euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Centro Euskaro EEak astelehenean abiatuko ditu bere sorreraren Mendeurreneko ekitaldiak

2011/06/21

Egoitza berriaren inaugurazioa egin zuen elkarteak 2008an (argazkia CentroEuskaro)
Egoitza berriaren inaugurazioa egin zuen elkarteak 2008an (argazkia CentroEuskaro)

PUBLIZITATEA

Datorren ekainaren 29an Montevideoko Centro Euskaro elkarteak ehun urte beteko ditu eta egitarau zabala antolatu du data esanguratsu hau ospatzeko. Mendean zehar gorabeherak izan ditu elkarteak, baina ehun urte bete eta ekinean jarraitzeak merezi du ospatzea eta horretan dihardute egunotan. Mendeurreneko ekitaldiak datorren astelehenean, ekainaren 27an, hasiko dira eta larunbata bitartean luzatuko dira. Hitzorduen artean, besteak beste, urteurrenari buruzko seilu baten aurkezpena eta Euskal Etxeen Nazioarteko Mus Txapelketa bat izango dira.

Montevideo, Uruguai. Centro Euskaro elkarteko zuzendaritza batzordea eta bazkideak buru belarri ari dira lanean egunotan, elkartearen Mendeurreneko ospakizunari azken ukituak ematen. Ekitaldiak ekainaren 27tik uztailaren 2ra luzatuko dira eta Uruguaiko eta munduko beste zenbait herrialdetako euskal etxeetako ordezkariak izango dira bertan.

Elkartea 1911an jaio zen eta egun 150 bazkide inguru ditu. Centro Euskaro-ren ohiko ekitaldien artean aipagarriak dira San Fermin eguneko besta. Euskararen Eguna, eta baita ere Gernikako Bonbardaketaren urteurrena. Elkarteak kultur eta gizarte ekimenak egiten ditu: bazkari eta afaria, ongintzako bingoak eta Euskal Herriari buruzko dokumentalen emanaldiak, besteak beste.

Euskal etxeak "harremana du Uruguaiko euskal komunitatearekin, hau da, euskal etxe guztiekin, eta baita ere Argentinako euskal elkarteekin", azaldu diote arduradunek EuskalKultura.com-i.

MENDEURRENEKO EKITALDIEN EGITARAUA

Ekainak 27, astelehena

- "Centro Euskaroren ehun urte" argazki erakusketaren inaugurazioa. Montevideoko Udal Intendentziaren Immigrazioaren aretoan (18 de julio eta Convención). Uztailaren 2a arte

Ekainaren 29a, asteazkena

- 10:00 – Lore eskaintza Jose Gervasio Artigas generalaren monumentuan (Plaza Independencia).

- 12:00 – "Centro Euskaroren ehun urte" seiluaren aurkezpena, Posta Nazionalaren agintariekin

- 16:00 – Plaka oroigarriaren inaugurazioa elkartearen egoitzan

- 20:00 – "Centro Euskaroren ehun urte" Nazioarteko Mus Txapelketaren hasiera. Uruguai, Argentina, Brasil, Paraguai eta Txileko euskal etxeetako partaideekin. Argentino Hotel de Piriápolis-en

Ekainaren 30a, osteguna

- 10:00 – Mus Txapelketaren irekiera saioa. Argentino Hotel de Piriápolis (txapelketa, goiz eta arratsaldez)

Uztailaren 1a, ostirala

-10:00 – Mus Txapelketa. Piriápoliseko Club de Bochas-en (goiz eta arratsaldez). Bazkaria klubean: erreki criollo-a

Uztailaren 2a, larunbata

-10:00 – Mus Txapelketaren finalaurrekoa eta finala. Piriápoliseko Club de Bochas-en. 

- 21:00 – Gala afaria eta Mendeurreneko ospakizunen itxiera ekitaldia. Haragi Saltzaileen Elkarteko “Centenario” aretoan. Sari banaketa Mus Txapelketako irabazleei. Musika. Tiketak: $ 700,oo

Horrez gain Gala Afarian parte hartzen dutenek oparia jasoko dute: elkarteak Mendeurrena dela eta argitaratu duen "Euskaro" aldizkaria eta argazki eta euskal errezetak dituen CDa

Ehun urtez bizirik

Centro Euskaro 1911ko ekainaren 29an sortu zen Montevideon, aurretik izandako euskal elkarteen lekukoa hartuz, hala nola “Laurat Bat” (1876-1898), “Centro Vascongado” (1883-1894) eta "Laurak Bat Centro Navarro" (1896-1896), elkarteko arduradunek azaldu dutenez. Hastapenean desadostasunak izan ziren bazkideen artean, elkartearen araudiak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako euskaldunentzako zela zioelako, Iparraldeko euskaldunak albo batera utzita. Hori dela eta elkarteko kide batzuk Centro Euskaro utzi eta 1912an Euskal Erria elkartea sortu zuten, zazpi probintzietakoei bide emanez.

Centro Euskaro-k bereari eustea erabaki zuen eta 1915an are gehiago egin zuen, elkartearen izenean "español" hitza gehitu, izena 'Centro Euskara Español' gisa utziz, Hegoaldeko euskaldunentzako elkartea zela berretsiz. Egoera honek 1994a arte iraun zuen. Orduan, beste batzar batean elkarteko kideek erabaki zuten jatorrizko “Centro Euskaro” izenera bueltatzea.

2007ko abenduan elkarteak bere egoitza saldu egin behar izan zuen, gorabehera ekonomikoak zirela medio. Hala ere 2008an egungo egoitza erosi zuen, Bacigalupi kaleko 2219. zenbakian. Iaz Eusko Jaurlaritzak 2008ko otsailean ken du zion errekonozimendua berreskuratu zuen eta euskal etxeen erregistro ofizialean sartu zen berriz ere.

Datozen ekimenak

Elkartea, etorkizunari begira, zenbait ekimenetan ari da lanean gaur egun, eta arduradunek azaldu dutenez, euskara klaseak ematea da horien artean nagusiena. Klase hauek elkarteko kideentzat eta auzoko biztanle guztientzat irekiak izatea da asmoa. Elkartea Mus Eskola bat sortzea hausnartzen ari da ere, eta datorren urterako egoitza berritu nahi dute, ekitaldi eta jai areto bat gehituz. Bertan Euskal Taberna bat eta euskal elkarte gastronomiko ireki bat egitea da helburua.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia