Ricardo Arambarri AEBetako telebista izar euskaldunak euskal detektibearena egingo du bertako telesail batean
Venezuelako familia euskaldun batean jaio eta duela pare bat hamarkada aldatu zen Estatu Batuetara Ricardo Arambarri kazetaria, bere bizitza profesionala bertan arrakastaz garatzeko. Profesional laudatua eta Univision kanaleko 'Primer Impacto' saioko aurkezle den Arambarrik Julian Arrambide (irakurri Iulian Arranbaid) detektibe euskaldunarena egingo du HBO kable kanala datorren abuztutik aurrera emititzeko prestatzen ari den telesailean. Soap opera ('kulebroi') berriko zati bat Euskal Herrian gertatzen da, bertakoak baitira protagonistaren arbasoak. Bizitza errealean euskara, ingelesa eta espainola mintzo dituen Ricardo Arambarrik aurreratu duenez, kapituluetako batean bere pertsonaia Euskal Herrira bidaiatu eta 'bertan aurkituko ditu Floridan zabalik duen kasuari irtenbidea emateko beharrezkoak izango dituen kemena eta balioak (values)'.
Sariei dagokienez, gazte-gazterik eta 1991ean, New Yorken zegoela, lortu zuen Etxeorratzen Hiriko ACEk (Ikuskizun Kronikarien Elkarteak) ematen duen saria 'Telebista erreportari nabarmenena'ri. Baina seguruenik prestigiorik gehien ekarri diona, 2002an Estatu Batuetako Telebista Arte eta Zientzietako Akademiak banatzen duen Emmy baterako izendapena izan da, hain zuzen ere 'Primer Impacto' saiorako egin zuen erreportaia bategatik.
Julian Arrambide ikertzaileari arima jarriko
Arambarrik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, ilusio handiz hartu du proiektua, erronka berria delako, batetik, baina baita bere euskal erroekin lotzen duelako ere. Berak antzeztuko duen pertsonaiarekin antzekotasunik baduen galdetuta, biak jatorria Bizkaiko kostaldean daukatela esan du, 'baina ez besterik'. Berak egingo duen Julian Arrambide euskal jatorriko polizia inspektore estatubatuarra, ikerlari lanetan ibiliko da John Guzurraga senadore kaliforniarra Floridan hilik aurkitu eta gero, juxtuan politikaria lehenengo aldiz Euskal Herrira bidaiatu behar zuenean aitaren jaioterri zen Arralde, Bizkaiko kostaldean, ezagutzera.
Hariak bete-betean aipatu eta ikutzen du Euskal Herria eta bertakoak dira filmaren protagonistaren arbasoak zein Arambarrirenak. Euskal jatorrizko pertsonaiari arima jarriko dion kazetaria ongi baino hobeto moldatzen da bere bizitza pribatuan euskaraz, ingelesez zein gaztelaniaz eta harreman estua mantentzen du bere erroekin eta kulturarekin. Pertsonaiaren kasuan ere, nonbait Euskal Herrian aurkituko omen ditu 'Floridan zabalik duen kasuari irtenbidea emateko beharrezkoak izango zaizkion kemena eta balioak (values)', diosku Arambarrik.
Tomas Arana, Dave Bieter eta Olatz Arrieta
Telesailak partaide izango ditu baita ere orain artean ia ehun filmatan aritu izan den Tomas Arana (Auburn, Kalifornia, 1955) aktore euskalamerikarra, tartean Quintus-ena eginez bost oskar irabaki zituen 'Gladiator' filmean, Lazarorena eginez Martin Scorseseren 'Kristoren azkeneko tentaldia'n, edota Loginov-ena 'Urri Gorriaren ehiza' filmean... aktore arituko da baita ere Dave Bieter Boiseko alkatea, zeinak 2005ean taula gaineko lehenengo urrats batzuk eman baitzituen Boisen 'Carmen' operan parte hartuz; eta honelako saltsa batean lehengoz arituko den Olatz Arrieta kazetari eta ETBko korrespontsala Estatu Batuetan, azken hau bere burua antzeztuz saileko kapituluetako batean.
Proiektuaren euskarazko telebista emisio eskubideak , eta espainol eta frantsesezkoak Espainian eta Frantzian Euskal Telebistak hartu ditu bere gain. ETB izango da baita ere grabaketa Euskal Herrian, Bizkaiko kostaldeko Arraldean gauzatuko den kapituluan sostengu teknikoa eskainiko duena. Hedakuntza mundu osoan segurtatu duen honelako lehenengo produktua izango du hau Euskal Telebistak. Emaitzen arabera segida ere izan dezake, datorren urteko abenduaren 28an, seguruenik.
Lotura interesgarriak
Ricardo Arambarriren argazkiak
TVHeads.com webgunean
Ricardo Arambarriren izendapena Emmy baterako 2002an
Univision telebista kateko orrialdean
Tomas Arana aktore euskal estatubatuarraren webgunea
www.tomasarana.com
Boiseko alkate Dave Bieter, Carmen operan partaide (gazt.)
2005eko otsailaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana
Elkarrizketa Olatz Arrietarekin
En Euskaraz. net
