Hemen zaude: Hasiera Albisteak Madrilgo EEak Euskarazko Poesia Lehiaketa egin zuen eta Kopa finalerako jarduerak ari da prestatzen

Madrilgo EEak Euskarazko Poesia Lehiaketa egin zuen eta Kopa finalerako jarduerak ari da prestatzen

Jarduera ugari burutu ditu azken asteetan Madrilgo Euskal Etxeak, eta hasi berri dugun maiatz honetan ere baditu makina bat egitasmo martxan. Horien artean aipagarria da futbol arloko bat: 25ean Athletic-ek eta Bartzelonak Kopa finala jokatuko dute Espainiako hiriburuan, eta hori dela-eta euskal elkartea egitarau berezia ari da antolatzen. Hasteko, euskal musika talde batek kontzertua emango du arratsalde horretan euskal etxean eta ondoren partida telebista erraldoian ikusteko propio irekiko da egoitzako Pello Aranburu aretoa.

Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeak egitarau oparoa prestatu du maiatzerako. Besteak beste, Kantaka abesbatzak kontzertua eskainiko du maiatzaren 12an, elkarteko dantza taldeak emanaldia egingo du San Isidro jaietan (maiatzaren 15ean) eta Nafarroa Bizirik taldeko Patxi Abasolok Nafarroako konkistaren 5. Mendeurrenari buruzko hitzaldia emango du maiatzaren 30ean (informazio gehiago, www.1512-2012.com webgunean).

Baina azken honen aurretik, elkarteak egun berezia biziko du Madrilen maiatzaren 25ean egingo den futbol partida dela eta. Egun horretan, Athletic-ek eta Bartzelonak Kopa Finala jokatuko dute eta milaka euskal zaletuk giro berezia ekarriko diote Espainiako hiriburuari. Euskal Etxeak festarekin bat egingo du eta ekitaldi bereziak antolatu ditu: 19:30tan Bilboko rock talde batek kontzertua emango du euskal etxean eta 21:00etan Pello Aranburu aretoan partida pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango da (txartelak aldez aurretik erosi behar dira eta bazkideek lehentasuna izango dute). Informazio gehiago euskal etxearen webgunean, hemen.

Poesia lehiaketa

Bestalde, aurreko hilean burutu ziren ekitaldien artean euskal elkartean lehen aldiz egin den Euskarazko Poesia Lehiaketa aipa daiteke. Izan ere, oso pozik agertu dira antolatzaileak emaitzarekin. Elkarteko euskal bazkide nahiz ikasle guztiei zuzendua zen lehiaketa. Irabazlea Diego Garcia Murua izan da, Nire Aberria lanarengatik. Bigarren saria, Lander Arteaga Eguiluzek bereganatu du, Iratzartzea lanarekin; eta hirugarrena, Cristina Saura Blancorentzat izan da, Tantak lanarengatik. Epaimahaiaren aipamen berezia Cristina Ruiz Bañak jaso du, Izarrezko Mantua lanarekin.

Lehen hiru sailkatuak, hurrenez hurren, 100, 75 eta 50 eurorekin eta HABEk emaniko material didaktikoarekin saritu zituzten. Iñaki Uribe HABEko zuzendariak gidatu zuen sari-banaketa ekitaldia; autore saritu guztiek euren poema errezitatu zuten eta ekitaldia amaitzeko, Bertsolari filma erakutsi zen. 

Euskaltegia sendo

Azpimarratzekoa da Madrilgo Euskal Etxeko euskara ikasleen maila arras ona dela eta, HABEk jakinarazi duenez, elkarteko Euskaltegiko ia 50 ikaslek aurten euren euskara maila kreditatuko duen azterketa egiteko eskaria egin dute. Zergatik Madrilen euskara ikasi galderari, esan daiteke arrazoi ezberdinek eraginda ari direla Madrilgo Euskal Etxeko ikasleak euskara ikasten. Batzuk, euskal jatorria dutelako edo arrazoi sentimentalek eraginda; beste batzuk, euskara berezia iruditzen zaielako eta hizkuntzaren inguruko jakin-min izugarria dutelako; eta badira euskara ikasten zebilen norbait ezagutu eta haren eraginez, gozatzeko helburu nagusiarekin, dabiltzanak ere. Azken hauetako asko jubilatuak dira, umetan Madrila bizitzera etorri eta euskara ahaztuta, orain berreskuratu nahi dutenak.

Ikasleen artean badira urruneko atzerritarrak ere, Nobuko japoniarra esaterako, edo Moskura itzuli berri den Natalia Litvina, baina bertatik Moddle bidez euskara ikasten jarraitzen duena Madrilgo Euskal Etxearekin kontaktuan. 2012-2013 ikasturterako matrikula egiteko epea zabalik dago eta Madrilgo Euskal Etxean matrikulek nabarmen gora egingo dutela espero dute.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita