Hemen zaude: Hasiera Albisteak Patxi Usobiaga eta Irati Anda Txinara doaz, datorren astean jokatuko den Eskalada Munduko Txapelketara

Patxi Usobiaga eta Irati Anda Txinara doaz, datorren astean jokatuko den Eskalada Munduko Txapelketara

2009/06/26

Norgehiagoka Xining-en jokatuko da datorren ostegunean hasita, uztailak 2, eta finalak hilaren 4an (emakumezkoena) eta 5ean (gizonezkoena) izango dira. Seigarren mundu-txapelketa izango da Usobiagarentzat, azken hiru edizioetan zilarrezko domina lortu eta IFSCren ranking-ean laugarren postuan kokatu ondoren. Irati Andak bosgarren postua lortu zuen 2007an Avilesen, Mundu-Txapelketaren aurreko edizioan, eta hauxe izango da txapelketa honetako bere bigarren partehartzea.

Donostia-San Sebastián. BAT Basque Team fundazioaren babespean diharduten Patxi Usobiaga eta Irati Anda eskalatzaileak komunikabideen aurrean azaldu dira gaur Donostian, datorren astean Munduko Eskalada Txapelketa jokatu behar duten Txinako Xining hirira abiatu baino lehen. Patxik eta Iratik uztailaren 4ean eta 5ean egingo diren finaletara iristeko itxaropena dute (emakumezkoen eta gizonezkoen kategorian, hurrenez hurren), baina horren aurretik, datorren ostegunean hasita, uztailak 2, jokatuko diren kanporaketak gainditu beharko dituzte, azaldu du kirolarion erakunde babesleak ohar baten bidez.

Patxi Usobiaga (Eibar, 1980-9-7) egoera inbidiagarrian iritsi da ondoz ondo jokatuko duen  seigarren Mundu-Txapelketa honetara. Azken hiru edizioak txapeldunorde amaitu ditu, eta gaur egun, laugarren postuan dago IFSCren (Kirol-Eskaladako Nazioarteko Federazioa) ranking-ean. 223,58 puntu dituela, Patxik, Julian Puigblanque (268,94) katalana, Tomas Mrázek txekiarra (302,64) eta Jorg Verhoeven (331,90) holandarra izango ditu arerio Xining-en, hauexek baitira ziurrenik egun dituen kontrariorik aipagarrienak. Azken mundu-txapelketetan izandako partehartze bikainaz gain, euskal eskalatzaileak 2006 eta 2007ko Munduko Kopak eta 2008ko Europako Txapelketa irabaziak ditu.

Irati Andaren kasuan (Gasteiz, 1982-12-25), Xining-eko hitzordua Mundu-Txapelketan egindako bigarren partehartzea izango da, Avilesen 2007an jokatu zuen Mundu-Txapelketaren ondoren (bosgarren postua lortu zuen orduko hartan). Nazioartean, Arco-ko (Italia) Rockmaster-ean 2007ko irailean lortutako hirugarren postua, eta urte bereko urrian eta azaroan Kozo-n (Japonia) eta Kranj-en (Eslovenia) jokatutako Munduko Kopako probetan lortu zituen bigarren postuak dira orain arteko bere markarik onenak. 2008an eskumuturra lesionatu arte, Estatu espainiarreko eskalatzailerik onentzat jotzen zuten, bata bestearen ondoren irabazi baitzituen 2006 eta 2007ko Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak. Gaur egun, 16. postuan dago IFSCren ranking-ean.

Nazioarteko proba ugarin partaide

Xining-eko Mundu-Txapelketan parte hartu ondoren, Patxik eta Iratik nazioarteko proba ugari jokatuko dute. Munduko Kopak ondoko leku hauek bisitatuko ditu ondorengo hilabeteetan: Chamonix (Suitza, 09/7/12); Bartzelona (09/8/8); Imst (Austria, 09/8/21); Puurs (Belgika, 09/9/25); Brno (Txekia, 09/11/6); eta Kranj (Eslovenia, 09/11/14). Nazioarteko beste proba batzuetan ere parte hartuko dute, hala nola, Serre Chevalier (Frantzia, 09/7/24); Arco-ko Rockmaster-a (Italia, 09/9/5) edo etxean jokatuko den Dur&Go delakoa (Durango, 09/9/11).

BAT Basque Team-en xedea, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren babespean gauzatu da (EITB). Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial. BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, “BAT Basque Team” marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta, prentsa oharrak azaldu duenez.

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita