euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Gaixoa ni' abestuz Argentinako euskal eta nafar etxeek ere azken agurra eman zieten 2012ko Sanferminei

2012/07/18

Iruñetik hamar mila kilometrora, La Platako euskal etxeko balkoitik ere bota zen txupinazoa (argazkiaEE)
Iruñetik hamar mila kilometrora, La Platako euskal etxeko balkoitik ere bota zen txupinazoa (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Hamaika ospakizun burutu dira azken egunotan Diasporako nafar eta euskal etxeetan eta erakunde argentinarrak ez dira salbuespen izan. Izan ere, uztailaren 6an hasita eta joan den igandera arte, San Fermin garaian lagun biltzaile diren bazkari, dantza emanaldi, mus txapelketa eta txupinazoak festen ardatza bihurtu ziren. Urtebete behar da itxaron orain zezenak beriiro ere kalera daitezen; baina bizi izandakoak lagunduko gaitu 2013ko Iruñeko txupinazoa berriro entzun arte. Hona hemen Rauch, Bahia Blanca, Tandil, La Plata eta Ayacuchoko euskal etxeetan baita Mar del Plata eta Buenos Aireseko Nafar Etxeetan ere egindako jaien laburpena.

Buenos Aires, Argentina. Iruñeko zarata eta iskanbila Hegoamerikako kostaldera heldu zen,  eta Argentinako hainbat euskal eta nafar etxek gorriz eta zuriz jantzi zituzten areto eta plazak Nafarroako patroikidea omendu nahian. Ospakizunak aurreko asteko ostiralean hasi ziren eta azken igande honetan bukatu, 'Pobre de mi' kantatuz. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, gure idazmahaira heldu diren ospakizunen laburpen eta irudiak:

Sanferminak II 2012 01

[Buenos Aires probintziako Rauch-eko Gure Txokoa euskal etxeko kideek uztailaren 7an ospatu zuten San Fermin. Aurtengo programari jarraituz, gaueko 9:30etan hasi zen topaketa OSECAC elkarteko aretoan. Afaldu ondoren, euskal dantzen txanda heldu zen. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen Fernando Pugliaren musikarekin (argazkiaEE)].

Sanferminak II 2012 02

[Bahia Blancako Union Vasca-n, euskal etxeko eta Unibertsitateko irakurlegoko ikasleak uztailaren 7ko 10:30etan bildu ziren musean euskaraz aritzeko. Eguerdi aldera txupinazoa jaurti zuten eta horren ostean, bazkariari pasatu zitzaion lekukoa. Bazkarian, ordea, “eraso” larri bat jaso zuten lagunek. Izan ere, izugarrizko “zezenak” atera ziren entzierrotik eta ustekabean sartu ziren jangelan. Bahiako Rosana Entizne euskara irakasleaaren hitzak erabiliz, "‘Bazkaldu bitartean, zezenek -txiki txikiek mozorroturik- harrapatu gintuzten; eta kantak eta plateren artean dantzak egin zituzten. Bat-batean, denok dantzan ari ginela, zezen handi bat ere -txiki baten aita mozorroturik- agertu zitzaigun erasoka. Amaitzeko, bazkaria bukatu orduko 'Pobre de mí' kantatu genuen, eta arratsalde osoa mus txapelketa bihurtu genuen’. Uztailaren 14an, berriz, Ikurrinaren Eguna zela eta, irakurlegoko eta euskal etxeko ikasleak euskal etxean elkartu ziren. Ipuinak ikasi eta gero elkarri kontatu zizkieten euskara ikasleek. (argazkiaEE)].

Sanferminak II 2012 03

[Tandileko euskaldunek ere izan zuten euren jaia. Buenos Aires probintziako hiri honetan, uztailaren 8an ospatu zuten meza, euskal dantza eta bazkari batekin. Euskal etxeko lehendakaria den Esteban Kain-ek izan zuen txupinazoa botatzeko ardura (argazkia EE)]

Sanferminak II 2012 04

[Ayacucho herrian, egun osoko ekitaldia burutu zuten Euskal Odola-ko kideek uztailaren 15ean, Sanferminak ospatzeko. Hasteko, 'El Alegre despertar'ekin omenaldia egin zieten dantzariek hiru emakumeri: Marta Echeverria Olanori, Haydee Iribarren Etchart-i eta Marta Valenzuela Elzaurdia-ri. Ondoren, meza eman zuen Miguel Angel Paris apaizak herriko parrokian eta segidan, Tandileko gazteak lagun, euskal dantza ikuskizuna egin zuten euskal etxeko dantzariek herriko plaza nagusian. Eguerdian bazkaria eskaini zitzaien gonbidatuei. Erromeria arratsalde osoan luzatu zen (argazkiaEE)] 

Sanferminak II 2012 05

[La Platako Euzko Etxea-ko kideak ere atera ziren kalera ospatzera. Guadalupeko Amaren elizan gauzatutako mezaren ostean dantza batzuk egin zituzten euskal etxeko gazteek elizaren aurrean. Ondoren etxeko bazkideek Gernikako Arbolaren kimuari omenaldi bat egin zioten eta segidan euskal etxera bueltatu ziren. Rosita Ibarguren euskal etxeko alkateak eta Javier Clua lehendakariak izan zuten txupinazoa botatzeko ardura eta horren ostean bazkaria eskaini zen. Jaia arratsalde osora luzatu zen, dantza gehiago, eta abesbatzaren emanaldi eta txokolate goxoarekin. Aipatzekoa da hiriko alkatea de Pablo Bruerak ere hartu zuela parte La Platako San Fermin jaian. Cañuelas eta Lomas de Zamorako euskal etxeko ordezkariek era lagundu zituzten La Platako euskaldunak euren ospakizunean (argazkiakEE)]

Sanferminak II 2012 07

[Poz-pozik ospatu zuten Mar del Platako nafarrek aurtengo San Fermin jaia. Lagun anitz bildu ziren paella batekin hasi zen egun osoko ekitaldian, tartean etxeko dantzariak. Festan ez zen ezer falta izan, ez jolasak, kantuak, ezta ardoa ere. Eguna bukatzeko, 'Gaixoa ni' interpretatu zuten gonbidatueek (argazkiakCN)]

Sanferminak II 2012 07

[Buenos Aireseko Nafar Etxean ere ospatu zituzten sanferminak, ekitaldi ugari burutuz. Uztailaren 7an ohiko bazkaria egin zen etxeko egoitzan eta paellak eta dantzarien dantzek bereganatu zituzten txalo guztiak. Aipatu behar da ospakizuna baino egun batzuk lehenago etxeko lagun bat hil zela eta jaiak nolabaiteko kutsu gazi-gozo bat  izan zuela. Argazkian Argentina eta Txileko nafar etxeen presidentea den Crisanto Ayanz Buenos Aireseko Nafar Etxeko gazteekin (argazkiaCN)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia