Hemen zaude: Hasiera Albisteak Limako Euskal Etxeak Irizar apezpikuak gidatu zuen mezarekin ospatu zuen Aberri Eguna

Limako Euskal Etxeak Irizar apezpikuak gidatu zuen mezarekin ospatu zuen Aberri Eguna

'Jarraitu eta hazi', lelo horrekin ospatu zuen Limako Euskal Etxeak Aberri Eguna iragan apirilaren 22an. Ekitaldiak meza elizkizun batekin hasi ziren eta Perun oso ezaguna den euskaldun bat izan zen gidaria: Miguel Irizar, Callaoko apezpikua azken 22 urtetan. Ondoren, elkarteko kide eta lagun asko bildu ziren euskal etxean egin zen bazkarira. Elkarteko presidente Raul Noblecillak gogoan izan zituen aurreko zuzendaritzak eta eskerrak eman zizkien bertan parte hartu zuten gazteei, euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustuaren lekukoa hartzeagatik.

Lima, Peru. Limako Euskal Etxek iragan apirilaren 22an ospatu zuen Aberri Eguna. Hegoameriketako euskal elkarte askok bezala aste batzuk atzeratu zuten Peruko hiriburuko euskaldunek jai hau, ahalik eta kide gehien biltzeko, oporrak pasa ostean. Ekitaldiak Pilarreko Ama Birjinaren Basilikan egin zen meza elizkizunarekin hasi ziren. Miguel Irizar, Callaoko apezpiku ohia, izan zen mezaren gidaria eta euskal etxeko abesbatzak ere parte hartu zuen, euskal abestiak kantatuz.

"Jubilatu eta Callaoko apezpiku kargua utzi berri du Miguel Irizarrek", esan dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko presidenteak, Raúl Noblecillak. "Mezan jai honen esanahia azaldu zuen eta Limako euskal etxeko zuzendaritza berria agurtu zuen. Era berean, gogoan izan zuen aurreko presidentea, iaz hil zen Víctor Ortuzar". Meza bukatzeko, Irizarrek koruarekin bat egin zuen eta "Agur Jaunak" kantatu zuen. 

Ospakizunak euskal etxean izan zuen jarraipena eta bertara bildu ziren lagun asko bazkariaz gozatzeko. Menuko izarra euskal plater tipikoa izan zen: marmitakoa. "Duela 26 urte hasi zen Limako Euskal Etxea Aberri eguna ospatzen. Lehen aldiz, Pedro Aramburu presidentea zela, eta iaz Victor Ortuzar lagun mina buru zela", azaldu du Noblecillak.

Lima Aberri Eguna 2012 

[Limako Euskal Etxearen Aberri Eguneko bazkariak lagundu zuten bolondres taldeko hiru kide (argazkia LimaEE)]

"Jai hau oroimenaren festa izan da, baina baita ere engaiamendurena. Orain gazteen txanda da, elkartean parte hartu eta lekukoa hartzeko, 'Jarraitu eta hazi' lelopean"; bukatu du Noblecillak.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita