euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pedro Javier Arriaga, Caracas: "Eusko Etxea bihotzean eta nire barruaren muinean daramat"

2014/04/24

Pedro Javier Arriaga Caracaseko Eusko Etxearen ekitaldi batean
Pedro Javier Arriaga Caracaseko Eusko Etxearen ekitaldi batean

PUBLIZITATEA

Hirurehun laguneko bazkarian, Pedro Javier Arriaga Aguirrek egoki ospatu zuen joan den asteburuan Aberri Eguna. Ez ordea Euskadin. Edo bai, "gure euskal etxea Euskal Herriko parte baita", diosku zalantza izpirik gabe. Pedro, Caracasen jaioa duela 47 urte, hiriburu venezuelarreko Eusko Etxeko lehendakaria da gaur egun. Euskal izpiritu sakon, eskuzabal eta engaiatu baten jabe, oraindik ume diren bgere bi alabei pasatu nahi lieke bizitzan hain garrantzitsua zaion euskaltasuna, baina ez hitzekin bakarrik, bere jardunbide koherentearekin baizik.

Joseba Etxarri. Urtero, andana bat dira munduan zehar Aberri Eguna ospatzen duten euskal etxeak. Venezuelan, hala egin zuten joan den igandean Caracas eta Valenciako Eusko Etxeek, baita Puerto La Cruz-eko Eusko Etxeko kide diren zenbait familia eta lagunek ere, bertan aspaldi errotutako tradizio bati eutsiz.

-Ez dut uste tronpatuko naizenik Aberri Eguna Venezuelako euskal etxeen ospakizun egutegiko data garrantzitsuena dela esaten badut.

-Hitzordu garrantzitsuena da, euskaldunen eta euren ondorengo eta lagunen bateragarri nagusia baita, euskalduntasun sentimentuaren adierazgarri. Hemen Venezuelan aita eta amarengandik ikasi nuen euskal-venezuelarren bilgune nagusia dela, bertan elkar ikusi, partekatu eta elkarrekin solas gaitezen, non eta gure Eusko Etxean, ikusiz zer izan ginen, zer garen eta zer behar dugun izan Komunitate gisa, Euskadiko parte gisa, nahiz eta zortzi mila kilometrora egon.

-Solemnitate osoz ospatzen da.

-Urtero lau puntu ardatz ditugula ospatzen dugu Caracasko Eusko Etxean: lehenengo orduan, meza, hamaiketan, aurten aita Pedro Galdos jesuitak emana. Hamabi t'erdietan, ereserkiak eta Venezuela eta Euskadiko banderak mastan igotzea Gudariaren Monumentuaren aurrean, Eusko Etxe atarian. Aurten Karmele Bilbao eta Kepa Lekuek egin dute eta ohorezko aurreskua Ainara Olalde eta Iker Urcelayk dantzatu dute. Ordubatean, pilota partidak, gure Jai Alai frontoi esku lau t'erdikoan; lehenengo partidan Iker Urcelay-k hartu dio aurrea Ekaitz Lacasari 22-12 partida politean, eta larruzko pilota paletan Mousiñok irabazki dio Jorge Borrajori. Eta hiruretan, senidetasun bazkaria geure baserriaren areto nagusian, porrusalda, indaba sakramentu guztiekin, atuna bizkaitar erara... guztia ardo nafarrak eta hemengo edari tropikalek lagunduta. Hirurehun lagun inguru izan gara.

-Lehendakari moduan, festa eguna baina lan eguna aldi berean...

-Arrakastatsua izan da eta gehienbat gure jendearen ahalegin nekaezinari esker izan da, etengabeko laguntzaile apartak baititugu esaterako Maite Carranza, Oyane Arregui, Maite Arriaga, Josune Zubizarreta, Maria Isabel Arriaga, Agurtzane Arteaga, Maria Teresa Ballatori, Maria Isabel Ramirez, Maria Alejandra Ramirez, Anton Arriaga, Unai Azpiritxaga, Victor Ballatori, Txomin Viscarret, Clever Ramirez, Joseba Barreda eta Gotzon Lacasa, besteak beste, eta beste hainbat ere, beti laguntzeko prest, baita bestelako partaideak ere, egon ahal izan diren akatsak, hobetzeko aukera gisa hartu baitituzte eta ez kritikatzeko gai bezala, beti laguntzeko eta disfrutatzeko asmoz.

-Zeintzuk dira zure famili aurrekariak? Caracasen jaio zinen, lanbidez albaitaria zara; lotura Eusko Etxearekin familia bidez heldu zitzaizun.

-Gure aita zena, Antonio Arriaga Gerriketxebarria, gernikarra zen eta Venezuelara erbesteratuen lehenengo ontzian etorri zen, Cuba-n, 1939an, aitxitxe Mateo, amama Juana eta tio Joserekin. Ama, Maria Teresa Aguirre Bernaola, durangarra, 1948an etorri zen, Marques de Comillas-en, oker ez banago. Zortzi neba-arreba gara, Maite, Anton, Migel, Maria del Rosario, Mapi, Mari, Amaya eta neroni, guztiak Caracasen jaioak. Eusko Etxeko zuzendaritza batzordetan ibili izan gara eta guztiak gara bazkide eta partaide. Mapi da aktibo ez den bakarra, Madrilen bizi baita.

-Eusko Etxeko lehendakari izan zinen 2007-2010 epean eta orain ere hala zara, 2012az geroztik. Zerk bultzatzen du zu bezalako gazte profesional bat honelako postu bat hartzera eta musutruke lan egitera, gogoan izanik eginbeharrak asko direla eta pozarako aukerak, berriz, mugatuagok?

-Nik bihotzean daramat Eusko Etxea, nire barruaren muinean eta nire zeluletako bakoitzean. Aita Caracasko Eusko Etxearen fundatzailetakoa izan zen 1942an eta Inmobiliaria Euskalduna delakoko akzioduna. Akzio horiek seme-alaboi utzi zizkigun. Bertatik kilometro batera jaio nintzen eta Eusko Etxea beti egon izan da hor. Euskadi-Venezuela ikastolan ikasi nuen eta bakarrik unibertsitate-garaian, Caracastik Maracay-ra ikastera atera behar izan nuenean egon naiz aldenduta.

-Une nahasiak bizi dira Venezuelan eta, bestetik, Eusko Etxea ere ez dabil bere momenturik indartsuenean, eta honek dedikazio eta lan handia eskatzen du. Zuk lanari eusten diozu...

-Aitak herentzian utzitakoari nahi diot eutsi. Niretzat Eusko Etxea zapaltzen dudanean, Euskadi dela sentitzen dut, gu euskaldunona den leku bat; nahiz eta Venezuelan egon euskal lurra dela sentitzen dut, eta bertan asko egin daitekeela. Garrantzitsuena niretza,t egitea da, ez lan hori besteengan uztea ezin dudala esanez. Egiazki ipintzen dut nire hondar-alea, eta aukera eman nahi nieke nire alabei, eta bilobak baditut eurei ere, goza dezaten Venezuelan Euskadiko zati edo txoko batez, bertan garatu ahal ditzaten gisa batean edo bestean barnean daramatzaten euskal geneak.

-Zer esaten dizute edo nola bizi dute hau guztia zure emazteak eta zure bi alabek, hiru urte t'erdi eta urte t'erdikoak?

-Eurak ere partaide dira eta disfrutatu, gozatu eta nozitzen dute eta nirekin tristetzen dira Eusko Etxeaz. Adriana jatorri italiarrekoa da, Venezuelan jaioa, baina senar-emaztegai ginenetik egokitu eta zinez integratu da Eusko Etxean. Eta alabek, nagusiak, Naroak, egun libre bat daukagun bakoitzen "aitatxu, goazen nire euskal etxera" esaten dit. Oriana, berriz, gazteegia da oraindik, eta bere poza korrika eta jauzika adierazten du, barrez, bertan dagoenean.



Komentarioak

  • Holako jendea behar dugu

    Holako jendea behar dugu, gaztea, gogotsua, formatua, prest dagoena, emana, euskaltzale eta abertzalea, baikorra, esatea eta egitea bateratzen dituena, etsenplua ematen duena. Eskerrik asko, Pedro Javier Arriaga!!!

    Juana Mari Zabaleta, 2014/04/29 00:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia