euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'La casita de mis viejos' antzezlana aurkeztuko du Paranako Urrundik-ek kanpoko emanaldi batean

2014/02/20

Urrundik Elkarteko Antzerki Taldea (argazkia EE)
Urrundik Elkarteko Antzerki Taldea (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

2006an sortua, antzerki amateurraren erreferente bilakatu da azken urte hauetan Entre Rios probintziako Paranako Urrundik Elkarteko Antzerki Taldea. Izan ere, hirian ez ezik, hiritik kanpoko jaialdietan ere ordezkatu izan du taldeak euskal erakundea. Hori dela eta atsegin handiz gonbidatzen du elkarteak bere 2014ko egitaraua irekitzeko aktoreek eskainiko duten emanaldia. Augusto Carballal-en zuzendaritzapean, euskal etxean burutuko da obra, ostiral honetan, egoitzako patioan zehatz mehatz. Bertan ere taberna bat prestatuko da, gonbidatuek janari eta edari onez gozatu ahal izateko.

Paraná, Argentina. Iaz izandako arrakastak bultzaturik, 'La casita de mis viejos' (Gurasoen etxetxoa) antzezlana berriro taularatzea erabaki dute Urrundik Elkarteko Antzerki Taldeko kideek. Aurtengo emanaldia, ordea, eta hiriko antzoki batzuetan izan ondoren, euskal etxean izango da, publiko orokorrari zuzenduta.

Erabiliko duten testua Mauricio Kartun-en lanaren moldaketa bat dela jakinarazi du Augusto Carballal zuzendariak. “Historiaren argumentuak gizakiok haurtzaroaren lekuetara bueltatzeko dugun grina adierazten du”, azaldu dio zuzendariak Paranako El Diario egunkariari. Oraingo antzezpenean, taldearen urteko lehena, Mireya Alcain, Ana Maria Coceres, Blanca Diaz, Marta Echagüe, Maria Isabel Garcia, Elena Ludi eta Susana Schiavoni aktoreek osatuko dute antzezlari-zerrenda. Hitzordua bihar da, otsailaren 21a, gaueko 9:30etan, euskal etxeko patioan. Antzezlanarekin batera, taberna zerbitzua ere eskainiko die euskal etxeak gonbidatuei. Sarreraren prezioa, 30 peso.

Etxearen klasikoak eta nazioarteko gonbidatuak

2014ari begira, martxoan hasiko dira Urrundik euskal etxeak urtero eskaintzen dituen ohiko ekintzak, esan nahi baita txiki, gazte eta helduentzako dantza klaseak, tango eta folklore argentinarreko eskolak eta nerabeentzako xake tailerrak. Beste alde batetik eta urtero bezala ere, erakundearen eta ‘Presencia vasca’ irratsaioaren urteurrenak ospatuko dira apirilean. Gogora dezagun 2014an 24 urte airean beteko dituela Federico Borrasek egiten duen saiaok.

Nobedade batzuk ere iragarri dizkigu elkarteko lehendakari Juan Carlos Borras-ek. “Maiatzaren 3an Joseba Gotzon-en bisita jasoko dugu Paranan. Kontzertua 3 de Febrero Antzokian izango da, Xoan Curiel kantautore galiziarra lagun. Horren ostean, irailaren 7an, San Benito hiriko Gizataldeen Festan hartuko dugu parte eta 18an Euskal Dantza ikuskizuna burutuko dugu. Garrantzia handia du guretzat dantzaldi honek eta asmoa da gure komunitatean ezartzea. Iazko edizioan berrogeita hamar bat dantzari bildu ziren tauletan eta tamaina handiko ikuskizuna izan da”, azpimarratu zuen Borrasek.

Bien bitartean dena dago prest España kaleko egoitzan antzezlana gauzatu ahal izateko. “Oso oihartzun ona izan zuen lan honek iaz, eta horregatik pentsatu dugu ideia ona zela berriro egitea, baina gure etxean. Eta uda denez, zergatik ez kanpoan. Arazo bakarra izan daiteke leku falta; hori dela eta eskatu nahi diegu etorriko direnei erreserbak aldez aurretik egiteko” eskatzen dute Paranako euskal erakundetik. Erreserbak telefonoz egin daitezke, 0343-4317676 zenbakira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia