Hemen zaude: Hasiera Albisteak Atzoko Euskararen Egunarekin hasita hilaren 19ra arte luzatuko da Erroman 'Dicembre in Salsa Basca 09' ekimena

Atzoko Euskararen Egunarekin hasita hilaren 19ra arte luzatuko da Erroman 'Dicembre in Salsa Basca 09' ekimena

2009/12/04

Atzoko Euskararen Egunarekin hasita abenduaren 19ra arte eratu du Erroman 'Associazione Culturale Euskara' elkarteak 'Dicembre in Salsa Basca 2009' egitaraua. Atzokoan, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Donostiatik etorritako Asier Oyarzabal sukaldariaren pintxoek abiatu zuten bi aste baino gehiago luzatuko den programa. Hilaren 19an Maite Arroitajauregi eibartarraren kontzertuarekin amaituko den euskal kultur erakuslehio honek "gastronomia, hitzaldiak, soinu mapa, dokumentariak, jaia, zinema, kontzertuak eta instalazioak" bezalako proposamenak egingo ditu Erroman kulturaren zenbait arlotan zer eskainia daukaten artista eta sortzaile euskaldunen eskutik.

Erroma, Italia. Euskararen Nazioarteko Eguna baino egun egokiagorik ez liteke euskal kutsuko ekitaldi sorta bati hasiera emateko. Atzo, abenduak 3, Associazione Culturale Euskarak elkarteak, Erromako UPTER Università Popolare-ko Hizkuntza eta Euskal Kultura Sailarekin batera, 'Dicembre in Salsa Basca 2009 'euskal kultura egitaraua abiarazi zuen Tiber-eko hirian. Asier Oyarzabal sukaldari donostiarra espreski gerturatu zen Italiako hiriburura, bere euskal pintxoekin urte hondarreko ekintza programa berezi hau irekitzera. Bertaratutakoek jakinmina eta 'jakimina' asetu ondoren euskal zinema eta musikak girotu zuen atzoko ilunabarra.

Abenduaren 8an heldu da, datorren asteartean, ekitaldi-zerrendako hurrengo hitzordua, Xabier Erkizia eta Asier Gogortza artegileen eskutik. “2 paisaia urazpian” izeneko erakustaldia inauguratuko dute Erromako ‘T_Nello’ artegintza gunean, argazkiak eta soinua nahasten dituzten artelanak aurkeztuz. Abenduaren 13ra arte ikusgai izango den erakusketa hau doan bisita daiteke egunero, arratsaldeko bostetatik gaueko hamarrak arte. Abenduaren 9an, asteazkena, Daniel Innerarity filosofoak hitzaldia eskainiko du Sapere e potere: relazione tra due tipi diversi di incertezza (Ezagutza boterea da: bi ziurgabetasun ezberdinen arteko harremana) izenburupean Erromako Letren Fakultatean, goizeko 12tan. Solasaldian, Giacomo Marramao, Raffaele Simone eta Lorenzo Mosca irakasleek ere parte hartuko dute.

Dokumentalak, Kontzertuak eta 'Soinumapa'

Larunbatean, 12an, jaigiroa eta kultura ardatz izango dira C.S.O.A. Ex Snia aretoan gaueko bederatzietatik aurrera: Batetik, dokumentalak proiektatuko dira, tartean Piztera: 15 anni di movimento di occupazione a Pamplona (Piztera: Okupazio mugimendua 15 urtez Iruñean) izenekoa, eta bestetik otordua egingo da euskal jakiekin (partaidetza 3€). Ondoren Maixa eta Maite trikitilariek eta Erromako Minim’art taldeak gaua girotuko dute.

Abenduaren 15ean, asteartea, Genzanoko Liburutegiak, ‘Elkar-Rec’-ekin batera, Soinumapa izeneko proiektua aurkeztuko du Genzanon. 'Fonografia' edo 'gure inguruko hotsak grabatzeko artea' oinarritzat hartuta, Soinumapa-k Euskal Herriko soinu, azantza, zarata eta hotsen mapa aurkeztuko digu. Mapa barruan nahi dugun tokian klik egin eta leku horretako paisaia soinuduna entzuteko gai izango gara. Euskal Herrian zehar egindako hainbat grabaketa entzun ahal izango dira: hirien kaleetako zaratak, itsasaldeko haizea, animalien hotsa, jendartea...

Dicembre in Salsa Basca-ren azkeneko asteburuari dagokionez, abenduaren 17an, osteguna, Arturo Cisneros zinema zuzendari nafarraren 'Bagdad Rap' dokumentala --Irakeko gudan girotua dagoena-- proiektatuko da Erromako CineClub Detour aretoan. Larunbatean, berriz, abenduaren 19an, eta ekitaldiz betetako programa aberats, irudimentsu eta koloretsu honi bukaera emanez, Maite Arroitajauregi biolontxelista eibartarraren taldeak, Mursego-k, doako kontzertua eskainiko du Erromako Fanfulla aretoan.

-Xehetasun gehiago, Associazione Culturale Euskara-ren webgunean:
http://www.euskara.it

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita