Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jaialdi 2010: Euskal ordezkaritzak bihartik aurrera hasiko dira abiatzen Boise eta AEB Mendebaldera

Jaialdi 2010: Euskal ordezkaritzak bihartik aurrera hasiko dira abiatzen Boise eta AEB Mendebaldera

2010/07/23

Bihartik aurrera, eta datorren aste osoan zehar Estatu Batuetako Mendebaldea eta Boiseko 'Jaialdi 2010' mundu zabaleko Euskal Diasporaren biltoki bilakatuko dira, hamar milaka partaideen artean Europatik iritsiko den euskal klase politikoaren eta ordezkaritza instituzionalaren pisuak bat baino gehiagoren arreta deitu duelarik. Lopez lehendakaria bihar, uztailaren 24a, abiatuko da, 31ra arte iraungo duen bidaian, Nevada, Kalifornia eta Idaho estatuak ikutuko dituelarik bere egonaldian, zenbait buruzagi akademiko, ekonomiko eta politikoekin bilduz, baita euskal komunitateetako kideekin ere... Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere Boisen izango da, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia buru, Jaialdi 2010eko ekitaldietan parte hartu eta Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia ohoratzeko. Baina gehiago izango dira Europako euskal erakundeetako ordezkaritzak.

Boise, Idaho, Estatu Batuak. Etorriko da, esaterako, Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko lehenengo diputatu nagusiordea eta Kanpo Harremanetarako diputatua. Galdosen kasuan, pertsonalki dauka lotura berezia Boiserekin eta bertako familia batzuekin, tartean Bieter familia euskal-amerikar ezagunarekin. Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkaritza bat ere bertan izango da, Andoni Ortuzar buru. Azken orduan, Eusko Legebiltzarretik Arantza Quiroga legebiltzarburuak ere Oestean ibiliko diren euskal politikarien artean egoteko bere asmoa azaldu zuen, Renon bederen, azkenik etorriko ez dela badirudi ere.

Zerrendari gehitu behar zaio Boisera etortzeko ohitura duten gernikarrak, alkatea buru, jakina denez Gernika eta Boise herri senidetuak baitira; Jaurlaritzatik Kultura sailburua Blanca Urgell ere bertan izango da, baita Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi den Guillermo Echenique, Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari den Julian Celaya eta Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Josune Ariztondo Kultura diputatua eta Ingurumen diputatu Iosu Madariaga, Euskal Herriko, Deustu eta Mondragon Unibertsitateetako errektore edo goi kargudunak...

Boiseko Hiriaren izaera irekiko gonbidapena

Erakunde publikoetako ordezkariak ur tanta bat izango dira Boise bilakatuko den euskal amerikar meeting point (bilgune) handian, ez baita alperrik Boise Euskal Herritik kanpo munduan egiten den euskal jai edo hitzordurik handiena. Aurreko edizioetako ildoari jarraiki, lehenengo eta behin Idahoko eta Estatu Batuetako euskaldunen biltoki izango da, eta baita bertan euskaldunek auzoko eta lagun dituzten amerikano ez-euskaldunena ere, 'euskal moldeek' hemen daukaten arrakasta bilgarri. Jaialdi ekimena Boise hiriak --biztanle euskaldun eta ez-euskaldunek-- babesten eta bultzatzen duen ekimena da, Boisetik mundura egiten den gonbidapen irekia, kulturaren eta ongi pasatzeko gogoaren izenean, turismo arloko (ekonomia arloko, alegia) helburuak ere oso present, eta bere izaera euskal-amerikarrean, bertako koordenada kulturaletatik egiten dena.

Bertako euskaldunez zein euskaldunez interesatutako amerikanoez gain, Euskal Herritik propio etorriko diren --batzuk heldu dira dagoeneko-- ehundaka euskaldunen biltoki ere izango da, eta Diasporako beste leku batzuetatik inguratuko direnena. Iragarria dute, esaterako, euren partaidetza, Kanada, Australia, Mexiko, Argentina eta Txinako euskal etxe eta komunitateetako lagunek, baina seguru leku gehiagotatik ere inguratuko direla jendeak. Eta esan beharrik ez dago, aurreko edizioetan bezala, EuskalKultura.com ere Boiseko ekitaldietako zuzeneko lekuko izango dela.

Euskal erakundeetako ordezkaritzak

Gauzak prest daude Boisen, eta giroan arnas daiteke Jaialdi bertan dela. Duela bost urte gertatu bezala, Lehendakariak berak izango du bertan Euskadiko ordezkaritza politikorik garaiena. Lopez bihar bertan abiatuko da Euskal Herritik, baina AEB Mendebaldera egingo duen bidaiak, Reno eta San Frantzisko ingurua izango ditu aurretik geltoki. Bere bidaiak Renoraino ekarriko du bihar larunbatez, gauez, agenda biharamunean hasteko. Ez da ahantzi behar Renok asteburu honetan ospatuko duela bere urteroko euskal piknik edo jaia, bertako Zazpiak Bat Euskal Etxeak antolatuta. Emaztearekin, Begoña Gilekin, bidaiatuko da Lopez, eta igande gauean Nevada-Renoko Unibertsitateak eta bertako Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) eskainiko dion afari batekin hasiko du ofizialki programa. Partaideen artean, John Garamendiren presentzia iragarri da. Gogoratu egun AEBetako Kongresukide den Garamendik --aitona lekeitiarra--, Kaliforniako gobernadoreorde zela errezibitu zuela Sacramentoko (Kaliforniako hiriburua) Kapitolioan Ibarretxe lehendakaria duela bi urte.

Lopez lehendakaria unibertsitate alorreko ordezkariekin bilduko da astelehenean Renon eta komenioa berrituko du Nevadako Unibertsitatearekin eta bertako CBSrekin, eta 'Lagun Onari' izeneko errekonozimendua ipiniko dio Nevadako gobernadoreari, Jim Gibbons-i [azkenean Brian Krolicki gobernadoreordeari ezarriko dio], Nevada Estatuaren ordezkari gisa, estatu honek euskal emigranteak hartzen eta estatuko egungo euskal komunitateak sortu ahal izateko historian izan duen jarrera abegikorra eskertzeko. Gaur egun honako herrietan daude Nevadan euskal etxe edo elkarteak: Reno, Gardnerville, Winnemucca, Las Vegas, Elko, Battle Mountain eta Paradise Valley-n.

Teknologia eta berrikuntza Lopezen bidaian

Asteartean Lehendakaria San Frantziskon izango da, Berkeleyko Unibertsitatea bisitatu eta komenio batzuen sinaduran hartuko du parte Unibertsitate horren eta EHU zein Deustuko Unibertsitatearen artean. Geroago, San Frantziskoko Euskal Etxea bisitatuko du, bertako Zuzendaritza Batzordearekin eta Valerie Zrrechea NABOko lehendakariarekin bilduz eta instalazio ederrak dituen euskal etxe horretan harrera ekitaldi bat eskainiko die euskal eta amerikar jatorriko enpresariei, bilerara GAIA enpresa taldeko ordezkaritza bat ere joango delarik, egun hauetan San Frantziskoko Bay Arean baitabiltza lan-bidaian.

Asteazkenean, egunak teknologia arloko ikutu handia izango du, Lopez lehendakaria buru duen ordezkaritzak Google eta SLAC bisitatuko baititu, azken horretan daudelarik Stanford Unibertsitateko Protoi Azelaratzailea eta Cars Automotive zentroa, ibilgailu adimentsuetan lanean ari den zentroa. Ondoren, hegazkina harturik, Idahora abiatu eta iritsiko dira, hortik aurrera Boiseko Jaialdi-ren programa barnera lerratzeko.

Omenaldiak, erakusketak, kirolak, musika...

Uztailaren 29tik aurrera, bidaiaren azken txanpan, eta, berez, bidaia bera eragin duen arrazoi nagusiari eutsiz, Gernikarekin senidetuta dagoen Boise izango da Lehendakariaren bidaiako azken lau egunetako basea, besteak beste Kultura sailburua, Blanca Urgell, eta Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga gehituko zaizkiola ordezkaritzari eta aurretik zetozen Guillermo Echenique, Julian Celaya eta Lehendakariaren taldeari.

Lehendakariak harrera ekitaldia eskainiko dio Boisera bildutako euskal amerikar komunitateari eta Lan Onari saria emango dio Patty Miller Boiseko Euskal Museo eta Kultura Institutuko zuzendari den emakume euskal amerikarrari. Boise erdigunean dagoen Basque Block bisitatu eta jai-egitarauko ekitaldietako batzutan hartuko du parte, tartean pilota eta kirol erakustaldiak ikusiz. Bizkaiko Foru Aldundiak, Boise Euskal Museoarekin batera muntatutako 'Euskal Pilotaren Historia' erakusketaren inaugurazioan ere parte hartuko du.

NABO Biltzarra eta Pete Cenarrusaren omenaldia

Ostiralean, uztailaren 30ean, lehendakaria NABOren Urteko Biltzar Nagusira sartuko da eta hitz batzuk egingo dizkie AEBetako euskal elkarteen ordezkariei. Berrogei paseak dira gaur egun NABOk Estatu Batuetan eta Kanadan dituen elkarte kideak. Boise State University-n (BSU) garatzen ari den 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' Mintegia bisitatuko du eta unibertsitate horrek daraman Euskal Ikasketa Programarekin akordioa berrituko du.

Bizkaiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbaok ere ekitaldi instituzionaletan hartuko du parte Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza buru. Bilbaok uztailaren 31ean arratsaldez 'Bizkaiko Argia' errekonozimendua emango dio Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohi eta euskaltzale ezagunari, Jaurlaritzaren izenean Blanca Urgell Kultura sailburua arituko dela, ordurako Lopez lehendakaria Euskal Herrira itzultzeko bidean izango baita.

Festa bukaeran ekitaldi erlijiosoa eta jai-giroa

Izan ere, Patxi Lopezek larunbat bazkalduostean ekingo dio euskalerriratzeari. Sailburuak eta ordezkaritzako beste kideek segituko dute Boisen, besteak beste San Inazio mezan, Saint John Katedralean parte hartzen edota, aurretik, Pete Cenarrusaren aipatu omenaldian. San Inazio mezaz, esan daiteke Boiseko euskal festak San Inazio egunaren inguruan antolatuak direla, eta San Inazio meza ekitaldi zentrala dela Boiseko euskal komunitateko kide askorentzat. Euskal dantzariek bizkar gainean daramate santu azpeitiarraren irudia, alboan, aurretik eta atzetik 'Oñati' izeneko talde boisetarreko dantzariak dantzari ari direla. Meza ere dantzariek eta Boiseko euskal abesbatzak edertuta egiten da. Aurten, NABO Biltzarra denez, Estatu Batuetako hainbat euskal etxetatik iritsitako kanpoko dantzariak ere arituko dira prozesioan, eta baita Euskal Herritik etorritakoak ere.

Larunbatean, mezaren ondotik, jaia berriro ere, euskal berbena edo dantzaldiarekin, Amuma Says No talde euskal boisetarraren eskutik, Fairgrounds-etan. Igandean, azkenik, piknik eguna izango da. Nolabait esateko, azken egun lasaia. Boisekoentzat, egun familiarra. Piknika parkean, bertan irrintzi, dantza, txinga eta bestelako txapelketa herrikoiak eginez. Gauean, berriz, azkeneko berbena, aurreko egunetan bezala, Amuma Says No-rekin, azkena markatuz Jaialdi 2010ari.

 

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita