Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Emak Bakia Etxea" dokumentala, Man Rayk filmatu zuen Lapurdiko jauregi misteriotsuari buruzkoa, Mexikon

"Emak Bakia Etxea" dokumentala, Man Rayk filmatu zuen Lapurdiko jauregi misteriotsuari buruzkoa, Mexikon

2012/06/07

Duela urte batzuk Oskar Alegria zinemagile nafarrak Londresko Tate Gallery museoan Man Ray argazkilariaren lanen artean euskal izenburu bat aurkitu zuen: "Emak Bakia". Man Ray-k 1926ean Lapurdiko etxe batean grabatu zuen filme labur bat zen. Etxearen izenaren atzean istorio bat bazegoela sumatu zuen Alegriak, eta haren bila hasi zuen bidaia dokumental batean islatu zuen. Bideak hamaika itzulinguru eta bidezidorretan zehar eraman du Oskar, baina ordaina izan du: etxea aurkitzeaz gain, istorio eta pertsonaia bitxiak ere topatu ditu; tartean, etxea egin zuen errumaniar noblearen biloba, 94 urteko printzesa alemaniarra. Gaur eta igandean Mexiko hirian aurkeztuko du filma, ondotik Edinburgh-en.

Mexiko Hiria, Mexiko. Gaur arratsaldean Oskar Alegria zuzendari nafarrak Mexikon aurkeztuko du "Emak Bakia Etxea" dokumentala, Instituto Frances de America Latina aretoan. Buenos Airesen aurkeztetik dator, BAFICI 2012 jaialditik, eta hango emanaldietara hurbildu ziren euskaldunen erantzunak harritu eta hunkitu egin duela aitortu dio Alegriak EuskalKultura.com-i. Filmearen ardatza Lapurdiko kostaldeko etxe baten bilaketa da, eta bilatze horrekin erraz identifikatzen ziren Argentinako euskaldun asko. 

Dokumental honen abiapuntua Alegriak Man Ray argazkilari ospetsuaren erakusketa batean deskubritu zuen film esperimental bat da: "Emak Bakia". Izenburu euskaldunak jakin mina piztu zion ('Emak bakia!' utzi pakean esateko moldea da) eta filmearen irudiek misterioa areagotu Baino ez zuten egin. "Pelikula horretan plano bakar batean paisaia ikusten zen eta gure lurraldekoa egin zitzaidan --baserriak isolatuak, paretak txuriak-- baina hogeigarren hamarkadan egina zen, beraz auskalo nondik hartutakoa zen!", dio Alegriak. 

Bilaketari buruzko "foot-movie"-a

Hariari tiraka, Man Ray Miarritzen ibilia zela jakin ahal izan zuen Alegriak, eta Emak Bakia izeneko etxe batean egin zituela oporrak. Etxearen bila hasi zen zuzendaria eta bilaketa hori dokumentalaren bidez islatzea erabaki zuen.

"Etxearen bilaketa hori izan daiteke ardatza, ardatzik baldin badago, batek daki, eta etxe hori bilatzera oinez joan behar da…", dio Alegriak, filmea road movie baino foot-movie bat dela gehituz. "Nik uste dut bakarrik abiadura motel batean, ez kotxez ezta bizikletaz ere, soilik oinez, aurki ditzakegula bideak ematen dizkigun altxorrak edo ustekabeko bitxikeriak".

Itsasoari begira

Eta aurkitu, makina bat altxor topatu ditu Alegriak bidean, eta ikusleek berarekin batera aurkituko dituzte, dokumentaleko ikerketa aurrera joan ahala. Filmeko irudiak hartu eta Miarritzeko kosta arakatzen hasi zen Alegria. "Batez ere, irudi bat, itsasoa erakusten duen fotograma bat, beti buruan neraman. Irudi horretan itsasoa eta lurmuturra ikusten da, etxerik gabeko lurmuturra eta ez oso altua". 

Azkenean, Alegriak obsesiboki itsasoa begiratzen zuen bitartean, berarekin zioan lagunak aurkitu zuen etxea, barnekaldera begira. "Bi zutabeko lehio bati esker aurkitu zuen etxea", azaltzen du Alegriak. "Zutabe arraroak dira, etxea Errumaniatik etorritako noble batek eraiki baitzuen. Garai hartan Miarritze aristokraziaz mukuru zegoen eta noble honek Errumaniako bere jauregiaren erreplika ia zehatza eraiki zuen gure kostaldean. Aurkitu genuen momentuan, zer sentitu, ba hortxe bide luze bat hasi zela sentitu nuen".

Emak Bakia Etxea

[Emak Bakia etxe misteriotsua (argazkia Oskar Alegria)]

Nabokov-en lehengusina

Bide luze horretan ezusteko gehiago era aurkitu zituen zinemagile nafarrak; horien artean, bera bezala, etxearen bila ari zen printzesa alemaniar bat, Emak Bakia eraiki zuenaren biloba: Maria Despina zu Sayn-Wittgenstein. "Grazia duen adineko emakume bat da, orain 94 urte ditu eta beste garai bateko pertsonaia da. Nabokov idazlearen lehengusina izateaz gain, gaztetan Errumaniako ping-pong txapelduna izan zen eta biologoa ere bai. Inurrien usaimena ikertu duen biologoa. Sinestezina", dio Alegriak.

Halarik ere, zinemagilearen esanetan, horrelakoak arruntak dira euskal kostaldean: "Lapurdiko kosta gure Ampurda dela esaten dut beti, zeozer bitxia daukalako, auskalo, haize berezi bat, horko tramuntana antzekoa. Kosta lunatikoez beteta egon da beti, lunatiko zentzu onean esan nahi dut. Bai, etxe bakoitzak istorio ugari gordetzen du bere baitan; Abadia Jauregitik Ilbarritz gaztelura pertsona xelebre asko bizi dira itsaso honen ondoan".

Emak Bakia Etxea 2

[Maria Despina zu Sayn-Wittgenstein printzesa alemaniarra, Emak Bakia etxean itsasoari begira, dokumentalaren irudi batean]

Bakean uztea nahi zuen errumaniar noblea

Emak Bakia etxea horren adibidea dela dio: "Bidarteko muino batean Errumaniako noble batek bere paradisua aurkitu zuen, Miarritzetik kanpo egon nahi zuen, giro aristokratikotik aparte. Hortik ihes egiteko jauregi bat eraiki zuen muino isolatu batean, Errumaniatik ekarritako materialarekin. Etxea berak bataiatu zuen eta Emak Bakia izena aukeratu zuen bere libertatea eta bakea aldarrikatzeko".

Egun aeronautika enpresa bat da etxearen jabea eta langileek oporrak pasatzeko erabiltzen dute. "Jauregia obreroek okupatu dute, hori bai istorioa", gehitzen du Oskarrek.

Buenos Airesen arrakasta

Filmea Buenos Airesen aurkeztetik dator Alegria, eta hango emanaldietara euskaldun asko hurbildu zirela azaltzen du. "Euskaldunen artean harrera sakona izan zen. Batzuek inoiz ez dute zapaldu dute gure-bere herria baina istorio pilo bat entzun dituzte eta euskal bazterrak buruz ezagutzen dituzte...", agertzen du Oskarrek.

Askok zuzendariarekin solas egin zuten emanaldiaren ostean. "Esateko, Zuloaga bat hurbildu zitzaidan negarren artean bere arbasoen etxearekin beti amesten zuela esanez eta nire pelikula etxe baten bila doanez, ba filmea ikustean bere ametsa bete zuela... Hori bai psikoanalisia!", dio. "Beste euskaldunen seme bat, Argentinan jaioa eta gaztea, kazetaria eta idazlea, egin genituen hiru emanaldietara etorri zen. Nik esan nion 'baina jada pelikula buruz dakizu...' eta berak 'vine a emocionarme de vuelta' erantzun zidan. Jauregui abizena zuen... Hori bai halabeharra!", dio harriduraz.

Mexiko Hirian eta Morelian

Alegriak Mexikoko Diasporako kideei ere herrialde honetan egingo diren emanaldietara joateko gonbitea luzatu die. Emanaldi bat egingo da gaur, 21:00etan, Instituto Frances de America Latina aretoan. Igandean filma ikusteko beste aukera bat izango da, Tlatelolco Kultur Zentroan, 19:00etan.

Mexikotik Eskoziara egingo du jauzi filmeak, eta Edinburgh International Film Festival-eko Sail Ofizialean parte hartuko du. Irailean Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztuko da dokumentala Euskal Herrian eta urrian Mexikora bueltatuko da, Morelia hiriko zinemaldian parte hartzeko. 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita