euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko legebiltzarkideak Buenos Airesen frankismoaren kontrako kereilaren aldeko ekimenetan

2013/12/09

Argentinako Kongresuan, euskal eta argentinar ordezkariak (argazkia Euskadiren Ordezkaritza)
Argentinako Kongresuan, euskal eta argentinar ordezkariak (argazkia Euskadiren Ordezkaritza)

PUBLIZITATEA

Maribel Vaquero Montero, Juan Carlos Ramirez-Escudero Isusi, Julen Arzuaga Gumuzio eta Mikel Unzalu Hermosa euskal parlamentariek osatutako ordezkaritzak Maria Servini de Cubria epaile argentinarrak frankismoaren krimenen kontra bideratutako kereilarekin lotutako ekitalditan hartu dute parte joan den astean. Egun gutxiko bidaia baten baitan, Adolfo Perez Esquivel Nobel sariduna eta Maiatzeko Plazako Ama eta Amonekin ere bildu dira euskal hautetsi eta legebiltzarkideak.

Buenos Aires, Argentina. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkari talde bat Buenos Airesera etorri da joan den astean frankismoaren krimenak aztertzeko prozedurari sostengua ematera. Bidaia laburra izan arren, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzatik adierazi dutenez, taldeak bete ditu zeuzkan helburuak eta parte hartu ahal izan du Servini de Cubria jujeak Buenos Airesera iritsitako hogei bat kereilari eta lekukoekin izandako elkarretaratzean. Horretaz gain, Maribel Vaquero Montero (EA-NV), Juan Carlos Ramírez-Escudero Isusi (EA-NV), Julen Arzuaga Gumuzio (EH Bildu) eta Mikel Unzalu Hermosa (SV-ES) legebiltzarkideek Giza Eskubideen alde lan egiten duten beste pertsona eta elkarte batzuk ere ezagutzeko aukera izan dute.

Parlamentariak Perez Esquivelekin 2013 01

[Julen Arzuaga, Mikel Unzalu, Maribel Vaquero Montero, Adolfo Perez Esquivel, Juan Carlos Ramírez-Escudero Isusi eta Alberto Figueroa Eusko Legebiltzarreko abokatua (argazkia Euskadiko Ordezkaritza)]

Izan ere, bilera batean izan ziren Argentinako Kongresu Nazionalean, Ganberako Giza Eskubideen Batzordeko titularra den Remo Carlottorekin. Bilera horretan Diputatuen Ganbera argentinarrak Francoren garaiko sarraskien kontrako aldarrikapena eta kereilariei emandako babesa ezagutarazi zizkien euskal hautetsiei. Honekin lotuta eta Argentinan gertatutako bertako krimenei dagokienez, egia, justizia eta ordainaren alde egiten ari den lana hobeto ezagutzeko, Adolfo Perez Esquivel Nobel saridun eta Maiatzeko Plazako Ama eta Amonekin ere bildu ziren euskal mandatariak. Bisitaren programa barruan, Buenos Airesko Oroimenerako eta Giza Eskubideen Sustatze eta Defentsarako Espazioan (ESMA-ohian) errezibitu zituzten parlamentariak. Egitarauarekin bukatzeko, hiriburuko Laurak Bat bisitatu zuten.

Mahai-ingurua: frankismoaren biktimak eta gaurko egoera

Aurrekoarekin lotuta, joan den abenduaren 5ean kereilaren egoeraren berri emateko mahai-inguru bat burutu zen hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxean. Beste bilkura honetako partaide izan ziren Iñaki Anitua (moderatzaile); kereilaren abokatu eta Gizakiaren Eskubideen elkarteko kide Hector Trajtemberg; kereilaren talde juridikoaren abokatu Ana Mesutti; Espainiako Kongresuan Amaiur talde politikoaren ordezkari den Sabino Cuadra diputatu nafarra; eta ‘Martxoaren 3ko biktimak' elkarteko Andoni Txasko Diaz, guztiak kereilariak; eta Josu Ibargutxi Frankismoaren krimenen kontrako Kereila Argentinarreko Euskal Plataformaren bultzatzailea.

Laurak Bat-en egindako mahai-ingurua 2013 02

[Buenos Aireseko Laurak Bat-en egindako mahai-inguruaren irudia]

Gogora dezagun, Buernos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak Servini de Cubria epaileak irekitako 4591/10 zenbakiko kereilaren aldeko agiria sinatu zuela 2012an.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia