Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Euskera para Dummies", euskarazko oinarrizko ezagutzak eskuratzeko gida laburra, argitaratu da

"Euskera para Dummies", euskarazko oinarrizko ezagutzak eskuratzeko gida laburra, argitaratu da

Ekainaren 1ean argitaratu berria da "Para Dummies" argitaletxearen azken gidaliburu azkarra. Lan honek Euskal Herrira datozen gaztelaniadunentzat edo bertan bizirik oraindik euskara jakin ez eta apur bat ikasi nahi dutenentzat egunerokotasunean erabilgarri diren esaldiak, hitzak eta datuak jasotzen ditu. Jean Baptiste Coyosek eta Jasone Salaberriak 2009an frantses hiztunentzat idatzi zuten "Le Basque pour les Nuls" (Euskara zozoentzat) liburuaren itzulpena da. Frantsez edizioak harrera ona izan zuen. Liburua 9.95 eurotan saltzen da.

Baiona, Lapurdi. Para Dummies argitaletxeak --Planeta talde indartsuko konpainietako bat da-- plazaratu berri du "Euskera para Dummies " liburuxka, euskarari buruzko oinarrizko ezagutzak eta esaldi erabilgarriak eskuratzeko gida azkarra. "Ez da euskara ikasteko metodo bat, lanabes bat da hizkuntza zertxobait ezagutzeko eta Euskal Herrian erabiltzeko", azaldu du Jasone Salaberriak Euskalkultura.com-ekin hizketan. "Gramatikako oinarrizko arauak ematen dira eta baita egunerokotasunean erabilgarri diren esaldiak: jatetxean zer eskatu, larrialdi batean zer esan...".

Jatorrizko liburua Salaberriak eta Jean Baptiste Coyos euskaltzainak idatzi zuten 2009an, frantsesez, "Le Basque pour les Nuls" (Editions First) izenburuarekin. Coyosek liburu hura egiteko enkargua jaso zuen eta Salaberriari parte hartzeko proposamena luzatu zion. "Bi puntetakoak gara, bera Xiberokoa eta ni bizkaitarra. Horrek ikuspegi zabala ematen digu, nahiz eta batueraz egin liburua. Frantses hiztunentzako idatzi genuenez, Iparraldeko terminologia ere sartu genuen", esan du Salaberriak. 

Liburuaren edizio frantsesak harrera oso ona izan zuen eta Planetak Frankfurteko Liburu Azokan izan zuen bere berri, Nuria Barba editoreak dioenez. "Beste herrialdetan arrakasta zuten "Dummies" saileko liburuen katalogoari begira "Le Basque pour les Nuls"-ek lehen urtean ale asko saldu zituela ikusi genuen", azaldu du Barbak. Bildumaren barruan hizkuntza desberdinei buruzko liburuak ondo funtzionatzen ari direla dio. 

"Euskarak ere beste hizkuntzekin batera hor egon behar zuela pentsatu genuen "Le Basque pour les Nuls" egiteko proposamena egin zigutenean", agertu du Salaberriak.

Liburua Planetaren webgunean eros daiteke, liburu formatuan edo liburu elektroniko gisa, hemen.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita