Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kantuak, dantza eta rock-a uztartu ditu Bordeleko Euskal Etxeak 2012ko Musikaren Bestan

Kantuak, dantza eta rock-a uztartu ditu Bordeleko Euskal Etxeak 2012ko Musikaren Bestan

2012/07/02

Urtero bezala Bordeleko Euskal Etxeak egitarau zabalarekin ospatu zuen ekainaren 21ean Musikaren Besta. Ohi den legez, Place des Basques enparantza izan zen bestaren gunea eta arratsalde eta gauean zehar elkarteko kideak, euskaltzaleak eta musikazale asko bildu ziren bertara. Musika eta dantzarekin hasi zen jaia, Etxeko Soinuak eta Bildu taldeko dantzarien erakustaldiarekin. Jarraian kantuan eta dantzan aritu ziren Biltzarra taldea eta Etxekoak korua ere. Gauari bukaera emateko rock kontzertua eskaini zuen Holako taldeak.

Bordele, Frantzia. Bordelek Musikaren Besta ospatu zuen iragan ekainaren 21ean, frantses estatuko gainerako hiri gehienek bezala eta elkarte bordelesak ere kalera atera ziren hainbat ekitaldi eta ikuskizuna eskaintzeko. Horien artean izan zen Bordeleko Euskal Etxea eta urtero legez Place des Basques enparantzan musika, kantu eta dantza ikusgarria antolatu zuen. Bordelesen erantzuna oso ona izan zen eta euskal elkarteko presidente David Mugica pozik agertu da emaitzarekin: "denek erran zigutenez, oso gaualdi goxoa izan zen".

Ekitaldiei hasiera emanez, lehen ikuskizuna Bildu dantza taldeak eman zuen, Etxeko Soinuak euskal etxeko musika sailarekin batera. Ondoren Les Rugueux de Langon taldea aritu zen. "Ez dira batere euskaldunak, bainan errugbi mundukoak dira, hots besta, kantua maite dute ... eta euskal abesti batzuk badakizkite, eta ederki atera zen, jendeak txaloka", esan du Mugicak.

Jarraian euskal etxeko txikien txanda heldu zen eta Biltzarra haur dantza taldearen ikuskizunak txalo zaparrada jaso zuen. Ondotik, Etxekoak gizon koruak lau ahotseko kontzertua eman zuen, kalitate handikoa, lekukoen arabera. 

Bordeleko Musikaren Besta 2012 (3)

[Biltzarra dantza taldeko neska-mutikoak erakustaldia eskaintzen (argazkia BordeleEE)]

Lehen parte tradizional honen ostean gau partean Holako rock taldea igo zen taulagainera eta kontzertu bizia eskaini zuen. Giroa oso ona izan zen eta gazte asko bildu ziren Nafarroa Beheretik, Ainiza-Monjolose-tik, etorritako taldearen emanaldira.

"Horrelako gaualdiekin, euskal kultura ezagutarazteko asmoa daukagu, bizirik jarraitzen duen kultura bat, sustraiei atxikia baina modernitatean ibiltzen dena. Eta bereziki gazteei zabaldu nahi diegu, Euskal Etxearen etorkizuna gogoan atxikiz", bukatu du Bordeleko Eskualdunen Biltzarra elkarteko presidenteak.

Bordeleko Musikaren Besta 2012 (2)

 [Jendea gustura Place des Basques edo Euskaldunen Plazan egin ziren emanaldi eta kontzertuetan (argazkia BordeleEE)]

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita