euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Shanghaitik New Yorkeraino, mundu osoko Euskal Etxeak prestatzen ari dira Aberri Eguna ospatzeko

2008/03/20

Aberri Eguna ospatzen Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxean, iaz (argazkia Gure Txoko EE)
Aberri Eguna ospatzen Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxean, iaz (argazkia Gure Txoko EE)

PUBLIZITATEA

Badator Aberri Eguna eta munduan zehar asko dira data honen karietara ospakizunak antolatzen ari diren euskal etxeak. Dei honek itzal handia du Diasporako euskaldunen artean eta euskal etxe bat dagoen leku ia guztietan bazkari edo ekitaldi bereziren bat antolatzen da. Hitzordu gehienak asteburu honetan bertan izango dira, Berpizkunde Igandearekin batera. Horrela gertatuko da Madrilen, Mexikon edo Caracasen, adibidez. Beste leku batzuetan, adibidez, AEBetako Washington-en edo Argentinako General Rodriguezen, jaia atzeratu egingo dute, apirilaren 5 eta 6ra, hurrenez hurren. Jarraian hitzordu desberdinen berri ematen dugu.
Aberri Egunaren ospakizunak aurten ere oihartzun handia izango du euskal Diasporan, herrialde desberdinetako euskal etxeek antolatu dituzten ekitaldiei esker. Goiztiarrenak aurten Shanghaiko Euskal Etxeko kideak izango dira. Larunbatean Txinako euskal etxe bakarreko kideek hiri honetako katalanen aurka futbol partida jokatuz hasiko dute eguna eta gero euskaldun eta kataluniarrek bat egingo dute euskal etxean bazkaltzeko.

Estatu Batuetan hurrengo egunean lekukoa hartuko du New Yorkeko Eusko Etxeak, ohi duten bezala kide eta lagunak bilduz Aberri Egunaren jaian. Eguna Josu Iriondok emango duen mezarekin hasiko dute eta ondoren Iñaki Letek prestaturiko bazkari goxoa jango dute euskal etxean. Igandean ere ospakizuna egingo duten beste elkarte batzuk Venezuelako Caracaseko Euskal Etxea eta Valentziako euskal elkartea izango dira.

Mexiko, Madril eta Argentina

Mexikon urtero hiru euskal taldeek ospatzen dute egun hau, eta aurten ere ez dute huts egingo: DFko Euskal Etxean bazkaria antolatu dute igandean eta Celayako euskaldunak urtero legez Arrano Beltza txokoan bilduko dira. Cancungo euskaldunek ere bazkaria antolatu dute eguna ospatzeko. Madrilen Euskal Etxeak ere igandean bertan ospatuko du Aberri Eguna, elkarteko kideak egoitzan egingo duten bazkarira bilduz.

Argentinan euskal etxe gehienek ekitaldi bereziren bat antolatu dute iganderako, izan bazkaria edota kultur ekitaldi bereziren bat. Hala ere badira jaia atzeratu egingo duten bi elkarte. General Villegaseko Eusko Aterpeak apirilaren 6ean ospatuko du jaia eta Cañuelasen apirilaren 12 eta 13an egingo dute, Dantzari Egunaren bigarren edizioarekin batera. Ipar Amerikan ere Washingtoneko Euskal Etxeak apirilaren 5ean egingo bere Aberri Eguneko Piknika, baina eguraldi txarra eginez gero apirilaren 19ra atzeratuko dutela iragarri dute.


Lotura interesgarriak

2007ko Aberri Egunaren oihartzunak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 20an

NYko Eusko Etxeko 2007ko Aberri Eguna
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirialren 19an

Mexiko Aberri Egunak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirialren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia