euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Muslari porrokatua al zara? Euskal enpresa batek Facebook-en musean jokatzeko aplikazio bat garatu du

2011/04/29

Mus partida birtual baten irudia
Mus partida birtual baten irudia

PUBLIZITATEA

Interneterako eta telefono mugikorretarako aplikazioak garatzen ditu Ideateca enpresa bizkaitarrak eta horien artean musean Facebook edo Android mugikorren bidez aritzeko joko bat egin du. Munduko edozein bazterretik konekta daitezke jokalariak eta, errealitatean bezalaxe, mahaian 'eseri' ostean hasten da partida. Jokatzen ari diren bitartean elkarrekin edo partida ikusten ari diren bisitariekin txateatu dezakete, gainera. Aplikazioa duela urtebete aurkeztu zen eta 40.000 jokalari inguru aritu dira jada enbido eta ordago birtualak botatzen.

Bilbao, Bizkaia. Musa joko arrakastatsua da euskaldunen artean, eta Diasporan jarraitzaile eta zaletu frango ditu. Teknologia berriak musera ere iritsi dira eta Ideateca enpresa bilbotarrak sarean Facebook bidez musean jolasteko aplikazio bat diseinatu du. Aplikazioak, baina, akats bat badu: gaztelania hutsean egina da eta EuskalKultura.com-ek galdetuta, Ideateca-n euskarazko bertsioa "epe oso luzean baino ezin izango omen dute egin".

Gaztelania hutsean, bada, Ideateca-ko Isabel Liebenak azaldu dizkigu jokoaren bertsio birtual honen nondik-norakoak. Jolasteko nahikoa da enpresak Facebook-en jarri duen 'Jugar al Mus' orrian sartzea. Bertan musari buruzko berriak eta txapelketen datak biltzen dituzte. Musean aritu nahi duzula? Ba sakatu izenburuaren ondoan dagoen 'Aplikaziora joan' botoia. Horrek partidak jokatzen diren lekura eramango zaitu. Hemen sala desberdinen zerrenda ageri da eta bakoitzean zenbat jokalari eta ikusle dauden ikus dezake erabiltzaileak. Sala bat aukeratu eta bertan sartu beharra dago (arazoren bat izanez gero, sakatu 'Ludei-en jokatu' botoia).

Ondoren, bizitza errealean egingo genukeen bezala, mahaira eseri beharko du jokalariak. Parean duena izango da bere bikotea. Partida mahaia betetzen denean hasten da. Kartak banatzen dira eta jokalariek aukeratu edo utzi egin ditzakete. Hitz egiteko orduan, jokalariak jokaldiari dagokion botoia sakatu ahal izango du. Bigarren txandaren ostean keinuak erabil daitezke. Jokalariak keinua aukeratzen du eta makinak erabakitzen du, era aleatorioan, bikoteak ikusi ote duen, aurkariek harrapatuko ote duten edota inork ikusi gabe geldituko ote den. 

Android mugikorretan ere

Jokoa jokalarien arteko hartu-emana eta komunikazioa errazteko diseinatua dago, horixe baita musaren gatza eta piperra! Mahaiaren alboan dagoen txataren bitartez elkarrekin, eta ikusleekin ere, hitz egin dezakete jokalariek. Horrez gain jokalari bakoitzaren emaitzak bere Facebook-eko orrian erakutsiko dira, lagunen arteko 'pikeak' sortuz. Facebook bitartez lagunei gonbidapenak ere bidal daitezke, adibidez, gelan bakarrik dagoen jokalari batek lagunak gonbida ditzake partida hasi ahal izateko.

Mus android

[Partida bat Android mugikor batean (argazkia Ideateca)]

Android mugikorretatik ere jolas daiteke mus birtual honetara, eta telefonotik ari dena Facebook-en edo Ludei orrian (Ideatecaren jokoen orria da) jokatzen/jolasten ari direnen partidetan ere sar daiteke. 'Joko gutxik eskaintzen dute plataforma desberdinetik aritzeko aukera hau eta gure berezitasunetako bat da', diosku Isabel Liebanak. Jokoa plazaratu zenetik 40.000 erabiltzaile izan omen ditu, gehienak Madrildik eta Bilbotik. Munduko mus zaleentzako aukera polita izan daiteke, sar saitezte eta hasi jolasten!

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia