euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renotik Parisera munduko euskal etxeek bat egingo dute gaur Euskararen Nazioarteko Egunarekin

2010/12/03

Mar del Platako euskal etxeko haurrek Euskararen Eguna ospatzeko eginiko postala
Mar del Platako euskal etxeko haurrek Euskararen Eguna ospatzeko eginiko postala

PUBLIZITATEA

Heldu da Euskararen Nazioarteko Eguna, mundu osoko hainbat euskal etxeetan gogo biziz ospatzen den jaia. Urte osoan zehar Euskal Herritik kanpo euskara ikasten eta gordetzen aparteko ahalegina egiten dute hainbat euskal etxek eta eginahal honen inguruan sorturiko ikasle eta irakasle taldeek ilusio bereziarekin ospatzen dute egun hau. Horren seinale dira munduan zehar egunotan egingo diren ospakizunak: Reno, New York, Parise, Boise, Buenos Aires, Madril, Vancouver...

Donostia-San Sebastian. Euskararen Nazioarteko Egunak Euskal Herrian ere izango du isla noski, besteak beste Eusko Jaurlaritzak Bizkaia, Gipuzkoan eta Araban antolatu dituen ekitaldiekin. Bilbon, adibidez 'Banden lehiaketa 2.0' izeneko egitasmoa burutuko dute. Egunotan internet bidez euskaraz abesten duten banden arteko lehiaketa bat egin da eta gaur lehiaketaren final interaktiboa egingo da, 21:30etan Kafe Antzokian. 

Donostian, aldiz, egunean zehar 'Mintzodromoa' egingo da, Unión Artesana elkartean. Bertan 400 lagun ariko dira, ordubeteko lau txandatan, euskararen erabilera aldarrikatuz. Gau partean, Donostiako Antzoki Zaharrean “Plazetik plazera” saioa egingo da: bertsolariak, Uruguaiko payadoreak eta Kubako repentistak ariko dira bertan, hainbat musikari lagun dituztela. Bukatzeko, gaueko 22:00etan Dokan Gaztezulo aldizkariaren Bideo Lehiaketaren sari-banaketa festa egingo da. Azkenik, Gasteizen, kontzertu erraldoia egingo da Mendizorrotzan, Opium, Harrikada, Garraxika, Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Rap saioa, Kashbad, Sorkun, Betagarri, Gose, Gari eta Dr. Deseo taldeekin.

Zinea, festa eta erakusketak

Argentinan, FEVA euskal etxeen federazioak bat egin du Euskararen Egunarekin, elkarteak osatzen duten zentroei jaiari buruzko informazioa bidaliz. Buenos Airesen, Euskaltzaleak elkarteak Euskal Zinema saio batekin ospatuko du eguna: “Sagarren denbora” filmea eskainiko dute, 20:00tan, Mexico 1880-ko egoitzan. Eta bihar Euskararen Eguneko jai potoloa egingo dute elkarteko Txindoki tabernan. Abesbatzak, dantzariek eta euskara-ikasleek hartuko dute parte, senide eta lagunekin batera. Gauean zehar "Argentinan Euskaraz" proiektuaren 20 urteak omenduko dira eta 23:00tan euskara ikasten ari diren maila ezberdinetako ikasleek aurkezpena egingo dute. 

Mar del Plata hiri argentinarrean, berriz, euskarari eguna eskaini ordez aste osoa ari zaizkio eskaintzen, Denak Bat Euskal Etxeko 'Artaburu Euskaltzale Elkarteak' antolaturik. Gaur lore eskaintza egingo dute San Martin plazako Gernikako Arbolean eta ondoren "Caseríos del País Vasco" argazki erakusketa izango da ikusgai. Egunari bukaera emateko 20:30tan Kimuak programako euskal laburmetraien proiekzioa egingo dute José de Ariztimuño liburutegian.

Dantza, hitzaldiak, liburu aurkezpenak...

Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpeak euskal etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko: hasteko, 2010. urteko tailerrak bukatutzat emango dira bideo eta abestiekin, eta, ondoren, Mar del Platako Euskal Astean saritutako lanak aurkeztuko dituzte. Dantza ere izango da ikusgai, Itziar Mohr irakaslearen taldearen erakustaldiarekin, eta azkenik, erromeria eta euskal jaki dastaketa egingo dute Mitre 370eko egoitzan.

Rio Cuarto hirian Gure Ametza euskal etxean 'Euskal Herria, breve historia de una nación' hitzaldia emango du Cesar Arrondo historialariak eta ondoren Maria Echave idazle eta abokatuak 'Euskal Baserri Sukaldaritza' liburua (Cocina Vasca Campesina) aurkeztuko du. Gauen jai giroa izango da nagusi elkartean egingo den Euskal Tabernan: musika, dantza eta jan-edanik ez da faltako euskal etxearen egoitzan (H. Irigoyen 1155).

Uruguaien, Saltoko 'Euskaldunak' euskal etxeak ateak irekiko ditu Euskararen Eguna ospatzeko eta 14:00ak eta 19:00ak bitartean elkartearen egoitzara biltzen direnei euskal liburuak ikusteko aukera eman eta euskara eskolak bezalako jardueratan parte hartzeko gonbitea egingo diete. 

Renon, Boise, Parise, Madril

Estatu Batuetan ere euskal etxeetako kideak, orokorrean, eta euskara ikasten ari direnak, batez ere, dagokion moduan ospatuko dute eguna. Renoko Euskal Ikasketen Zentroak adibidez, egitarau mardula prestatu du gaurko: hitzaldiak, musika eta jaia. Zentroak gainera, gonbidatu bereziak izango ditu: Etxepare Institutuko zuzendari den Aizpea Goenaga, Euskararen promozio eta zabalkundearen arduradun den Marijo Olaziregi, eta Noemi Gonzalo-Bilbao, Estatu Batuetako Euskal Delegazioko kidea. Goizean zehar Oscar Alvarez eta Xabier Irujo historialariek hitzaldi bana emango dute: “Origins of the Euskara Eguna” eta “Ikastolak in America”, hurrenez hurren. Ondoren Noka taldeak kontzertua eskainiko du. Noka Chinoko Andrea Bidart, Begona Echeverria eta Cathy Petrissans-ek osatzen dute. Hirukoteak gaur egungo euskal abestiak abesten ditu emakumearen irudiari garrantzia emanez.

Idahoko estatuko Boisen, 'Leku Ona' jatetxea izango da eguneko topagunea. Bertan euskal abestiak kantatuz ospatuko dute Euskararen Eguna, Izaskun Kortazar NABOko euskara koordinatzaileak eginiko deialdiari erantzunez. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, 'Leku Ona' jatetxean. 

Frantzian, Pariseko Euskal Etxeak, ohi duenez, Euskararen Eguna Nafarroaren Egunarekin batera ospatuko du. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko paristarrek, hala nola, Kantiruki taldearen kantaldia, 'Aperitif-a eta Trikipoteoa', Nafarroako janarien dastaketa eta Trikiteens taldearen kontzertua. Madrilen, Euskaltegiko irakasleek afaria antolatu dute Euskararen Eguna ospatzeko.

Eta bihar eta etzi Vancouver, New York, San Francisco eta Saladillo

Bihar, Kanadako Vancouver hirian Zazpiak Bat euskal etxeko kideek batera ospatuko dituzte Gabonak zein Euskararen eguna. Horretarako antolatu duten bazkarira gonbidatu berezia joango zaie gainera, Olentzero begigorria! AEB-etan, New Yorken, bihar ospatuko dute Euskararen Eguna, Brooklyn-go Euskal Etxean egingo den afariarekin. Gonbidatuen artean Maiorga Ramirez, Nafarroako Eusko Alkartasunako presidentea eta Nafarroa Bai-ko kidea, izango da. Afariaren aurretik hitzaldia emango du euskal elkartean. Eta Mexikon, DFko Euskal Etxean Eusakararen Eguna eta Frantzisko Xabier Deunaren eguna ospatuko dituzte batera, herri kirol erakusketa, euskarazko karaoke eta bazkari batekin.

Argentinara bueltatuz, bihar Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak Club Unión Apeaderon antolatu duen afarian dantza eta zozketak izango dira Euskararen Eguna ospatzeko. Bertaratzen direnek Euskal Herrirako bi bidai edota 10.000 peso zozketan parte hartu ahal izango dute. 

Igandean, San Frantziskon, Kalifornian, Basque Cultural Center elkartean bertsolariak izango dira protagonista Euskararen Nazioarteko Egunean. Iganderoko bazkariaren ostean 2009ko Bertsolaritza Txapelketaren bideo emanaldia egingo dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia