"Euskaldunen berri, euren historia, egitatea eta AEBekiko partaidetza azaltzea dira ekimenaren helburuak"
“Begibistan ezkutatuta: euskaldunak” , bihar New Yorkeko Ellis Island-en inauguratuko den erakusketak euskaldunek munduan zehar izan duten eragina nahi du erakutsi. Ekimenak, Euskal Herritik Estatu Batuetara alde egin zuten euskal herritarren bizipenak helarazi nahi dizkio bisitariari. New York-eko Ellis Island museoan egongo da zabalik bihartik, otsailaren 6tik, apiriliaren 6ra arte. Hizkuntza, ohiturak eta euskaldunen baloreak aurkeztea eta Estatu Batuetara pasatzeko izan zituzten arrazoiak azaltzea da erakusketaren helburua. Euskal herritarrek munduan zehar izan duten eragina azaldu nahi die hurbilduko zaizkion bisitariei.
Eduardo Calvo eta Sergi Sanchez Bartzelonako Euskal Etxeko XV. Mus Txapelketako irabazle, 32 bikote artean
Euskara partaide, gaur hasiko da Parisen 2010 Expolangues Azoka, hizkuntza eta kultura katalana ardatz
Gaur zabalduko ditu ateak Parisen Hizkuntz eta Kultur arloko bilgune garrantzitsua den Expolangues Azokaren 2010eko edizioak, euskara ere partaide dela, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ezarriko duen ohiko stand-a medio, eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea erakundeak izango duen ordezkaritza tarteko, baita Cervantes institutuaren bitartez ere. Aurtengo azokak hizkuntza eta kultura katalana hautatu ditu gonbidatutzat eta, beraz, kataluniera mintzo den herrialdeetako partaidetza zabala bilduko da, programa eta hitzaldi eta ekimenen alorrean, zein standen eta erakusleenean.
Senpere aldeko euskal kantu xaharrak, "bertso eta kantak, ezagunak eta argitara gabeak...", 2 CDtara bilduak
Euskal kantu herrikoia maite duenak badu plazaratu berria den altxor berezia entzungai eta eskuragarri. Senpere inguruko kanta xaharrak, jendeak oroitzen, kantatzen eta biziarazten dituen maneran kantatuak ezarri dituzte CDtan. Senpereko Oxtikenekoak kultura elkarteak 1999 eta 2009 artean grabatu Senpere aldeko kantu zaharrak bilduak ditu bi diskotan. 1999an ekin bideari jarraikiz, Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz, Sara-Senpere-Azkaine inguruko zonbait kantu ez hain ezagunak ekartzen ditu argira gaurko belaunaldien gozamenerako. "Bertso eta kantak, onak eta txarrak, ederrak eta kaxkarrak, ezagunak eta argitaratu gabeak. Denetik dituzu (...) denak dira gure Herrikoak, euskal nortasuna adierazten dutenak". Herria astekariak argitaratutako artikulua.
Chacotik, Fabio Echarri euskal argentinarrak webgunea estreinatu du, bere artikulu eta lanak bertara bilduz
Ezaguna da Fabio Echarri Argentinako euskal komunitatean gisa batera edo bestera egin dituen lanengatik, izan Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide gisa edo, azken urteotan, beste elkarte euskal-argentinar batzuetatik ere garatu duen lana medio. Kazetari edo ikertzaile moduan, edo Museoen eta ondarearen eremuari buruzko idazle, fikzioa ere gustatzen zaionez, literatur sariren bat irabazki eta kontaketaren bat ere liburu gisa argitaratu izan du bestela ere euskal gaiei buruz lan frango egin duen nafar jatorriko euskal-argentinar honek. 'Vasco' Echarriren lanak irakurri nahi dituenak, aukera handiagoa izango du aurrerantzean, webgune berri honi esker.
Damian Nicolas Cebey epailea berrautatu dute Argentinan San Nicolaseko Euskal Etxeko lehendakari
Damian Cebey epaileak segitzen du izaten Buenos Aires probintziako San Nicolas de los Arroyos herriko Euskal Etxeko lehendakari, euskal elkarte horrek abenduan eginiko Urteko Batzar Nagusia eta gero. 2005ean hautatu zuten lehenengo aldiz ordura arte lehendakariorde zen Cebey eta geroztik urtero berritu diote konfidantza San Nicolaseko euskal etxeko bazkideek. Berarekin batera arituko dira Zuzendaritza Batzordean, besteak beste: Manuel Eugenio Brogliatti, lehendakariorde; Marcelo Gabriel Barrangu, idazkari; Maria de los Angeles Domenech, idazkariorde; Maria Francisca Aramburu de de Cara, agirietako idazkari; Maria Teresa Aramburu, diruzain; eta Ana Maria Erausquin, diruzainorde.
Echenique: "Euskadiko ordezkari bat ez da enbaxadari bat eta hori asumituz askoz ate gehiago zabalduko dira"
"Lopez-en Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaritzak argi ikusten du. Euskadi autonomia erkidego bat da, ez estatu bat. Beraz bere lanak kanpoan bere interes ekonomikoak defenditzea baino ez du izan behar. Ikusmolde honek gidatzen du buru duen Guillermo Echeniqueren egitekoa". Hitz hauekin hasten du Noticias taldeko Marta Martin kazetariak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin joan den igandean igandean argitaratu zuen elkarrizketa.
Iñake Perugorria soziologo euskal argentinarra tesia ari da egiten Bilboko Aste Nagusiaz AEBetan (audioa)
Iñake Perugorria soziologo argentinarra tesia ari da prestatzen Bilboko Aste Nagusiaz, AEBetako Rutgers New Jerseyko Estatu Unibertsitatean aurkezteko. Nafarroako Beratik Sarara pasa eta handik Uruguai eta Argentinarra emigratu zuten euskaldunen ondorengo den 33 urteko emakume hau UBAn (Universidad de Buenos Aires) lizentziatu zen Soziologian eta 15 urte zituela bisitatu zuen lehenengoz 'in situ' bere familian --bere izen tipiari besterik ez zaio erreparatu behar-- hain presente egon den Euskal Herria eta euskal kultura. 2008an, Rutgers Unibertsitatean doktorego ikasketak egiten ari zela, Algortako lagun bat bisitatu eta Bilboko Aste Nagusia ezagutu zuen. Festaren 'izaera irekiak' harritu zuen eta orain gai horixe hautatu du bere tesirako, 2012an AEBetan aurkezteko.
Martxoaren 15era arte dago zabalik euskal kataluniar alderatze azterketak egiteko laguntzetara aurkezteko epea
Urtero deitzen dituzte dirulaguntzok Institut d'Estudis Catalans erakunde katalanak eta Eusko Ikaskuntzak, bi kulturak uztartuz edo bi kulturei dagozkien gai edo alderdiak alderatuz edo ikertuz eginiko lanei sostengua emateko. 4.680 euroko diru kopuruz hornitua, hiru hilabeteko epea daukate lanok gauzatuak izan daitezen eta hautagaiek Eusko Ikaskuntzako kide beharko dute izan, edo kide izateko eskaera egina izan beharko dute. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren martxoaren 15ean bukatuko da.


