euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Radio Nacional-ekin adostasun ezaren ondorioz, Rosarioko 'Euskaldun hitza' saioa internetez soilik ematen da

2011/02/11

'Euskaldunaren Hitza' irratsaioa egiten dutenetako batzuk, programaren zazpigarren urtemugan
'Euskaldunaren Hitza' irratsaioa egiten dutenetako batzuk, programaren zazpigarren urtemugan

PUBLIZITATEA

Azken urte hauetan, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen iritzi eta pentsamoldeen adierazle den 'Euskaldun hitza' irratsaioa bertako Radio Nacional-etik egiten zen, asteazkenero eguerdiko ordu batetik ordu bietara. Aurten, ordea, eta ordutegi arloko desadostasun bat medio, nonbait, emankizunaren arduradunek irrati hori uztea erabaki dute. Gaiari erabateko irtenbidea eman arte, saioa egiten jarraituko da baina entzuleek internetez entzun beharko dute, beste irrati bat aurkitu arte.

Rosario, Argentina. Zortzi urte daramatza airean Zazpirak Bat Euskal Etxeak ekoizten duen 'Euskaldunaren hitza' irratsaioak. Zortzi urte Euskal Herriko eta Rosarioko euskaldunen berriak zabaltzen. Orain arte, irratsaioa asteazkenero –eguerdiko ordu batetik ordu bietara– eskaintzen zuen Santa Fe probintziako hiri honetatik bertako LRA5 Radio Nacional Rosario emisorak AM 1300 y FM 104,5 frekuentzietan. Aurten, berriz, euskal emankizuna ez da irrati honetatik egingo.

“Aurten Radio nacional-ek ez du gure betiko ordutegia errespetatu; hori dela eta irrati horretan ez geratzea erabaki dugu”, adierazten du saioaren aurkezlea den Luis Maria Barrandeguyk. “Hala ere, aurrera segitzen dugu gure asteko elkarretaratzearekin eta saioa zuzenean entzun daiteke internet bidez euskal etxeko web orrian –www.zazpirakbat.com– edo geure orrian –www.palabradevasco.com.ar–. Bitartean, beste emisora baten bila gabiltza”, azaldu du Barrandeguyk. 

Elkarrizketak, berriak, musika eta lagunen arteko mintzaldiak partekatzea da saioaren helburua eta hala jarraituko du nahiz eta, momentuz, sarean soilik. Hala ere, egoera konpondu bezain laster, irratiko dialean aurkituko dute berriz ere euskaldun rosariotarrek beren programa hau, asteazkenero, eguerdian, hala adosten badute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia