Hemen zaude: Hasiera Albisteak Santo Tomaseko ospakizunak New Yorkera helduko dira aurten, Eusko Etxea elkarteari esker

Santo Tomaseko ospakizunak New Yorkera helduko dira aurten, Eusko Etxea elkarteari esker

2011/12/16

Datorren abenduaren 21ean Euskal Herriko hainbat lekutan Santo Tomas eguna ospatuko da, eta Donostia eta Bilbo bezalako hirietan milaka lagunek baserritar arropak jantziko dituzte eta azokara joango dira txistorra pintxo edo talo tipikoa dastatzeko. Jaia Diasporako zenbait komunitatera ere helduko da aurten, hala nola Bartzelona, Madril... eta New York. Sagar Handiko jaia bihar bertan egingo da, euskal etxean, eta bertan izango da ere Olentzero, elkarteko txikientzako opariekin.

New York, AEB. New Yorkeko Euskal Etxeak Santo Tomas eta Olentzero jaiak elkarrekin ospatuko ditu bihar, bertako euskal elkartearen aurtengo azkena izango den ekitaldian. Hitzordua 16:00etan izango da, Brooklyngo egoitzan, eta bertara biltzen direnei baserritarrez jantzita joateko deia luzatu diete antolatzaileek.

Jaiak azoka eta guzti izango du, Euskal Herrian bezala: izan ere talo, sagardo eta txistorra postuak jarriko dituztela iragarri dute euskal etxetik.

Gabon kantak ere abestuko dituzte jaian, txikiek eguneko izarraren etorrera itxaron bitartean: Olentzero 18:00etan helduko da, makina bat oparirekin gainera. Jaian parte hartu nahi izanez gero, bidali mezua Jon Cerezali (cerezal_oronoz@hotmail.com); eta haurrekin bertaratzeko asmoa duenak, Maria Konteli (opariak prestatzeko): mariacontel@brooklyn.cuny.edu.

Bartzelonako Euskal Etxean ere bihar bertan ospatuko dute Santo Tomas. 18:00etan poteoa egingo da Ribera auzoan, txistulari, trikitilari, dantzari eta txalapartariek lagunduta. Kalejira euskal elkarteko txokoan bukatuko da, txistorra eta sagardo afari batekin. Txotx!

Madrilgo Euskal Etxean, ostera, egutegiz dagokion egunean ekingo diote Santomaseko txistorraren tradizioari: 21ean, alegia, asteazkenean. Iluntzeko zazpi t'erdietatik aurrera izango da eta bertara euskal elkarteko kide eta lagun guztiak daude gonbidatuta. "Urtero legez, egun horretan gure egoitza, Arbizuko txistorra goxoa dastatu nahi duten madrildar guztiei ere zabalduko diegu", erantsi dute.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita