euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lore eskaintza eta meza Rosarion, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena gogoan

2014/05/06

Rosarioko Zazpirak Bat-eko txikiak Aberri Eguneko ospakizunean (argazkiaEE)
Rosarioko Zazpirak Bat-eko txikiak Aberri Eguneko ospakizunean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Ekintza andana baten egoitza da aurten ere Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea. Esparru askotako proposamenak eskaintzen dizkio komunitateari euskal kultura ezagutarazi eta parte hartze zabala eta aktiboa bultzatzeko. Eta eguneroko aktibitateak martxan dituela, euskal egutegian gorriz dauden data bereziak ere gogoan dituzte rosariotarrek. Azken egunotan, ekitaldi bana egin dute Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 77. urtemuga gogoratzeko, biak Gernika Plazan, Parana ibaiaren ertzean, etxeko kide, dantzari eta hainbat herritar lagun.

Rosario, Argentina. Euskal egutegian esangura bereziko bi urteurren ekarri dizkiete apirileko azken asteburuek Zazpirak Bat-eko kideei. Larunbatean, 26an, Gernikako Bonbardaketaren urteurren-egunaren baitan, lore eskaintza egin zuten hiriko Gernikako Plazan dagoen Gernikako Haritzaren kimuaren aurrean. Ikurrina eta Argentinako bandera lekuko, Zazpirak Bat-eko lehendakari Javier Oteizak hitz batzuk partekatu zituen Bonbardaketaren zergatiak eta ondorioak azalduz bildutakoei.

2014ko Aberri Eguna Rosarion 2014 02

[Lore eskaintza utzi ondoren, Javier Oteizak hartu zuen hitza Bonbardaketaren esanahiari buruz hitz eginez (argazkiakEE)]

Biharamunean, 27an, igandea, beste zeremonia bat gauzatu zuen euskal etxeak Gernika Plazan baina oraingoan Aberri Eguna ospatze aldera. Ekintza goizeko 11:00etan hasi zen Pablo Lazarte apaizak eman zuen mezarekin. Elizkizuna bukatzean, Zazpirak Bat-eko dantzariek eskutik, dantzen txanda iritsi zen, hasieran etxeko txikiekin eta ondoren, Gaztedi Zutik helduen taldearekin.

2014ko Aberri Eguna Rosarion 2014 03

[Plazako meza batekin hasi zuten rosariotarrek Aberri Eguneko ospakizuna (argazkiaEE)]

Ekitaldiak erakundearen egoitzan jarraitu zuen lagun arteko bazkari batekin. Instituzioko emakumeek prestatutako menua eta Oteizaren ongi-etorri hitzak hasiera baino ez ziren izan. Arratsaldean zehar musika eta dantzak izan ziren jaiaren protagonistak Joseba Gotzon euskal abeslari eta Xoán Curiel kantautore galiziarraren eskutik. Euskal etxeak gonbidaturik eta Argentinan egiten ari diren biraren barruan, euren errepertorioetako obra batzuk eskaini zizkieten artista europarrek Zazpirak Bat-ekoei.

2014ko Aberri Eguna Rosarion 2014 05

[Xoán Curiel eta Joseba Gotzon Zazpirak- Bat-en (argazkiaEE)]

2014ko Aberri Eguna Rosarion 2014 04

[Raul Bereciartua izendatu zuen euskal etxeak alkate berri (argazkiaEE)]

Aberri Eguneko jaian eta tradizioari jarraituz, instituzioko Alkate Berria hautatu zuten etxeko kideek 2014-2015 eperako. Hauteskunde emaitzen arabera, Raul Bereziartua atera zen alkate, Alicia Igarzabali ordea hartuz.

Azken eta datozen ekintzak

Kultur eskaintza handia prestatu du Rosarioko euskal etxeak aurten ere eta urteko programari eutsiz, 2014ko Zine Zikloari ekingo dio laster, maiatzaren 15ean hain zuzen. Zikloko lehenengo pelikula Jose Maria Goenaga eta Jon Garaño zuzendarien 80 egunean izango da, eta egoitzaren lehenengo pisuko aretoan proiektatuko da iluntzeko 8:00etan. Filmaren ostean, Emilio Bellon irakasleak zuzenduko du debatea.

Kultur proposamenen artean, Kepa Etchandy-ren Amerikanuak liburua aurkeztu zen apirilaren 30ean ‘Zazpi’ izen laburtuaz ezaguna den euskal etxe honetan. Argentinan egin den liburu honetaz arduratu den Roberto Landaburu lagun, argazkilari baionarrak berak aurkeztu zuen bere lana Rosarion.

Azkenik, euskal etxeak jakinarazi du honako ekintza hauek ari direla garatzen urtean zehar eta parte hartzeko ez da beharrezkoa instituzioko bazkide izatea.

-Euskera: Asteazkenetan eta ostiraletan, 20.00etatik 21.30etara, Rosarioko Unibertsitateko Humanitate Fakultatean
-Paleta: Asteartetik larunbatera, 17.00etatik 21.00etara
-Boleibol: Astelehen eta asteazkenetan, 21.00etatik 22.30etara
-Taekwondo: Astearte eta ostegunetan 20.00etatik 21.15etara
-Patin: Asteazken eta ostegunetan, 18.00etatik 19.00etara (umeentzat); 19.00etatik 20.00etara gazteentzat. Irakasleak: Lucila Mendez eta Jesica Minhovilcevich
-Paleta Eskola: ostiraletan 17.00etatik 18.00etara, Esteban Bonilla irakasle
-Euskal Dantza txikientzat: ostiraletan 19.00etatik 20.00etara, Lorea eta Maritxu Aguirre irakasle
-Tango: asteazkenetan 20.00etatik 21.30etara, irakaslea: Martin Lorenzo
-Zine tailerra: astearteetan 18.00etatik 19.20etara, Leandro Rovere irakasle
-Antzerki Tailerra: asteazkenetan 18.30etatik 20.00etara, Marcelo Gonzalez de Galeano irakasle
-Euskaldun hitza, irratsaioa: astearteetan, 13.00etatik 14.00etara, Luis Maria Barrandeguy eta Cristina Arregui aurkezle
-Mus: astearteetan, 19.00etatik aurrera



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia