Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mahai ingurua Euskal Literaturaz Muniken, Harkaitz Cano eta Juan Kruz Igerabide partaide

Mahai ingurua Euskal Literaturaz Muniken, Harkaitz Cano eta Juan Kruz Igerabide partaide

2009/10/20

Juan Kruz Igerabide eta Harkaitz Cano poeta euskaldunak gaur arratsaldez mintzatuko dira Munike-n (Euskaltzaindiak dixit, alemanez München), euskal poesiaz, hiriko Cervantes Institutuak hilabete osoan Euskal Literaturaz daramatzan jardunaldien baitan. Eurekin batera arituko da Horst Weich filologo eta hispanista. Bihar, hirurek bat egingo dute ziklo bereko literatur irakurraldi batean. Euskal Literatura Jardunaldiok joan den asteko asteartean hasi ziren bavariar hirian Ramiro Pinillari buruzko ekitaldi batez, egilea bera partaide, eta datozen egunotan gonbidatu ekarriko dituzte, besteak beste, Jon Kortazar eta Ludger Mees.

Munike, Alemania. Urrian zehar Bavariako hiriburuko Cervantes Institutua irakurraldi, hitzaldi eta elkarretaratze sorta bat ari da eskaintzen, Euskal Literaturako zenbait egileren partaidetzaz. Hitzorduak joan den asteko asteartean hasi ziren, Ramiro Pinillari buruzko emanaldi batekin, autore bilbotarra bertan partaide zela, Paul Ingendaay kazetari eta kritikariarekin batera.

Antolatzaileek berek, Jardunaldiotara gonbidatutako egileak aurkezterakoan esan zutenez, "Ramiro Pinilla narratzaile beteranoak, bere eleberri La Higuerarekin, Euskal Herriko errealitate konplexuara hurreratzen gaitu. Harkaitz Cano eta Juan Kruz Igerabide poeta gazteekin poeten belaunaldi berria datorkigu, biak sari ospetsudunak eta aldi berean Munike aldameneko nazioarteko artisten Villa Waldberta egoitzak gonbidatuak". Bi egileok gaur arratsaldeko 7:30etan arituko dira Munikeko Cervantes Institutuko Hitzaldi Aretoan, eta bihar, berriz, urriaren 21ean, arratsaldeko bostetan izango dute ekitaldi publikoa, literatur irakurraldia, Stiftung Lyrik Kabinett (Amalienstr. 83a / Rückgebäude) delakoan.

Akordeoi musika eta literatura euskaraz eztabaida

Bestalde, eta Jardunaldiei musika osagaia ekarriz, Iñaki Alberdi eta Iñigo Aizpiolea akordeoi bikoteak Villa Walberta Nazioarteko Zentroan  (Höhenbergstr. 25, 82340 Feldafing, Baviera) joko du ostegunean, urriaren 22an, errepertorioan Karlheinz Stockhausen, Albert Sardà, Juan Guinjoan eta Igor Stravinsky-ren obrak ekarriz.

Bukatzeko, mahai inguru batek ipiniko die amaiera urriaren 28an ekitaldiei, gaia Hizkuntza eta Historia, eta partaideak Harkaitz Cano eta Juan Kruz Igerabide, Jon Kortazar kritikaria eta nazionalismotan aditua den Ludger Mees euskaldun alemana.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita