Hemen zaude: Hasiera Albisteak Larunbatean itsasoratuko da Alaskara bidean Euskal Etxeen 35. Munduko Mus Txapelketa

Larunbatean itsasoratuko da Alaskara bidean Euskal Etxeen 35. Munduko Mus Txapelketa

2012/09/18

Vancouver-eko Zazpirak Bat euskal etxe kanadiarreko bazkideak ilusio handiz bizi dituzte Euskal Etxeen 35. Mus Txapelketa hasi aurreko egunak. Ilusioz eta urduritasun puntu batekin; izan ere, txapelketa oso originala prestatu dute: mus partidak Vancouver-etik Alaskara bidea egingo duen kruzero batean egingo dira. Larunbatean itsasoratuko dira muslariak Sapphire Princess izeneko ontzian. Orotara 135 bidaiari izango dira txapelketan: 11 herrialdetako 24 muslari, 13 ordezkari eta euren lagun eta senitartekoak.

Vancouver, Kanada. Gaur bertan hasiko dira heltzen Vancouver-era Euskal Etxeen 35. Munduko Mus Txapelketan parte hartuko duten 24 muslariak. Hamabi bikote lehiatuko dira txapelketan, eta orotara  jokalari, ordezkari eta bidaideek 135 laguneko taldea osatuko dute. Astean zehar Vancouver-eko Euskal Etxeak, Elena Sommer presidentea buru, harrera beroa egingo diete.

Ostiralean partehartzaileek eta euskal etxeko bazkideek afari/dantzaldia egingo dute, txapelketaren hasiera ekitaldi ofizial gisa. Larunbatean abiatuko da txapelketa, egun horretan hasiko baita abentura, Vancouver-eko portuan: bidaiariak Sapphire Princess kruzeroan ontziratuko dira eta Alaskara bidean jarriko dira. Ontzian bertan jokatuko dira txapelketako mus partidak, eta bitartean, Alaskako natura eta paisaia ikusgarriak ezagutzeko aukera paregabea izango dute bidaiariek.

Baleak eta glaziarrak

Txapelketa gogoangarria izango da, zalantzarik ez, eta Zazpirak Bat elkartea buru-belarri aritu da egitaraua prestatzen. "Partehartzaileek txapelketako eta Vancouver-eko oroitzapen onak izatea espero dugu. Eta eguraldi ona egiten jarrai dezala, orain arte bezala, eta denek naturaz goza dezatela. Azken bi hilabeteetan ez du euririk egin, baina hemen euria hasten denean, Donostian baino gehiago egiten du!" azaldu dio EuskalKultura.com-i Elena Sommer presidentak.

Itsasbidaian Alaskako natura ikusgarria ezagutzeko aukera izango dute muslariek. Ontziak Inside Passage delako bidea egingo du, Kanada eta Alaskako kostaldeko irlen artean eta, besteak beste, Juneau hirian baleak ikusteko aukera izango dute bidaiariek, Skagway herrixka ezagutuko dute eta Glacier Bay Parke Nazionalean glaziar izugarriak ikusiko dituzte.

Partehartzaile zerrenda

Hauek dira txapelketan lehiatuko diren muslariak eta talde bakoitzeko ordezkariak:

-Argentina: Iñaki Aramayo Lazcano, Raul Omar Romano. Ordezkaria: Jose Luis Macchi. 
-Australia: Pedro Altuna, Jose Lasa. Ordezkaria: Pedro Altuna.
-Espainia: Alberto de Antonio Carrasco, Agustin Felix Hormaeche. Ordezkaria: Norberto Rodriguez.
-Estatu Batuak: Fidel Marcos, Pedro Mariezcurrena. Ordezkaria: Pierre Etcharren.
-Euskadi: Ramon Viturro Barco, Jose Luis Garcia Loza. Ordezkaria: Martin Mendiguren.
-Frantzia: Regis Lavie, Rodolphe Bidart. Ordezkariak: Martin Etchebarne, Bernard Apesteguy.
-Kanada 1: Txomin Azpiri, Pedro Onaindia. Ordezkaria: Mike Etchart.
-Kanada 2: Teo Ruiz, Tomás Ugarteburu. Ordezkaria: Frank Etchart.
-Mexiko: Angel Matienzo, Jesus Barrasa. Ordezkaria: Juan Jose Arrieta.
-Txile: Juan Pedro Echenique, Jose Miura Echevarria. Ordezkaria: Juan Carlos Lago.
-Uruguai: Julio Cesar Garcia, Hector Oscar Bignotti. Ordezkaria: Maria Elena Diaz Lopez.
-Venezuela: Mariano Larrañaga, Ausencio Eguilaz. Ordezkaria: Jon Zubiri.

Informazio gehiago Vancouver-eko Zazpirak Bat Euskal Etxearen webgunean, hemen.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita