euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Manny Villanueva: "Kamioizalearen bizitza gogorra da AEBetan, bereziki kostarik kosta bazabiltza"

2014/07/03

Manny Villanueva Renoko bere etxeko egongelan (argazkia Ezti-EuskalKultura.com)
Manny Villanueva Renoko bere etxeko egongelan (argazkia Ezti-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Iparramerikar gehienek baino hobekiago ezagutzen ditu Estatu Batuetako errepideak. Izan ere, txikitako lagun durangarrek dagoeneko 'yanquia' dela esaten diote, berak erabat ukatzen badu ere. Manny Villanueva --Manuel Villanueva zen Euskadi utzi zuenean-- kamioizalea da. Renon bizi da eta egunero 800 bat kilometro egiten ditu 18 abiadura eta 575 zaldi dauzkan bere kamioian.

Joseba Etxarri. Urte asko dira, 1979an Estatu Batuetara iritsi zenetik ia, jende guztiak bere inguru amerikarrean, lagunek eta familiak, Manny esaten diotela. Durangotik etorri zenean ez zeukan gidabaimenik eta handik pare bat urtetara atera zuen --"azterketa egin eta 10 dolar ordainduta", "aire libreko mehategi batean ikasia nuen gidatzen", zehazten du-- gaur egungo profesionala, kamioizale edo, hemen askotan esaten duten bezala, 'trokeroa', bilakatu arte, 35 urteko eskarmentua bizkarrean, lehenik AEBak alderik alde zeharkatzen kamioia bera bizileku, gaurdaino, egunero bost bidaia eta 500 bat milia --kilometrotan 800 bat-- eginez, goizeko ordu txikietatik hasita, lanera hiruretan, lauetan edo bostetan sartzen baita.

-Gogorra, kamioizalearen bizimodua...

-Ezta erraza. Eta desberdina da kostarik kosta bazabiltza ala eskualde edo zona batera mugatzen bazara. Kostarik kosta dezente gogorra izan daiteke, gazte direnek errazago egiten dute. Distantziak handiak dira Estatu Batuetan, baina herrialdea beti bera da, nahiz eta eskotan estatu bakoitzak bere legeria daukan. Europan, baina, distantzia bera eginez hainbat herrialde ari zara zeharkatzen, bakoitza bere hizkuntza, ohiturak eta poliziarekin. Ni hemen guztietatik dastatu dut, kamioi mota desberdinak gidatu izan ditut, baina gaur egun, urteak eta gero, finkatuagoa nago, hemen oversize deitzen duten kamioi bat gidatzen dut eta momentu honetan bidaia bakoitzean 40 bat tona harri xehe eta harea garraiatzen ditut porlanezko fabriketara, bi atoirekin, orotara 105 oin luzera, 30 metrotik gora, eta 130.000 liberako pisuarekin, 40 tona pasexe.

-Erabat menperatu behar duzu, hain makina handiarekin ausartzeko...

-Beste edozein lana bezalakoa da, ohitzen zara, baina egia da erantzukizun nabaria daukazula eta behar duzula beti erne ibili. Ibilbide luzeetan nenbilenean, 80. eta 90. hamarkadetan, lan mota hori bariatuagoa eta entretenituagoa izan zitekeen, baina lanorduak amaigabeak ziren oso eta oso gutxi egiten zen lo. Orain legeak aldatu egin dira eta guztia askoz kontrolatuagoa dago. Orain ere goiz jaikitzea tokatzen zait, baina adin batera heltzen zarenean, kamioiarekin ibilbide luzeetan ibiltzea are gogorragoa egiten zaizu, gazteagoa den jendearentzat da, eta 2002an bigarren aldiz ezkondu nintzenetik, famili arrazoiak tarteko ere, Renora bildu naiz eta hemen ezarria dut behin-betiko bizitza.

-Kamioilariaren bizimodua filmek marrazten duten bezalakoa al da?

-Bai eta ez. Filmak horixe dira, filma, baina, batzuetan, errealitatearen karikatura egiten dutenean ere, islatu ere egiten dute. Esaten dizudan moduan, ordea, askotxo aldatua da lanbide hau azkeneko urteotan.

-Oso bestelakoa al da Estatu Batuetan edo Euskal Herrian gidatzea?

-Nik hemen eskuratu nuen gidabaimena eta, egiari zor, noizbehinka han gidatu behar izan dudanean aldea nabaritzen dut. Abidatura mugak diferenteak dira, hemen lautada luzeak dauzkagu eta Euskadi mendiz josia dago. Uste dut kamioiek han, 80 edo 90 kilometro orduko muga daukatela, hemen badaukazu 110 edo 120ra joaterik autobidean, eta zati jakin batzuetan baita 130era ere. Euskadin errepideak estuagoak dira, eta hemen errepidebazter zabalagoak dauzkagu. Ez dut uste han nik normalean gidatzen dudan kamioia bezalakorik dagoenik, hiru ardatzekoa, Caterpillar motorduna.

-Mundu krisialdi ekonomikoa, AEBetan hasi zen eta gogor astindu zuen Nevada. Jasatea suertatu zitzaizuen.

-Zeuk esan duzu. Ahal izan genuen gisan eutsi genion eta denborarekin ateratzen joan gara. Neronek, oraintxe bertan zortea daukadala esan dezaket, eraikuntzan egiten dut lan, obra garrantzitsuak egin ditugu, eguzki planta elektriko bat, proiektu askotarako porlana eta materiala eraman izan dugu, urregorri mehatzen batetara... baina oso urte ahuletatik gatoz. Azken bolada honetan lana igo egin da. Gogor behar duzu lan egin baina ez dago gaizki ordaindua. Baina hau Amerika da. Lan egindakoa ordaintzen dizute, jai-egunik ez dizute ordaintzen, baina bai mediku asegurua eta urtean aste bat dagokizu opor gisa. Hango jendea harritu egiten da, baina hemen honela da: konpainia batean sartzen zarenean, astebeteko oporrak dituzu urtean, bost urtetara iristen zarenean, bi aste eta horrela hamabost urtetara iritsi arte, hor lau asteko oporrak baitituzu. Bestela, orain ordua 20 eta 25 dolar artean ordaintzen ari dira, ordu nornala, eta estra, denbora eta erdi.

-Bizimodu taxutua, ordenatua, daramazu; zer ikusirik ez zure gazte denborako urteekin.

-Zerikusirik ez du herrialdea alderik alde ibili behar izateak, Kanada edo Montanaraino, leku batean finkatuta bizitzearekin. Nire kasuan, faktore familiarrak eragin handia izan zuen eta  adina ere hor dago. Alaba bat izan nuen 2003an eta zalantzarik gabe horrek guztiak baldintatzu egiten zaitu, finkatzera hultzatzen eta bizitza kalitateari begiratzea ekartzen dizu.

-Renon, bertako euskal etxeko partaide zara, Zazpiak Bat-eko kide.

-Bai, lehen orain baino aktiboago, baina izandakoa naiz zenbait urtez Zuzendaritza Batzordekoa aldi diferentetan. Emaztea ere euskalduna dut, hemen jaioa, eta nire bi alabak ere hiruak euskal etxeko kideak eta dantzariak dira. Urrunago joan gabe, pare bat asteren buruan, uztailaren 19an, Euskal Etxearen urteroko piknikean izango gara, Wingfield Park-en. Bi alabek dantzatuko dute. Baina Donostia eta Reno hiri senidetuak badira ere, euskal arrastoa eta euskaldunak askoz aspaldiagotik dira estatu honetako parte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia