euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Nafarra naiz ni' dio abuztutik aurrera sarean eskuragarri dagoen Mendozako Nafar Etxearen buletinak

2013/09/05

'Yo soy navarro (Nafarra naiz ni)' buletinaren azala
'Yo soy navarro (Nafarra naiz ni)' buletinaren azala

PUBLIZITATEA

Jaio berri berria da Mendozako (Argentina) Nafar Etxearen aldizkaria eta oso helburu argia du: erakundearen berri probintziako bazter guztietara helaraztea. 'Yo soy navarro (Nafarra naiz ni)' dio aurrerantzean hilean behin debaldeko harpidetzaz internetez banatuko den buletinak. Nobedade honekin batera, Andeetako Nafar Etxeko lagunek euren proposamenetan parte hartzeko gonbitea ere luzatzen dute. Nafarroako eta Argentinako dantzak, abesbatza, ekimen solidarioak eta bilerak dira elkarteak antolatzen dituen ekintzetako batzuk.

Mendoza, Argentina. Garrantzi handiko urrats bat eman du joan den hilabetean Mendozako Nafar Etxeak bere kide eta lagunekin kontaktuan egote aldera. Buletin berriak “etxe barruko albisteak, emakume eta gazteen batzordeetako proposamenak eta Doña Prudencia eta Malbec peña edo lagunarteen ideiak batuko ditu. Eta Nafarroako kultura zabaltzen laguntzen digutenen ekarpenak ere argitaratuko ditugu buletinean”, adierazi du Esteban Nieto Nafar Etxeko lehendakariak hilabetekariaren lehenengo alean.

Argitalpenaren antolaketari dagokionez, zati hauek ditu: Berriak, Gizartea, Kultura, Agenda eta Aisia. Berriak eta Gizartea delako ataletan Mendozako Nafar Etxean zein Nafarroan bertan egiten diren ekintzei buruzko berriak plazaratuko dira. Honekin lotuta aipatu behar da abuztuko edizioan Sanferminak direla gai nagusia.

Agendak, berriz, dagokion hilabetean gauzatuko diren ekitaldiak jakinaraziko omen ditu eta Kultura atalean Nafarroako Foru Erkidegoarekin lotura duen eduki historiko edo gaur egungo gairen bat garatuko dela iragartzen da. Aisian, aldizkariaren azken lerroetan, sukaldaritza arloa eta errezetak dira hizpide. Eta baita etxeko bazkide eta lagunak ezagutzeko elkarrizketa labur batzuk ere.

Berripapera hilero iritsiko da irakurleengana, dohain, eta navarrodemendoza@hotmail.com helbidean harpidetza egin eta gero. Aldizkaria, gainera, elkartearen Facebook-eko horman ere aurki daiteke Centro Navarro Mendoza izenpeko kontuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia