euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Publiko ugariren aurrean aurkeztu da Argentinako hiriburuan “Vascos en Buenos Aires” liburua

2013/12/06

"Vascos en Buenos Aires" liburuaren aurkezpena (argazkia EuskalKultura.com)
"Vascos en Buenos Aires" liburuaren aurkezpena (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta aurkeztu da hiriburu argentinarrean joan den asteazkenean, abenduaren 4an, “Vascos en Buenos Aires” (Euskaldunak Buenos Airesen) liburua. Ekitaldia hiriko Kultur Etxeko Urrezko Aretoan burutu zen, agintari, bertoko euskal erakundeetako ordezkariak eta publiko orokorra partaide. Mila aleko edizioa aurkezpenaren egunean bertan hasi zen banatzen eta laster hiriburu argentinarreko eskola publiko guztietan egongo da eskuragarri. Datorren hilabetean Euskal Herrian aurkeztuko da –aldaketarik ez badago- Baionan, Bilbon eta Gasteizen.

Buenos Aires, Argentina. Garrantzi handiko ekimena izan da Buenos Aireseko euskal gizataldearentzat Vascos en Buenos Aires liburuaren aurkezpena. Eza da harritzekoa izan, beraz, publiko ugari bertaratu izana aurkezpen-ekitaldira Kultur Etxeko Aretora joan den asteazkenean.

Zeremonia Ohorezko Aurresku batekin hasi zen, arratsaldeko sei t'erdiak pasata, Buenos Airesko lau euskal elkarte diferentetako lau dantzarik, Euskal Echea Eskolako Demian Brandak, Euskaltzaleak-eko Renzo Bustos-ek, Eusko Kultur Etxea-ko Matias Goizuetak eta Laurak Bat-eko Mauro Urangak dantza egin zutelarik publikoari ongietorria emanez, Iñaki Baña-ren biolinak eta Jose Gutierrezen txistuak lagunduta.

Vascos en Buenos Aires liburuaren aurkezpena 2013 001

[Lau euskal erakundetako beste hainbeste dantzarik bat egin zuten Aurreskua dantzatzen (argazkia Euskadiren Ordezkaritza)]

Iñaki Aramayok egindako aurkezpen elebidunari jarraituz, dantza bukatzean, agintariek hartu zuten hitza. FEVAren izenean, erakundeko lehendakariorde Arantxa Anituak liburua harro egoteko zerbait dela adierazi zuen. “Euskaldunok hiri plural, adeitsu eta errespetagarri honen parte gara. Eta liburu honen bidez gure presentzia berretsi egiten da", esan zuen Laurak Bat euskal etxeko lehendakaria ere baden Anituak.

Vascos en Buenos Aires liburuaren aurkezpena 2013 01

[Buenos Aireseko Gobernuko Claudio Avruj, Euskadiko Gobernuko Sara Pagola eta FEVAko Arantxa Anitua (argazkia EuskalKultura.com)]

Segidan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Sara Pagolak, duela ehun urte baino gehiago euskaldunak lur huetan egiten ari diren lana gailendu eta eskertu zuen. Anituak bezala, Pagolak ere azpimarratu zuen liburuaren aurkezpena egiteko hautatutako data ez zela ausaz izan. “Gaur egun, bi mila euskara ikasle inguru daude Argentinan. Eta hori gutxi balitz, horien irakasleak ere argentinarrak dira. Euskal Herritik hain urrun egonik eta giro erabat erdaldunean euskara ikastea gure kulturarekiko benetako maitasun adierazpen bat dela uste dut nik, zinez”, esan zuen. Pagolak unea baliatu zuen zorion beroak emateko Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiko lagunak, bezperan adierazi berria zen 2013ko ENE sariaren hartzaile izateagatik..

Vascos en Buenos Aires liburuaren aurkezpena 2013 02

[Euskal Herriko hizkuntza entzun zen Buenos Aireseko Kultur Etxeko Urrezko Aretoan, euskarari buruz proiektatu ziren bi bideoetan (argazkia EuskalKultura.com)]

Azkenik, Buenos Aireseko Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko idazkariorde Claudio Avruj-ek gaur egungo gizartean gizataldeek duten rolari buruz hitz egin zuen: “Kolektibitateez mintzatzen garenean ez gara iraganari buruz hitz egiten ari soilik; kolektibitateak oraina eta etorkizuna ere badira. Eta gizartearen funtsezko osagai. Begirada nostalgikoa eta herrimina gaindituz, euren ondarea berreskuratu eta kapitalizatu behar ditugu etorkizunari begira”, adierazi zuen hiriburu argentinarreko ofizialak.

Protokolo hitzaldiak bukatuta, Euskarari buruzko bi bideo proiektatu ziren euskaldunen hizkuntzaren gaurko egoera zein den jakinarazteko. Diasporari dagokionez, egoera horretan Argentinan burutzen diren proiektuak oso esanguratsu eta garrantzitsuak direnez, Argentinan Euskaraz eta Euskara Munduan programak ere ezagutarazi ziren ekimenean. Eta, euskal jaiak ez direla euskal jai musikarik ez badago dioen esamoldeari jarraiki, Lagun Onak abesbatza ere izan zen aurkezpenaren protagonista eta Txoria Txori, Euskotarrak eta Agur Jaunak eskaini zizkion publikoari.

Vascos en Buenos Aires liburuaren aurkezpena 2013 03

[Buenos Aires hiriko musika arloan ibilbide luze eta aberatsekoa den Lagun Onak abesbatzak kantatutako hiru euskal kantuk eman zioten amaiera zeremoniari (argazkia EuskalKultura.com)]

Vascos en Buenos Aires liburuaren aurkezpena 2013 04

[Ale anitz banatu ziren aurkezpena bukatu ostean (argazkia EuskalKultura.com)]

Zeremonia amaitzean Kultur Etxera bertaratu ziren lagunei eskuratu zitzaien liburuaren ale bana. Gogora dezagun laster Buenos Aireseko eskola guztietan eta baita interneten ere egongo dela eskuragarri liburua. Datorren urtarrilean, gainera, Sara Pagolak, Caudio Avrujek eta Julio Crocik Euskal Herrian izango dira, Vascos en Buenos Aires bertan aurkezteko, hain zuzen ere Bilbon, Baionan eta Gasteizen, gaur egun mahai gainean dauden datuen arabera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia