euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hainbat euskal etxek munduan ospatu zuten Aberri Eguna: Txileko Santiagon, Venezuelako Valencian... (II)

2012/04/12

Txileko Santiagon Aberri Eguna ospatzeko San Cristobal mendira igo ziren euskaltzale hauek (argazkia Gure Etorkia)
Txileko Santiagon Aberri Eguna ospatzeko San Cristobal mendira igo ziren euskaltzale hauek (argazkia Gure Etorkia)

PUBLIZITATEA

Hasi zaizkigu heltzen munduko hainbat leku eta herrialdetako euskal etxeek Aberri Eguna kari eginiko ospakizunen informazio eta irudiak. Jarraian iragan igandean Txilen eta Venezuelan egin ziren bi festaren berri ekarri dugu, hurrenez hurren. Txilekoa, Santiagoko Gure Etorkia euskal elkarteak antolatua, San Cristobal muinoan dagoen Gernikako Arbolaren kimurainoko ibilaldia izan zen, bertan ekitaldi bat eta erromeria egiteko; Venezuelako Valencia-Naguanagua-n, berriz, Caraboboko Eusko Etxeak bazkide eta lagun andana bildu zuen bere instalazioetara, eguna famili giroan bizitzeko.

Txileko Santiago/Valencia-Naguanagua, Venezuela. Txileko Gure Etorkia kultur elkarteak iragan igandean, apirilaren 8an, ospatu zuen Aberri Eguna, Santiagoko San Cristobal muinoan gora txangoa eginez. Muino hau oso esanguratsua da Txileko euskaldunentzat, bertan Eusko Enparantza izeneko plaza baitago, 1931an landatutako Gernikako Arbolaren kimu bat eta hau inguratzen burdin polikromatuzko euskal probintzien armarriak, plaka bat eta euskal sinbologia gehiago.

Oinezko ibilaldiari dagokionez, hogei bat lagun bildu zituen. Beste lagun multzo bat zuzenean azaldu zen enparantzara. Zenbaitek hortxe dagoen San Cristobalgo elizan meza elizkizunean parte hartu zuten eta hau amaitutakoan abiatu zen Aberri Eguneko festa eta ekitaldia. Gure Etorkiako Raimundo Riquelme Zubelzuk hartu zuen hitza bertaratutakoei mintzatzeko eta goraipatu egin zuen Txileko euskal etxeek herrialde honetan euskal ondarea gordetzen eta zabaltzen egiten duten lana, Santiagoko Eusko Etxea, Valparaisoko Eusko Etxea eta Colectividad Vasca de Chile delako berria aipatuz ahalegin horretan.

Iaz bezala, Angel 'Gotzon' Espinoza txistulariak bere musikarekin alaitu zuen festa, eta aurten gainera beste bi euskal musika tresna gehiturik ohiko txistu eta danbolinari: ttun-ttuna eta txirula. "Berri on bat eman zigun gainera: txistu eta danbolin katedra-tailer bat antolatzea lortu duela Txileko Unibertsitateko Musika Eskola Nazionalean. Latinamerika osoan ez dago parekorik, lorpen historikoa da", azaldu dio EuskalKultura.com-i Raimundo Riquelmek.

Aberri Eguna 2012 Gure Etorkia (2)

[Euskal dantzak izan ziren igandean Txileko San Cristobal mendian Aberri Eguna ospatzeko, Angel Espinozaren txistu eta danbolina lagun (argazkia Gure Etorkia)]

'Gotzon'-en musikak lagunduta, aurreskua dantzatu zuten Riquelmek eta Maitane Uribe dantzariek eta parte hartzaileek kantekin eta fandango eta kalejirekin jarraitu zuten festa. Bertan izan zirenen artean ezusteko bisitari bat ere izan zen: Fernando Erdaide gernikarra Santiagon zegoen oporretan eta halabeharrez egin zuen topo ospakizunarekin. "Ezin zuen sinistu ere egin. Bera eta Fernando Zubia elorrioarra euskaraz hizketan aritu ziren, betidaniko lagunak izango balira bezala. Ze ondo!", gehitu du Riquelmek.

 Aberri Eguna 2012 Gure Etorkia (4)

[Fernando Zubia eta Fernando Erdaide, San Cristobalgo Eusko Enparantzan euskaraz, Gernikan edo Elorrion egingo luketen bezalaxe (argazkia Gure Etorkia)]

Jendetza polita Carabobon

Venezuelan, Valencia-Caraboboko euskal etxeak urtero legez ohoratu zuen Aberri Eguneko hitzordua eta bazkide eta lagun asko bildu ziren elkartearen egoitzara. Ospakizuna Jose Garcia apaiz nafarrak egin zuen meza elizkizunarekin hasi zen. Mezan Begoñako Ama Birjinaren irudia jarri zen aldarean eta Venezuelako banderari eta ikurrinari omenaldia egin zitzaien. Elizkizunaren ostean Amaya Uzcanga bazkideak aurreskua dantzatu zuen. Jaiak marmitako eta babarrun jate batekin jarraitu zuen eta arratsaldean pilota partidak jokatu ziren, guztia euskal elkartearen instalazioetan.

Aberri Eguna 2012 Carabobo

[Amaya Uzcangak dantzatu zuen aurreskua (argazkia Notitarde)]

Eusko Etxeko presidente Josu Ugaldek Venezuelara etorri eta familia bertan sortu zuten euskaldunak asko izan zirela gogoratu zuen eta azpimarratu zuen inoiz ez zituztela ahaztu euskal ohitura eta ideialak, Venezuela bigarren aberritzat hartu bazuten ere. Ildo beretik, Ugaldek deia luzatu zien egungo euskal-venezuelarrei, jatortasuna mantentzeko eta euskal abertzaletasuna sustatzeko eskatuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia