposena bezala. Aurkezpenean aldizkariaren zuzendari Ilan Semo eta ale honen koordinatzaile Joseba Buj izango dira, besteak beste.
FEVAk euskal dantza tailerra antolatu du Pergaminoko Lagun Onak EEarekin batera, apirilaren 27 eta 28an
Euskal Argentinar Erakundeen federazioak (FEVA) Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxearekin batera Buenos Aires probintziako herri horretan apirilaren 27 eta 28an antolatu duen euskal dantza tailerrean parte hartzera deitu die "dantza zuzendariei edo euskal etxeetan irakastera prest dauden dantzari aurreratuei". Izen-emateak apirilaren 19aren aurretik behar dira egin. Bestalde, federazioak buruzagientzako formakuntza ikastaro berri bat egingo du maiatzaren 11ean Rio Cuarton, Cordoban, xehetasunak aurki adieraziko dituela, esan du.
