euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leon Sorhondo: "Bagara multzo bat polizia euskaldun San Frantziskon, batzuk euskara ere mintzo dugu"

2014/06/13

Berrogei urtez izan da Leon Sorhondo euskal kaliforniarra San Frantziskoko Polizia departamentuko kide, horietarik 30 Chinatown-go komisaldegian (argazkia EuskalKultura.com)
Berrogei urtez izan da Leon Sorhondo euskal kaliforniarra San Frantziskoko Polizia departamentuko kide, horietarik 30 Chinatown-go komisaldegian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gazteenek ez dute agian gogoan izango 70. eta 80. hamarkadetako telesail hura, San Frantziskoko kaleetan girotua, Michael Douglas oso gazte bat eta Karl Malden polizi bikotea protagonista. Kale horiexek eta uniforme bera lagun ibili da, baina, berrogei urtez, iaz erretiratu zen arte, gaurkoan solaskide dugun Leon Sorhondo kaliforniarra.

Joseba Etxarri/San Frantzisko, AEB. Pertsona goxoa eta atsegina da Leon Sorhondo, irria beti ezpainetan. Kalifornian jaioa, San Frantziskon hazi zen eta lana ere hirian, etxe ondoan lortu zuen: polizia akademiatik pasa eta polizia lanetan eman dituen berrogei urteetatik hogeita hamar Chinatown-en eman ditu, munduan Txinatik kanpo txinatarrik gehien biltzen duen San Frantziskoko auzo honetan, egunkariak, dendak, zinemak eta zerbitzu gehienak txineraz dauzkan hiriaren barneko hiri honetan.

-Nolakoa da Chinatown?

-O, arrunt kanbiatua da. Hasi nintzelarik bagenituen beti gangak elkarren kontra, joko etxeak eta bestelako krimenak. Gero, denborarekin, gangetan aitzinean zirenak preso ezarri eta trubleak beheititu ziren. Gero krisia heldu eta lana ere apaldu zen, jendeak ez zuen sosik eta gangak ere apaldu ziren. Guk San Frantziskon baditugu hamar sekzione eta horietarik baño da Chinatown.

-Pentsatzen ahal da Chinatown-en lan egitea lanjerusa, arriskutsua izan daitekeela...

-Hastean beti bada zerbait. Lan hau beti izaten ahal da lanjerusa eta zernahik ekar dezake irriskua batere ez duzularik pentsatzen. Ez da horretan behar dena baino gehiago pentsatu behar.

-Nola heldu zinen komisaldegi hartara?

-Banuen polizia-lagun bat txinatarra, txinera ere mintzatzen zuen. Chinatown-en, egia esateko, 30 urte pasatu ditut. Hasi nintzelarik uste nuen  izanen zela lau-bost urte egoteko baina denbora pasatzen joan zen eta ari nintzen beti ikasten, jendearen konfiantza gehiago biltzen eta lagun onak egin nituen, eta, bo, maite izan nuen. Denak kontent ziren ni hor lanean aritzeaz eta ni ere laketu nintzen eta hala segitu nuen.

-Arriskuan egon zinen egoeraren bat gogoratzen duzu?

-Berrogei urtetan frango izan dira, ahazten ditut (pentsatzen hasten da). Egun batez deia hartu genuen mutiko bat erotu zela eta etxean ari zela guztia hausten. Joan ginen eta ikusi genituen kaderak-eta hautsiak, telebista lurrean botaia. Mutikoa ganbara batean sartua zen, ohean eta eskuak ez genizkion ikusten. Saihetsetik hasi ginen emeki-emeki, kaso eginez, enkas bazuen pistola edo zerbait eta lagunak hartu zuen izkinetik oihala eta tiratu zuen eta han agertu zen zango artean pistola. Kendu genion eta arrunt erotu zen, zutitu zen eta guri buruz hasi zen lasterka eroa bezala, lehiotik bera bota edo gu bota nahi gintuela, bortizki. Borrokan egin eta ondarrean lagunak gibeletik heldu zion eta lotu zuen doi-doi beste lagunak etorri arte. Nire irudiz erotzen direnak izaten ahal dira arriskutsuenak, gainerakoekin ez beti baina arrazoinarekin lortzen ahal baitituzu gauzak.

-Norbait harrituko da solasaldi hau San Frantziskoko polizia batekin eta euskaraz ari garela izaten jakiten duenean.

-Kalifornian ikasi nuen lehenengo lengoaia izan zen euskara. Aita eta ama Baxenabarretik etorri ziren biak.

-Baina euskara ez zaio arrotza SFPD-i (San Francisco Police Deparment).

-Horrekin euskaldun polizia gehiago daudela departamenduan esan nahi baduzu, hala da, euskaldunak bagara multxo bat, batzuk hizkuntzaz ere hemen sortuak eta euskara mintzo dugunak. Bururatzen zaizkit, esaterako, euskal jatorria duen Jaimerena --bere gurasoekin egoten naiz euskal etxean--, orain lieutenant izendatu dute; baditugu Ospital, Etchebeste, Etchebehere... Oakland ere Arotzarena dago, badago Olcomendy, bere aita ere polizia, eta aitatxi jujea hiri honetan... gehiago badira, baina izen guztiak ez zaizkit oraintxe gogoratzen.

-Atxilotu duzu inoiz euskaldunen bat?

-Ez, ez zait sekula gertatu. Euskaldunak, partikularzki handik etorri zirenak, beti lanean ari ziren, zenbaitzuk baita bi lanetan ere, adibidez baratze egiten egunez eta gauean buegoetan janitor (garbiketa eta mantenimenduaz arduratzen), beti sosa begiratzen.

-Zure gurasoak Pyrenees euskal ostatua ukan zuten Broadway-n, Chinatown ondoan.

-Emigrazioaren garaian izan zen. Baziren andana bat euskal ostatu, bizpahiru bloketan elkarrengandik hurbil. Gurea azkena izan zen ateak ixten, 2.000. urtean-edo.

-Zeu bezala, emaztea ere kaliforniarra eta euskalduna duzu.

-Bere aitama Luzaidekoa, Nafarroan, eta Arnegikoa ziren, Baxenabarren. Euskaldun pikniketan ezagutu genuen elkar eta irri egiteko teatroa egiten, euskaldun teatroa, hemen San Frantziskon egin zen lehena.

-Badakizu badagoela euskal polizia bat, Ertzaintza?

-Bai. Nire iloba izan zen Euskal Herrian eta esan nion nahi nuela heien uniformea eskuratu, trukatu hangoa eta hemengoa. Euskal Herrira joan ginelarik joan ginen Gernikako Arbola bisitatzera eta nahi izan nuen han zegoen ertzain batekin argazkia atera, baina ez zen erraza izan, ezin zela esan zidaten. Gero, nire agiriak erakutsirik utzi zidan. Ilobarekin lortu nuen uniformea, txikia, baina gustura lortuko nuke txapela.


HIZTEGI TXIKIA:

-gangak: bandak (ingelesetik, hortik dator gangster)
-trubleak: arazoak (ingelesetik, trouble)
-beheititu: jaitsi, apaldu
-lanjerusa: arriskutsua
-kadera: besaulkia, aulkia
-laketu: egokitu, gustura moldatu
-ganbara: gela, kuartua
-gibeletik: atzetik
-lengoaia: hizkuntza, berba
-jujea, juja: epailea




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia