Hemen zaude: Hasiera Albisteak Rio Gallegosko Hegoalde Argentinarra EEaren ‘Sala Euskalduna’ telesaioa Liburu Azokan ikusgai

Rio Gallegosko Hegoalde Argentinarra EEaren ‘Sala Euskalduna’ telesaioa Liburu Azokan ikusgai

Joan den asteburuan bukatu da Patagoniako Santa Cruz probintziako hiriburuan bertoko Liburu Azokaren 2012ko edizioa. Beste hainbat erakunderekin batera, Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra euskal etxeak bere kultur ekarpena egin dio ekitaldiari erakundeak berak ekoizten duen ‘Areto euskalduna’ (gaztelaniaz, Sala Euskaldun) telebista saioa proiektatuz. “Azokan eman genuen saioa zikloko azkena izan da. Uztailean berriro hasiko gara. 2012ko bigarren zikloak beste zortzi emanaldi izango ditu eta bukatu berria bezala, Rio Gallegoseko 9. telebista kanalean ikusi ahal izango da”, azaldu dio euskal etxeko lehendakari Cesar Arizmendik EuskalKultura.com-i.

Rio Gallegos, Argentina. ‘Sala Euskalduna (Areto Euskalduna)’ telebista saioa Rio Gallegoseko euskal etxeak eta bertoko 9. Telebista kateak elkarrekin ekoizten duten proiektua da. 2011an aireratu zen eta arrakastak bultzaturik, aurten esperientzia errepikatzea erabaki zuten Hegoalde Argentinarra erakundeko arduradunek. “Oso proiektu polita da. 9. kanala azpiegituraz arduratzen da eta gu edukiaz. Iaz aireratu genuen lehendabiziko edizioa eta oso ondo atera zenez, aurten errepikatu nahi izan dugu”, adierazi du Cesar Arizmendik.

“2012ko proposamena iazkoa baino zabalagoa izango da. Zikloak bi zati izango ditu. Lehena apirilean hasi zen eta joan den igandean aireratu genuen azken programa. Emanaldia berezia izan zen hiriko Liburu Azokaren baitan egin baitzen. Eta dena ondo badoa, datorren hilabetean zortzi saioko bigarren zatiari ekingo diogu”.

Edukiei dagokienez, 54 minutuko saioan euskal etxeko bazkide diren Miguel Auzoberria, Marta Goyheneix eta Roberto Arizmendik Euskal Herriari buruz mintzatzen dira eta ‘Kimuak’ bildumaren bizpahiru laburmetraia eman daitezke, esaterako. “Berriak, informazioa eta, oro har, Euskal Herriko kultura ezagutarazteko baliagarriak diren datuak komentatzen dira ikusleekin. Badakigu jende askorengana heltzen garela. Anekdota gisa kontatu nahi dut duela gutxi jakin dugula arrantza-ontzi batean ikusten zutela saioa. Seinalea hartu zuten eta ‘Sala Euskalduna’ ikusten zuten hor itsas zabalean”, kontatu digu Arizmendik.  Gogora dezagun 9. kanala Tierra de Fuegorekin batera Argentinako australena den Santa Cruz probintzia osoan zehar ikusten dela.

Euskal pilota

Telesaioaz gain, beste proiektu polit bat dute munduko euskal etxerik australena den honetako kideek. Batez ere gazteei kirol egiteko aukera emate aldera, hitzarmen bat sinatu zuten hiriko pilota eskola batekin. “Hor badute frontoi bat eta oro har entrenatzeko beharrezkoa den azpiegitura. Eta gure kide batzuen seme-alabak joaten dira pilotan aritzera. Aurten gazteentzako txapelketa bat antolatu zen eta euskal etxea ekintzaren babeslea izan da. ‘Kirol zintzotasuna’ delako txapelketa ere antolatu genuen udaberrian. Negua heltzen denean hemen ezer gutxi egin daiteke eta beste bi lehiaketa egingo ditugu. Bata hiriko pilotarien artean eta bestea probintzia mailakoa izango da”, iragarri du Arizmendi lehendakariak. 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Rio Gallegosko Hegoalde Argentinarra EEaren ‘Sala Euskalduna’ telesaioa Liburu Azokan ikusgai

Roberto Arizmendi, Miguel Auzoberria eta Marta Goyheneix Patagoniako euskal telebista saio hau aurkezten (argazkia Tiempo Sur egunkaria)

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita