euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pete Cenarrusa: Euskalduna lehenik, errepublikanoa gero

2013/10/07

Pete Cenarrusa eta artikuluaren egile den Asier Vallejo Itsaso joan den otsailean Boisen, elkarri eskua ematen, atzean begira Freda Cenarrusa Pete-n emaztea eta azken momenturainoko laguna dagoela (argazkia EuskalKultura.com)
Pete Cenarrusa eta artikuluaren egile den Asier Vallejo Itsaso joan den otsailean Boisen, elkarri eskua ematen, atzean begira Freda Cenarrusa Pete-n emaztea eta azken momenturainoko laguna dagoela (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako Boise, Idaho estatuko hiriburuan 95 urte zituela irailaren 29an hildako Pete Cenarrusa bertako estatu-idazkari eta euskaltzalearen heriotzak bateko eta besteko islak izan ditu Euskal Herrian eta munduko euskal komuinitateetan. Datozen lerroak Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitateko zuzendari Asier Vallejo Itsasok idatzi ditu, bertan aurten bertan bisitatu zuen euskal-amerikar ospetsu honen oroiz.

Asier Vallejo Itsaso
Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria

PASA den igandean, irailaren 29an, joan zitzaigun Pete Cenarrusa. Heriotzaren berri jakinda, hainbat jendek izan du gogoan eta ahoan egunotan, Estatu Batuetako euskal komunitateari eta gu guztioi hainbeste eman digun pertsona.

Nik neuk ere oso gogoan daukat nola, ez aspaldi, aukera izan nuen gau ederra pasatzeko Petekin eta emazte Fredarekin. Joan den otsailean izan zen, Boisen. Nire lehenengo bidaia zen Estatu Batuetara Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari bezala, eta orduantxe izan nuen aitzakia.

Hainbat urtez Estatu Batuetako politikaren gorabeherei so egondakoa naizenez, baneukan Pete Cenarrusaren berri, bere Euskadi kuttunari bakea eta askatasuna ekarri nahian egindako lanaren berri, eta izugarrizko ohorea izan zen niretzat halako gizon prestuarekin hizketan jardutea. 

Luze eta zabal jardun ginen: bere ibilbide politiko luzearen errepasoa egin genuen, eta bere burua definitzeko erabili zuen esaldia bizi-bizi daukat oraindik gogoan: «Euskalduna lehenik, gero errepublikanoa».

Gazte-gaztetik izan zuen Euskadira bakea eta askatasuna ekartzeko grina. Hala, zirenak eta ez zirenak harrotu zituen Euskadik bakea eta askatasuna merezi zituela aldarrikatzeko, benetan sinistuta baitzegoen bazela aurrerabiderik, eta Idahoko Estatu Idazkari postuak ematen zion eragin politikoa ere baliatu zuen Euskadiren alde.

Euskadira bakea eta askatasuna ekartzeko ahaleginean, garai hartan Idahoko Ordezkarien Ganberako eta Alderdi Demokratako kide Dave Bieter-ekin batera, indarkeria berehala eteteko eta euskal herritarren autodeterminazio-eskubidea aitortzeko adierazpena mamitu zuen 2002an. Adierazpen hura aho batez onartu zuten Ordezkarien Ganberan eta Idahoko Senatuan, nahiz eta Espainiako diplomazia zein George W. Bush presidentearen gobernua gogotik saiatu presioa egiten. Garai hartan, Condoleezza Rice zen Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko Aholkularia, eta hari ere esan omen zion «euskalduna zela lehenik, eta gero errepublikanoa».

Lelo hura berriro ere nabarmendu zuen, beste edozeren aurretik, 2003an. Boiseko alkatetza jokoan jarri zen urte hartan, eta berak Dave Bieter Alderdi Demokratako hautagaiaren alde egin zuen, ez erdi ezkutuka edo isilpean, baizik lotsarik gabe, harro. Bere printzipioekin koherente izan behar zuen, eta bertakoentzat hura izango bazen onena, segi ba. Peteren laguntza erabakigarria izan zen, azkenean, Dave Bieter garaile izateko. Eta ez zebilen hain oker nonbait; gaur egun ere Boiseko alkate jarraitzen du, hirugarren legealdiz segidan.

Euskadiko bakearen alde Petek egindako lana ez dago ukatzerik. Berriz ere, 2012. urtean, berak bultzatutako adierazpen bat aho batez onartu zuten Idahoko bi ganbera legegileek; gizon handi hari zioten begirunearen adierazgarria izan zen.

Peteren biziaren eta lorpen handien kontakizun xume honetan, ez nuke aipatzeke utzi nahi zenbat lan egin zuen, atsedenik gabe, euskararen eta euskal kulturaren alde. Urte askotako lanaren ondoren, Cenarrusa Fundazioa sortu zuen 2003an, gure kulturari lotutako ekinbideak bultzatzeko. 

Izugarrizko ondarea utzi digu Pete Cenarrusak, ez Estatu Batuetan bizi diren euskaldunei bakarrik, baita mundu zabalean barreiatutako gainerako euskaldun guztioi ere. Beti izango dugu eredu, hala belaunaldi berriek ere. Bere lorratzek erakutsi digute bidea, segi besterik ez dugu.

Agur eta ohore, Pete.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia