euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uriberen 'Bitartean heldu eskutik' poema liburuak kritika onak jaso ditu Harvardeko literatur aldizkarian

2007/05/30

Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarra
Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarra

PUBLIZITATEA

'Meanwhile take my hand' liburua --edo 'Bitartean heldu eskutik', euskarazko jatorrizko bertsioan-- ibilbide oparoa egiten ari da Estatu Batuetan, joan den urtarrilean Graywolf argitaletxeak kaleratu zuenetik. Tarte honetan hainbat medioetan kritika onak jaso ditu liburuak, azkenetako bat Harvard Book Review aldizkarian. Musika munduan trebatutako Uriberen poemak 'abestiak bezain argiak eta erritmodunak dira', Liza Flum kritikariaren esanetan.
Kirmen Uribe poeta ondarroarraren 'Bitartean heldu eskutik' liburuak --'Meanwhile take my hand', ingelesez-- kritika ona jaso du Harvardeko Unibertsitateko Harvard Book Review aldizkariaren azken alean. Liza Flum-ek idazten du kritika, 'On dreams and Wartime' izenburuarekin (Ametsez eta gerra garaiez). Flum-ek aspaldi deskubritu zuen Uriberen lana, izan ere bere kritika Uribek 2002an New Yorken eman zituen poesi irakurtaldiak ekartzen ditu gogora. Elizabeth Macklin itzultzaile alboan zuela, Uribek euskaraz irakurtzen zituen bere poemak, musikaz lagundurik. Flumek Uribek musikarrekin duen harremana azpimarratzen du: musika taldeentzako testuak idazten hasi zen Uribe, eta oraindik ere bere poemek kanten letren 'argitasun eta doinua' dute.

Kritika liburuaren alde berritzaileak azpimarratzen ditu, aien aukeraketari dagokionez adibidez (agerpen erotikoak, gerra eta gatazkaren isilpeko eragina...). Flumek gainera Uriberen poesiak ingelesera itzulita duen indarra aipatzen du. 'Uriberen liburuaren itzulpenek frogatzen dutenez, haren ahotsak mugak zeharkatzen ditu. Haren sorterriko xehetasunak erabiltzen ditu Euskal Herriaz haraindi doan ikuspegia osotzeko. Baliteke haren poemak hantxe errotuta egotea, baina mundura loratzen dira'.


Lotura interesgarriak

Kirmen Uriberi buruzko informazio gehiago
Literaturaren Zubitegian

Kirmen Uribek NYn aurkeztu zuen ingelesezko 'Biitartean...'
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 11an

'Leihoak zabaltzeko poesia'
Kirmen Uribe eta Elizabeth Macklin-i eginiko elkarrizketa


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia